‘Hondakin’ hitza baztertuta

‘Hondakin’ hitza baztertuta

Unai Zubeldia

Sormena eta objektu berrerabilien ikerketa. Hori da Birsortu proiektuaren oinarria. “Proiektu kultural, hezitzaile eta jasangarria da”, zehaztu du Sheyla Padronesek, Emaus gizarte fundazioko Hezkuntza Eraldatzaile, Intzidentzia eta Komunikazio taldeko hezkuntza teknikariak. “Hainbat enpresak baztertutako materiala jasotzen dugu guk, eta eskolen esku uzten, haurrek eta gazteek esperimentazioaren bidez ikas dezaten”. Padronesen hitzetan, “beste eredu pedagogiko bat sustatzea” da proiektuaren helburuetako bat. “Eta baztertutako material horri bizitza luzatzea ere bai”. Funtsean, hezkuntza eredu desberdin bat —”manipulazioaren, ukimenaren eta sormenaren bidez ikasten da”—, eta ekonomia zirkularra.

Hik Hasi euskal heziketarako egitasmo pedagogikoak eta Emaus gizarte fundazioak elkarlanean sortutako proiektua da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritzarekin lankidetzan gauzatutakoa. Birsortu Donostialdea joan den astean hasi zen lehen pausoak ematen, Arrasaten urtebete lehenago martxan jarritako proiektua ispilu gisa hartuta. “2018-2019ko ikasturtean proba bat egin genuen Haur eta Lehen Hezkuntzan, hamabi enpresa eta hamahiru ikastetxerekin”, hasi du azalpena hezkuntza teknikariak. “Eta, izan zuen harrera ikusita, 2019-2020ko ikasturtean Birsortuk biltegi bat ireki zuen Arrasateko Emausen Ekocenten gunean. Debagoieneko hezkuntza komunitateari zerbitzua ematea zen lehen ekimen horren helburua, eta berehala animatu ziren eskualdeko bizpahiru eskola”.

Haur eta Lehen Hezkuntzan bakarrik ez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan ere proiektua “oso baliagarria” izan daitekeela sinetsita dago Padrones. “Askotariko materiala daukagu adin guztietako haur eta gazteekin lan egiteko”.

COVID-19aren pandemiak nabarmen eragin dio proiektuari. “Tailerren kudeaketari, batez ere”. Padronesek azaldu du eskoletako irakasleentzako tailerrak zeuzkatela antolatuta, ikasleekin material bakoitza nola landu dezaketen irakasteko. “Gutxi-asko, denok dakigu plastikozko botila batekin zer egin daitekeen, baina irudimena behar da beste material batzuekin, eta ez da erraza izaten”. Gabiltza Gipuzkoako artisauen elkartearekin lotuta zeuzkaten tailer gehienak, baina bertan behera utzi behar izan dituzte. “Nola egin ditzakegun aztertzen ari gara, nahiz eta badakigun ez dela gauza bera tailerrak bertatik bertara egitea edo Internet bidez egitea”.

Eskolen egunerokoari ere eragin dio koronabirusak, “gero eta material gutxiago dutelako partekatzeko. Baina, aldi berean, badakite gurea oso aukera polita dela gauzak beste modu batera irakasteko. Interes handia daukate eskolek, baina nola funtziona dezakegun aztertzen ari gara”.

Funtzionamendu horretan, Emausek aspalditik dauka sortuta sare zabal bat hainbat enpresarekin. “Berrogei urtean dihardu enpresen soberakinei etekina ateratzen, eta horrek lagundu egin du proiektu honetan ere, sare hori egina dagoelako”, zehaztu du hezkuntza teknikariak. “Hori bai, ateak zabalik dauzkagu proiektuarekin bat egin nahi duen edozein enpresarentzat”. Interesa duten enpresek eskura daukate www.birsortu.eus webgunea.

Materiala, asteazkenetan

Orain arte proiektuarekin bat egin duten enpresen artean daude, besteak beste, Adegi, Donostia Turismoa, Garbera, Irizar, Merkabugati, Orona eta Ternua. “Hogei bat enpresa dira guztira”. Hezkuntza komunitatearekin, berriz, Hik Hasiren bidez jarri dira harremanetan. “Arrasateko biltegia Debagoieneko hezkuntza komunitatera mugatzen ari gara, oraingoz, eta Donostiakoa Donostia-Beterri aldera, baina gustatuko litzaiguke proiektua Gipuzkoa eta Euskal Herri guztira zabaltzea”.

Oihalak, elastikoak, botoiak, ordenagailuen teklatuak, lurreko baldosatxo edo mosaikoak, kortxoak, autobusen argiak, metalak, plastikoak, egurra, zuntzak… “Arriskutsua edo toxikoa den materiala salbu, gainerakoa jaso, aztertu eta beste era batean erabiltzen saiatzen gara”, azaldu du Padronesek. Adibide praktiko bat ere jarri du Emauseko kideak: “Lazkaoko Ezarri enpresak kaxetan ematen dizkigu koloretako mosaiko txiki hauek [igerilekuen azpialdean egoten direnen gisakoak], oso erraz askatzen da pieza bakoitza, eta multzoka sailkatzeko, edo psikomotrizitatea eta matematika lantzeko balio dezake, adibidez”.

Enpresak mutur batean eta eskolak bestean; bitartekari lanetan, berriz, Emaus fundazioa. “Materialen bat nahi duten eskolek gurekin jarri beharko dute harremanetan”, esan du hezkuntza teknikariak. Zehazki, s.padrones@emaus.com helbidera idatzi behar da mezua. “Eta interesa daukaten eskolek asteazken arratsaldez jaso ahal izango dute materiala, Donostian edo Arrasaten, nahi adina”.

Etorkizunerako lanketa

Eredu pedagogikoa aldatzeaz eta ekonomia zirkularreko prozesuak martxan jartzeaz gain, Padronesen esanetan, beste helburu bat ere badauka Birsortuk. “Kontzientzia piztea”. Izan ere, eskoletara iritsiko da Emaus fundazioan daukaten material guztia. “Eta haurrek bertatik bertara ikusi ahal izango dute zer-nolako materiala botatzen ari garen, egunero, zaborretara. Gaur egungo haurrek osatuko dute etorkizuneko gizartea, eta, haien kontzientzia piztuta, etorkizunerako nolabaiteko lanketa bat egiten ari gara”. Emauseko kideak badaki horrelako proiektu txiki batekin ez dela konponduko gaur egun hondakinen kudeaketarekin dagoen arazoa. “Baina balioko du errealitatea zein den ikusteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.