Lantokian, ikasleak euskaraz

Lantokian, ikasleak euskaraz

Urko Etxebeste

Lanbide Heziketako lantokietako ohiko praktikak eta dualak euskaraz egin daitezke. Apurka, enpresen esparruan ere ari da euskara behar duen tokia irabazten; horren barruan, herrialdeko enpresetara lantokiko praktikak eta duala egitera joaten diren ikasleek aukera dute euren formazioan ikasi duten hizkuntza ereduan jarraitzeko. Zentzu horretan, Errenteriako Don Bosco LHIIk eta Pasaiako Blas de Lezo BHIk aitortza jaso dute: Euskaraz, talentua gara! egitasmoaren barruan, praktika onen bultzatzaile izendatu dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako eta Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako sailburuordetzek, Lanbide Heziketarako euskarazko baliabideez eta euskarazko lantokietako praktika dualez arduratzen den Laneki elkarteak, eta euskara nahiz berrikuntza sozialeko aholkulari den Emun kooperatibak elkarlanean abiatutako esperientzia da Euskaraz, talentua gara!. Gipuzkoako Lanbide Heziketako euskarazko praktika onak identifikatu eta zabaltzeko kanpaina da. Oiartzualdeko ereduaz gain, Gipuzkoako beste sei aitortu dituzte. Bideo bana egin dute bakoitzarekin, beste eskualdeetan antzeko egitasmoak martxan jar daitezen: erakundeetan, enpresetan eta ikastetxeetan erakutsiko dituzte ikus-entzunezkoak.

Olatz Imaz Lanekiko kudeatzaileak adierazi du ikasleek euren praktikak euskaraz egin ditzaten “derrigorrezko baldintza” dela harekin egongo den instruktorea euskalduna izatea; hau da, lanbidearen gaineko azalpenak euskaraz jaso behar ditu ikasleak. “Instruktorea euskalduna izanda, hala nahi duten enpresek euskararen presentzia indartzeko lanean sakontzen joateko aukera dute. Ziur gaude enpresetan euskara sartuta haien jarduna aberastu egiten dela. Hizkuntzei balioa ematea aberastasuna da enpresentzat, eta, gainera, ikasleak prest daude hizkuntza batean baino gehiagotan aritzeko. Horrek ere ateak zabalduko dizkie ikasleei”, esan du Imazek.

Lehen harrera, hizkuntza paisaia, edo lankideak euskaldunak izatea ere baloratzen dituzte egitasmoaren barruan, eta horiek aurrerago egin daitezkeen urratsak direla jakinarazi du Lanekiko kideak: “Urrats horiek egiteko laguntzak dituzte enpresek”. Imazek nabarmendu du elkarlana dela egitasmoaren funtsa, erakundeen, lantokien eta ikastetxeen artekoa.

Errenteriako Don Boscorena da lantokian egin beharreko praktikak eta dualak —ikastetxeko eskolak eta enpresetako praktikak uztartzen dituen ikasketa sistema— euskaraz egiteko aitzindaritza. Bertako ikasleek hamarkada bat daramate lantokiko formazioa euskaraz jasotzen; Oarsoaldea Garapen Agentziako Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin abiatu zuten egitasmoa. Don Boscoko lanbide prestaketarako koordinatzaile Andres Monrealek adierazi du enpresen eta tailerren eskaeratik, nahiz ikastetxeko ikasleen interesetik abiatuta garatu zela lan praktikak euskaraz egin ahal izateko egitasmoa.

Euskara, tokia egiten

“Hasieran ez zeuden instruktore euskaldun asko enpresetan. Baina, denborarekin, ikasle euskaldunen eskaera handitzen joan zen. Beharbada, enpresen barruko idatzizko agirietan euskararen presentzia ez zen nabarmena, baina komunikazio zuzena euskarazkoa izan zedin mugitzen hasi ziren behintzat”, adierazi du Monrealek.

Lanbide praktikak eta duala euskaraz egitea ikasleentzat onuragarri dela uste du Don Boscoko ordezkariak: “Ikasketak euskaraz egiten dituztenen interesa da lan munduko praktikak ere euskaraz egitea. Argi dago enpresak zabaltzen ari direla, eta eleaniztasunaren aldeko apustua egiten ari direla mundu mailako negozioak dituztelako”. Baina, Monrealen hitzetan, enpresa horiek etxeko hizkuntza ere baloratzen dute. “Balio erantsia da euskaraz jakitea, bezeroekin harremana egin behar denean, batik bat. Enpresa txikiek handiek baino erraztasun handiagoa dute euren hizkuntza paisaia euskarazkoa izan dadin”.

Itsasoari lotutako lanbideetan trebatzen dira ikasleak Pasaiako Blas de Lezo BHIn. “Euskalduntze prozesu batean murgilduta dago gure ikastetxea, Ulibarri programaren bitartez. Urte dezente da Pasaiako Udaleko nahiz eskualdeko euskara teknikariekin elkarlanean hasi ginela”, esan du Gema Ces Blas de Lezo BHIko irakasle eta zentroko euskara batzordearen arduradunak. “Ulertzen dugu gure zentroa berezia dela, kanpoko jende asko dugulako beti. Hori kontuan izanik, ikasle euskaldunei erantzun bat eman behar genien gure hizkuntza lan praktiketan ere sustatuz”.

Ikastetxearentzat, ikasleentzat eta enpresentzat lan praktikak eta dualak euskaraz egitea interesgarria dela uste du Cesek: “Enpresentzat balio erantsia da euskaraz aritzea eta hizkuntza sustatzea. Euskara sozializatzeko interesgarria da euskaraz aritzeko aukera ikastetxeetatik harago luzatzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.