Euskaraldian, noka eta toka

Euskaraldian, noka eta toka

Beñat Alberdi

Hamaika egoera eta aukera berri eskaintzen ditu euskaraz jarduteko hamabost eguneko konpromisoak; baita ustez zaila ez den herrietan euskaraz aritzeko modu berriak ere. Erabileraz gain, erabiltzen den moldean jarri dute arreta Oiartzunen eta Bergaran: hitanoan. Hamabost egunez hikaren h-a gehituko diote txapari zenbait parte hartzailek.

Bi herrietan ohikoa izaten da lehen hitza euskaraz egitea, edo ohi baino ohikoagoa, behintzat. Baina horrek ez du esan nahi lanketarik edo errutina aldaketarik ez dutenik behar. Hala ere, bi herrietan igarrita zeukaten hitanoak beheranzko joera zeukala, eta, mantentzekotan, toka mantentzen zela gehienbat, mutilen artekoa.

Oiartzualdean piztu zen hitanoa suspertzeko txispa. Hasita zeukaten aurretiazko lana, ikastaroen bidez. Bi antolatu zituzten, eta hogeina pertsonak parte hartu zuten, emakumezkoak gehienak. “Ikusten genuen herrian badagoela interesa hitanoa suspertzeko”, azaldu du Aitzol Perez de San Romanek, Euskaraldiko Oiartzungo arduradunak. Arlo akademikotik praktikora eman nahi zuten pausoa, eta Euskaraldiak eskaini zien horretarako aukera. Ideia zabaltzea proposatu zuten, eta horrela heldu zen Debagoienera.

Bergaran aurretik ere landu izan dute hitanoa. Urtero antolatzen du Udal Euskaltegiak ikastaro bat, eta plaza guztiak betetzen dira. “Hitanoa ikasteko borondatea zeukan jende gaztea bazegoela ikusi genuen”, esan du Asier Kortabarriak, Bergarako arduradunak. Berez, beste herri batzuk ere batzekoak ziren, baina, egoera dela medio, nahiago izan dute aukera hori atzeratu.

Euskaraldiaren barnean Hikaldian izena emateko aukera eskaini, eta oso erantzun ona jaso zuten bi herrietan: 400 lagun ari dira parte hartzen Oiartzunen, eta 120 Bergaran.

Hitanoa erabiltzeko txispa

“Guretzat, gogoa duzula erakustea da gakoa”, adierazi du Perez de Romanek. “Pegatina jartzean esaten duzuna da nahiko zenukeela zuri hika hitz egitea edo dakizun hori erabiltzea”. Zentzu berean mintzatu da Kortabarria, Hikaldia molde hori erabiltzeko gonbidapen bat dela gaineratuz. “Konfiantza behar da hika erabiltzeko, eta pegatinak sortzen duen konplizitateak eman dezake konfiantza hori”.

Normalean erabiltzen ez den espazioetan sustatu nahi dute hika; entzun dadin, eta ez dakitenek ikasi eta dakitenek erabil dezaten. “Ikusi dugu jendeak badakiela hika, baina ez duela erabiltzen, edo gune jakin batzuetan bakarrik erabiltzen duela, familiarekin edo lagunekin”, argitu du oiartzuarrak.

Bi herrietan ikusmina sortu du erronkak. Bat baino gehiago saiatu da pegatina zeukan norbaitekin hitanoz aritzen, bere zailtasunekin, noski: “Belarriprest rola duen euskaldun berri baten moduan jardun dugu agian”, zehaztu du bergararrak. “Ni gelditu izan naiz aditza ondo pentsatzeko, edo hanka sartzea eginda ere, jabetu arren, segitu ere egin dut”.

Behin Hikaldia amaituta, galdetegia bidaliko diete parte hartzaileei. Ondorioak atera, hausnartu eta gero ikusiko dute aurrerantzean Euskaraldian txertatzeko moduko eredua den edo ez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.