Bueltan da sexologia zerbitzua Arrasaten

Bueltan da sexologia zerbitzua Arrasaten

Beñat Alberdi

Mende laurdeneko lanak badu bere pisua, baina Arrasateko Xelebreak elkarteak ohiko jardunari buelta erdi bat eman nahi dio orain. Sexologia zerbitzuak orain arte eskaintzen zuena eskainiko du aurrerantzean ere, baina jarduna bulegotik ateratzeko asmoa dauka orain. Urtebeteko atsedenaren ondoren, beraz, eraldatuta itzuli da Arrasateko sexologia zerbitzua.

“Sexuaz umore tonuan hitz egiten da beti, broma giroan”, azaldu du Aritz Resinesek, Xelebreak elkarteko kideak. Kontua ez da gaiari seriotasuna kendu nahi izaten zaiola bakarrik; bulegora bertaratzeak gizartean badauka estigma bat. “Inork ez du nahi sexologia zerbitzuan sartzen ikus dezaten”, esan du sexologoak. “Txantxa asko egingo dizkiote, bestela; ‘ez al duzu funtzionatzen?’, eta horrelakoak”.

Aurrez aurreko kontsultak egiteko zailtasunaren adibide argia da telefonoz jasotzen duten eskaera kopuru altua. Horren jakitun, eta belaunaldi berriengana gerturatzeko asmoz, Whatsapp zerbitzua ere zabaldu berri dute. Orain artean ez zeukan presentziarik sare sozialetan, baina apustu hori ere egin dute. Teknologia berriek eskaintzen duten testuinguru berrian komunikaziorako beste kanal bat zabaltzea da kontua.

Tabuak gainditzen lagundu nahi du Arrasateko sexologia zerbitzuak, baina Garibai Etxeko bulegoko ordutegia bere horretan mantenduko dute aurrerantzean ere: astelehenetan, 10:00etatik 13:00etara, eta ostegunetan, 16:00etatik 19:00etara. Euren jarduna ez dute horretara mugatuko, ordea. Besteren artean, tailerrak antolatuko dituzte herriko hainbat eragilerekin batera, eta adinekoekin ere landu nahi dituzte sexualitatearekin lotura daukaten gaiak.

Definizioarekin bueltaka

“Askotan galdetzen dugu: zer da sexua?”, hasi du azalpena Resinesek. “Eta, ‘ba, hori’ erantzuten digute”. Zakila edo alua esateko erabiltzen diren eufemismoak jarri ditu mahai gainean sexologoak, eta sexua terminoa bera, askotan, penetraziora mugatzen duela gizarteak. “Hau da, muxuak indartsu edo gogor ematea ez da sexu gisa hartzen”. Resinesek “lanketa faltari” leporatu dio gaiari buruz hitz egiteko zailtasuna, “ezjakintasunari eta esperientzia ezari”.

Adituaren hitzetan, “kontzeptu zabala” da sexualitatearena, eta sexua bere baitan barne biltzen du, azken batean. “Sexualitatea gure sexu izaera adierazteko modua da; hau da, gure maskulinitatea edo feminitatea”. Hori da Xelebreak elkarteko kidearen azalpen zehatza. Resinesek berak gaineratu du nortasunarekin “lotura zuzena” daukala norberaren sexualitateak, “horren arabera aldatuko delako jakinarazteko modua”.

Horrez gain, harreman afektiboak ere sartuko dituzte sexu heziketan. Resinesek zehaztu du sexologoek ez lioketela afektibo etiketa gehituko hezkuntza horri, jakin badakitelako biak sexualitatearen parte direla, baina ustezko banaketa hori apurtu behar dela uste du adituak. “Jendeak uste du sexua mekanika dela. Ea nondik sartzen duzun edo dizuten. Baina garrantzitsua da nola sentitzen garen jakitea ere”.

Sexologia zerbitzuaren eskaintza berrituaren artean kultur artekotasuna da beste bat. Egungo gizartea bilakaera bat edukitzen ari da kultur jatorriak aintzat hartuta, eta errealitate horretara ere egokitu dute zerbitzua. Resinesek zehaztu du Mendebaldeko kulturakoak izanik, zenbait aurreiritzi sortzen direla gehienetan. “Beste hainbat kultura baino hobeto gaudela uste izaten dugu, eta hemen ez daukagula zer landurik”. Klitoria jarri du adibide uste hori ezeztatzeko. “Izan ere, Mendebaldeko kulturan emakumeei ez zaie mozten klitoria, baina liburuetan ez da ageri”. Ikuspuntu hori aldatzeko, beste kulturen ikuspuntua ere aztertuko dute, eurekin ikasteko.

Aurreko jabeek arazoak izan zituzten zerbitzuari eusteko, baina indarberrituta iritsi da Arrasateko sexologia zerbitzua. Ilusio berriekin, pixkanaka-pixkanaka ari dira egoera berrira egokitzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.