“Betirako begiak itxi arte lehiakor izaten jarraituko dut”

“Betirako begiak itxi arte lehiakor izaten jarraituko dut”

Imanol Garcia Landa

Jaiotzez aiarra, Nerea Amilibia (1971) Zizurkilen bizi izan zen 29 urtez, eta azken bost urteotan Zarautz du bizileku. Hogei urte daramatza mendian lasterka eginez, eta, oraingoz, ez du gelditzeko batere asmorik.

Nola hasi zinen mendian korrika?

Zarauzko lagun batzuekin hasi nintzen, orain hogei bat urte. Haiek beti mendi aldera joaten ziren, eta ni behean geratzen nintzen. Ni mendira ez nintzela joango esaten nuen, baina, azkenean, bakarrik aspertzen hasi nintzen, eta pixkanaka beraiekin joatea erabaki nuen. Lehian hasi nintzen gero, eta oso gustura nabil.

Mendira joatea gustatzen zitzaizun, baina ez korrika egiteko.

Pentsatzen nuen oso gogorra izango zela, baina justu kontrakoa da. Asfaltoa ere probatu dut, eta ez naiz esprint indartsukoa, diesela naiz, korrika orduak eta orduak egiten dituena. Uste dut gehiago sufritzen dela asfaltoko lasterketa batean mendiko batean baino; oraintxe oinez zoaz, oraintxe korrika, alor asko pasatzen dituzu mendi lasterketa batean. Pixkanaka hasi nintzen, gustatu egin zitzaidan, eta gaur arte. Hogei urte pasatu dira, eta hemen jarraitzen dugu oraindik.

Aurretik kirolik egiten al zenuen?

Ez. Alaba izan nuen eta asko gizendu nintzen. Orain baino 20 kilo gehiago pisatzen nuen, 70 kilo izateraino, eta neure buruari esaten nion zerbait egin beharra neukala. Horrela hasi nintzen, oso pixkanaka. Hastea izaten da zailena; gero ikusiko dugu noiz geratzen garen. Gorputzak agintzen du, eta ahal dudan arte jarraituko dut.

Datorren urtean, 50 urte beteko dituzu, baina ez diozu eperik jartzen zeure buruari, ezta?

Daukadan adinerako, oso indartsu sentitzen naiz oraindik, oso indartsu ikusten dut neure gorputza, eta ahal dudan arte segitzeko asmoa dut. Lasterketa luzeetara pasatzen dira batzuk, baina nik ez daukat horretarako asmorik. Maratoia izaten da nire probarik luzeena, eta uste dut distantzia hori niretzako ederra dela. Oso pozik nabil horrela. Loteria eskatzen dugu, baina osasuna baino loteria handiagorik ez dago.

Zer du mendiak zu horrela harrapatzeko?

Zoragarria da. Sufritu egiten da, baina ez da asfaltoan bezalako sufrimendua. Gutxiago sufritzen da mendian; lehen esan bezala, korrika zoaz oraintxe, oinez oraintxe, eta errekuperatzeko aukera gehiago ematen du horrek. Nire ustez, asfaltoak ez du errekuperatzeko denborarik ematen.

Inguru aproposak dituzu mendian korrika egiteko?

Toki zoragarriak dauzkagu hemen: Zumaia aldera, Getaria aldera, Pagoeta aldera ere bai… Hemen edozein mendi koskorrek oso ibilbide politak ditu. Oso gustura nago hemengo parajeekin.

Euskal Herrian ez dago sekulako mendi alturik, baina aldapak bai, nahi adina.

Erritmo onean ibiltzen bazara, ederki berotuko zara hemengo mendiak igotzen ere.

Nola moldatzen zara entrenatzeko? Azken finean, zuretzat afizioa da mendi lasterketena.

Neure kasa moldatzen naiz; sekula ez dut entrenatzailerik izan. Batek esaten dizu gaur serieak egin behar direla, besteak serie motzak egin behar direla… Ia egunero entrenatzen naiz. Jai egiten badut, miraria izaten da; agian, egun gehiago egin beharko nituzke jai, baina ondo sentitzen naiz, indartsu ikusten dut neure burua, eta ondo erantzuten dit gorputzak. Horregatik esaten diot neure buruari ahal dudanera arte jarraituko dudala.

Nolakoa izaten da zure asteko errutina?

Mendi aldera joaten naiz normalean; asteburuetan bai, behintzat. Tarteka, oso goiz entrenatzen dudanez eta ilun egoten denez, behean geratzen naiz. Baina argitzen duenean, Urteta aldera-edo joaten naiz, beti goraka. Aurten, gainera, arrazoi gehiagorekin, musukoa ez erabiltzearren.

Beste kirolen bat egiten al duzu?

Lehen, aldiro-aldiro, spinning-a egiten nuen, bizikleta pixka bat. Etxean badaukat bat, baina eguraldi onarekin oso gutxitan geratzen naiz etxe barruan, kanpora joaten naiz haizea hartzera. Nire giharrentzako, agian, hobea da bizikleta gehiagotan egitea, baina ez dut inongo minik, eta horrela jarraituko dut ahal dudan arte.

Nola daramazu aurtengo denboraldia?

Hasieran, gaizki. Hiru hilabetez egon ginen etxean sartuta, eta bizikleta egiten nuen, baina oso gaizki pasatu nuen etxe barruan sartuta. Aurten hori tokatu da. Ia ez dut lasterketarik egin, bi edo hiru bakarrik, eta oso urte arraroa izaten ari da. Lasterketak ere oso desberdinak izan dira, jende asko ezin delako joan. Oso ondo antolatu dituzte, distantziak, taldeak eta gainerakoak errespetatuta, baina oso arraroa izaten ari da dena, eta ea normaltasunera itzultzen garen.

Zer probatan parte hartu duzu aurten?

Konfinamendua eta gero, Sorginen Lasterketan hartu nuen parte (Atxondo, Bizkaia), eta Ordiziako Mendiko Maratoi Erdian gero. Sorginen Lasterketan bederatzigarren egin nuen; jende gazte asko azaldu zen, nirea egitera joan nintzen, eta oso gustura geratu nintzen egindako denborarekin. Oso lasterketa gogorra izan zen; ibilbidea aldatu egin zuten, Anbotora igo beharra zegoen, eta zoragarriak ziren parajeak. Podiumean sartu edo ez, gustura gelditzen naiz ni, beti borrokan ibiltzen naizelako. Ordizian, berriz, hirugarren egin nuen. Gazte batzuk badabiltza orain, eta ni nire adinarekin podiumean sartzen banaiz, eurekin borrokan, oso gustura sentitzen naiz.

Beteranoen mailan aurreneko postuetan izango zara beti…

Maila horretan nahiko ondo ibiltzen naiz oraindik ere. Egia esan, hori ere ez zait inporta, gustatzen zait. Parte hartzea da nire ilusioa. Hamargarren egiten badut, bada, hamargarren. Adinak ere zer edo zer esan nahi du, eta beti ezin da irabazi. Askotan irabazi dut, eta orain jakin egin behar da helmugara beste postu batzuetan iristen. Utzi, inori ez diot uzten, baina egindako postuarekin oso konforme geratzen naiz beti.

Lehiakorra izaten jarraitzen duzu, beraz.

Betirako begiak itxi arte hala izango da hori. Aurreko urtean ia beti podiumean izaten nintzen. Zaila da gazte horiei irabaztea, baina bakarren bati, oraindik ere, sustoren bat ematen diot. Lasterketetan aurretik baten bat ikusten badut, neure buruari ere gehiago eskatzen diot.

Zer esaten dizute lasterkari gazteagoek?

Batek galdetu zidan ea ez al nintzen aspertzen beti irabazita, ea noiz erretiratu behar nuen. 85 urterekin erretiratuko nintzela erantzun nion, askotan ikusi beharko ninduela oraindik [barrez].

Nola irudikatzen duzu datorren urtea? Zer helburu dituzu?

Momentuz, ez dut helbururik, ez dakidalako nolakoa izango den. Normalean, urtarrilean eta otsailean hasten naiz lasterketetan, pixkanaka. Uda aldera iristen naiz nire sasoi punturik onenera; nire adina kontuan hartuta, oso ondo ibiltzen naiz maiatz-ekainean hasi eta urrira arte. Lasterketa bat egin ohi dut ia asteburuero, baina ez dakit 2021a nolako urtea izango den. Pena daukat aurten, ia lasterketarik ez delako izan. Egoera horretan ere joaten zara entrenatzera, baina ez da gauza bera. Bestalde, Sestao Alpino taldean nabil, eta horiek behartzen zaituzte, normalean, Espainiako Kopako lasterketaren batean parte hartzera. Gainontzean, nahi ditudanak egiten ditut.

Baduzu bereziki gustuko duzun probaren bat?

Lasterketa asko daude hemen, eta zaila da bakarra esatea, mundialak direlako denak. Baina Euskal Selekzioarekin joan nintzen bat ez zait ahaztu oraindik. Munduko Kopan parte hartu nuen, eta han joan nintzen Italiara, Suitzara… Sei edo zazpi proba izaten ziren, eta puntuak pilatuz joaten ginen. Azkena Malaysian izan zen, eta hara joan nahi nuen nik. Bertara joateko podiumean sartu beharra neukala esan zidaten. Hirugarren nindoan sailkapenean, baina dirurik ez zegoela esan zidaten. Podiumean egonez gero eramango nindutela esan zidatela erantzun nien nik, eta oso ondo portatu ziren; azkenean, hiru korrikalari joan ginen Malaysiara. Kinabalu mendia igo genuen, 4.000 metro baino gehiagokoa. Altuera horretara igotzeko nola entrenatzen nintzen galdetzen zidaten hemen, eta Herniora bizpahiru joan-etorri egiten nituela erantzuten nien [barrez]. Hori izan zen nire erronkarik handiena, eta lortu nuen. Ehun emakumek parte hartu genuen, eta zazpigarren amaitu nuen; Munduko Kopako azken sailkapenean, berriz, laugarren amaitu nuen.

Euskal Herriko lasterketa bereziren bat aipatzeko eskatuz gero?

Orain urte batzuk egin nuen Hiru Handiak lasterketa. Betidanik esaten nuen ehun kilometroko proba batean parte hartu behar nuela, bukatzeko gauza ote nintzen ikusteko, eta oso ondo bukatu nuen: 2.400 lagunek parte hartu genuen, eta 14. postuan bukatu nuen sailkapen nagusian; emakumezkoen sailkapenean, berriz, bigarren amaitu nuen, 13 ordu eta 40 minuturekin. Oso gustura bukatu nuen, baina oso gogorra izan zen. Horregatik esaten dut behin horrelako lasterketa luzeak probatuta, momentuz ez dudala horietara pausorik emango. Nahiago ditut motzagoak.

Dena den, urteak igaro ahala, korrikalariek gero eta mendi lasterketa luzeagoetan parte hartzen dute normalean.

Gorputzari astindu handia ematen zaiola ikusi nuen nik, eta nahiago ditut maratoiak eta maratoi erdiak; distantzia horiek ondo maneiatzen ditut, eta nahikoa da. Urteren batean, distantzia luzeagokoren bat egingo dut, agian, baina bakarren bat izango da.

Azken urteotan asko hazi da mendi lasterketen mundua. Nola ikusten duzu egungo egoera?

Mendi lasterketa pila bat dago, baina baita horietan parte hartzen duen jende asko ere. Antolakuntza ere mundiala izaten da. Gaur egungo egoerarekin, ordea, ez dakit nola hasiko garen berriz ere.

Gero eta emakume gehiago ari al da parte hartzen?

Ezetz uste dut. Lasterketetan ez dut ikusten emakume asko. Gazte bat edo beste bai, baina lasterketa bat egiten dute, agian, eta urte guztian ez da berriz agertzen gero. Korrika egiten dute, agian, baina lehiatu ez hainbeste. Batek baino gehiagok esan izan dit ez zaiola gustatzen lehiatzea. Etortzeko esaten diet, gutxi izaten garelako, baina ez dira ausartzen, edo…; baina Euskal Herrian maila ona daukagula esango nuke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.