Trekia Mamin Ali: “Harreman berriak sortzeko aukera eman dit Bizilagunak egitasmoak”

Trekia Mamin Ali: “Harreman berriak sortzeko aukera eman dit Bizilagunak egitasmoak”

K. Uribesalgo

Mendebaldeko Saharakoa da Trekia Mamin Ali (La Guera, 1973), eta 2015ean iritsi zen Hernanira. Urtebete geroago hasi zen Bizilagunak egitasmoan parte hartzen, eta ordutik ia urtero egin du bat egitasmoarekin.

Zer dela-eta erabaki zenuen Bizilagunak-en parte hartzea?

Jendea ezagutzea gustatzen zait. Azken finean, herritarrengana gerturatzeko modu bat dela iruditzen zait egitasmoa. Harreman berriak sortzeko aukera eman dit Bizilagunak egitasmoak.

Nola ezagutu zenuen proiektua?

Amher elkartearen bitartez jakin nuen martxan zegoela [kultur aniztasunerako elkartea].

Harremanik baduzu aurreko aldietan zuekin egon izan diren familiekin?

Lehen urteko familiakoak, esaterako, lagunak ditut. Oso ongi pasatu genuen, eta harremana daukagu. Ordutik, batera atera ohi gara kalera, eta kirola egiteko eta kafea hartzeko ere gelditzen gara. Horrez gain, arazoren bat daukadanean haiei kontatzen diet, eta haiek gauza bera egiten dute nirekin. Saiatzen naiz egitasmo honetan ezagututako jendearekin harremana mantentzen.

Aurten hartuko duzu parte?

Badaukat asmoa, eta iazko familiarekin egongo naizela uste dut, baina Internet bidez izan beharko du aurten. Kalean ikusten ditudanean gelditu ohi naiz haiekin, baina egia da zaila izaten dela elkartzeko tartetxo bat aurkitzea. Modu honetara, berriz izango dut aukera haiekin patxadaz egoteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.