Aitziber San Roman: “Donostia da zorroa betetzen duen bakarra”

Aitziber San Roman: “Donostia da zorroa betetzen duen bakarra”

M. Garate

Etxerik gabekoei laguntzeko “sekulako” ahalegina egiten ari direla azaldu du Aitziber San Roman (Donostia, 1962) Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak. Gipuzkoan, gaueko arreta zerbitzuan, 172 leku falta direla dio; konfinamendu garaian, Atano pilotalekuan artatu zituztenen erdiak inguru ere beste herri batzuetakoak direla azaldu du.

Bi aste pasatu dira Infernua hustu zutenetik. Zein da pertsona horien egoera gaur egun?

Atera zirenean, hogei pertsona zeudela jakinarazi ziguten. Hamabi lehendik ezagunak ziren gizarte larrialdietarako udal zerbitzuan, eta, orain, guztiak, hurrengo egunean beste zortzi joan zirelako. Horietatik bi aterpe batera bideratuko ditugu, bat beste herri batera, eta bestea Donostiako batera, nahiz eta Gipuzkoako beste udalerri batean dagoen erroldatuta.

Kaleratzeak inolako etxebizitza alternatibarik eskaini gabe egin izana egotzi dizuete gizarte erakundeek eta talde politikoek.

Donostia da oraintxe zorroa betetzen duen bakarra [Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren laguntza eta zerbitzuen zorroa]; Gipuzkoako beste herri bakar batek ere ez du betetzen. Lurralde osoan 172 leku falta dira gaueko arretan, eta 80 leku tutoretzapeko etxeetan. Donostiari dagozkion lekuak jartzeaz gain, donostiar guztien diruarekin beste 28 pertsonari ere ari gara diruz laguntzen, non lo egin eta zer jan izan dezaten. Hau da, guztira, 60 laguni ari gara kaletik ateratzeko laguntza ematen. Hori ez bada arreta ematea… Sekulako ahalegina ari gara egiten, eta jarraituko dugu. Badakigu Donostian nahiz beste herrietan jendea kalean dagoela. Galdera bada, %100entzat dituzue bitartekoak? Ez.

Zein baliabide jarri dituzue martxan martxotik?

Martxoan ez genuen zorroa betetzen: tutoretzapeko etxeak falta zitzaizkigun. Joan den legegintzaldian definitu genuen nolako pisuak nahi genituen: hiru lagunekoak, hezitzaile zerbitzuarekin eta inklusio ibilbideekin. Bi pisu genituen, eta lau gehiago jarri ditugu, baita larrialdietarako beste bat ere; guztira, hamasei leku gehiago. Konfinamendu garaian, Atano pilotalekua ere ireki genuen etxegabeentzat, eta, hasieran zentro handi bat zen arren, hiru egunera UBAko aterpetxera eraman genituen erdiak. Erdia inguru Gipuzkoako beste herrietatik etorri ziren, eta normala da, Donostian bakarrik zegoelako halako baliabide bat. Maiatzean egin genuen azterketa bat, irtenbide bat emateko zentroetan arreta eman zitzaienei, eta ikusi genuen %45 ez zeudela Donostian erroldatuta. Jaurlaritzaren Lehen Urratsa programaren barruan, Arrats elkarteak ere zortzi pisu jarri behar zituen. Ez ziren gai izan horiek lortzeko, ez merkatu publikoan, ez pribatuan, eta udalak ahalegina egin zuen lau pisu lagatzeko, alokairu batekin. Bestela, beste hamasei lagun egongo ziren kalean.

Infernuko egoerara itzulita, beste pare bat eraikinetan ere bizi da jendea oraindik. Donostiako Udalak gune horretan etxeak egiteko asmoa du. Zer gertatuko da haiekin?

Gune batean baino gehiagotan bizi da jendea Donostian. Kale hezitzaileek eta gizarte larrialdietarako udal zerbitzuek argazki zehatza daukate, eta ondo dakite non dagoen zein. Eta kale egoeran dauden gehienek ere badakite gu non gauden. Hori izaten da gure kezka, ea ezagutzen gaituzten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.