Ihoteek markatutako kartak

Oiartzungo ihoteak ardatz dituen karta jokoa sortu dute. Jolaserako aukera emateaz gain, kultur ondarearen transmisioa bermatzeko tresna izatea nahi dute proiektuaren sortzaileek.

Erik Gartzia Egaña

Kultur transmisioa berma dadin saiatzeko bide asko har daitezke. Oiartzunen, adibidez, ihoteen historia eta kultur ondarea karta joko baten bidez dibulgatuko dute. Oiartzungo inauteriak dira ihoteak, eta, beste gauza askorekin gertatu bezala, konfinamendu garaian piztu zen haien berri hobeto zabaltzeko ideia.

Nekane Martiarena Oiartzungo Abaraxka ludotekako kideak gogoratu duenez, “sortze prozesu ikaragarri batean” aritu ziren bi hilabete haietan. “Loraldia izan dugu ludotekan, eta bideo, jolas eta material pila bat sortu dugu. Ihoteen karta jokoarena ere orduan sortu zen, apirilaren erdialdean”. Ideia hori, pixkanaka, forma hartzen hasi zen, eta Eneko Salaberria Dixidu diseinu grafikoko estudioko kideari hots egin zion Martiarenak, proposamena eginez. “Konfinamenduan denoi sortzaile sena atera zaigu; orain arte ezer asmatu gabe zegoenak ere asmatu du, eta egunerokoan asmatzen ari garenok gehiago egin behar izan dugu”, adierazi du Salaberriak. Nora Velez del Burgoren laguntzarekin, Oiartzungo ihotik karta jokoa diseinatzen hasi ziren, patxadaz, zahar eta gazteei iritsarazteko, Oiartzungoak zein Euskal Herriko gainontzeko txokoetakoak, jolasari ez baitiote jarriko konfinamendu perimetralik. “Ezinezkoa da horrelako proiektu bat aste batean egitea. Eta ez genuen erdipurdiko zerbait egin nahi, gauza txukun bat baizik”, azaldu du Salaberriak berak. Data zehatzik jarri gabe, Gabonen bueltan argitaratzea hobetsi zuten.

Karta jokoa izateaz gain, argi zuten ihoteen historia kontatuko duen euskarri batekin osatu behar zutela sorta. Martiarenak azaldu du horregatik erabaki zutela liburuxka bat sartzea: “Erabaki genuen ihoteen historia guztiak joan behar zuela hor, eta festa hori sortu zutenekin elkartu ginen, hasierako kontuak errepasatu eta datuak biltzeko. Ahalik eta dokumenturik osatuena izan zedin nahi genuen, hori zen gakoa”. Dokumentazio lanari beste hainbat osagai erantsi dizkiote egileek: “Mimoak eta goxotasuna. Eta, horrez gain, oso zaindua dago egin dugun lan guztia”.

Egileek adierazi dutenez, eurak oiartzuarrak direlako aukeratu dute Oiartzungo ohitura bat, baina Euskal Herriko ondareari beren ekarpena egin nahi diote karta jokoarekin. Hala azaldu du Salaberriak: “Gainerako udalerrietako kontuak dakizkigun bezala, honen berri eman nahi dugu guk. Adibidez, Zubietako [Nafarroa] iñotietara joaten gara, edo Zuberoako maskaradetara, edo Lekeitioko [Bizkaia] Antzara Egunera. Azken batean, modu batera edo bestera jaso ditugu jai horiek, eta modu polit hau bururatu zaigu gure ihoteak ezagutarazteko”.

Sorta 56 kartak osatzen dute. Oiartzungo auzo bakoitzak —zortzi dira— sei karta ditu: bere basandrea, intxixua, zomorroa, sorgina, diru eskeko figura, auzoko erreferentziazko txokoa… 48 horiei beste zortzi karta berezi batzen zaizkie: Zomorrozinkoa, Ote-gizona, festa hasierako sua eta Suzko Akerra; pertsonaia eta egoera bakoitzaren bina karta. Auzo bakoitzak bere kolorea du, eta urdinak dira karta bereziak, hori baita Oiartzunen kolore ofiziala. Guztia noranahi eramateko kutxa bat ere sortu dute, tapa gogorrarekin.

Ilustrazioaren garrantzia

Iosu Mitxelenak egin ditu ilustrazioak. “Ilustratzaile asko ditugu Oiartzunen, eta oso onak, gainera, baina pentsatu genuen Mitxelenaren marrazteko modua egokia zela lan honetarako; emaitzan argi gelditu da hori. Pertsonaia guztiak zehatz-mehatz ilustratu ditu, diren bezalakoak”, azaldu du Salaberriak. Ilustrazio horietan oiartzuarren aniztasuna islatu nahi izan du egileak, oreka bilatuta: amona, azal beltzarana daukan neska, poxpolin jantzitako mutikoa… Ihoteak nolakoak diren “ahalik eta modurik osatuenean” islatzen dute kartek, egileen arabera. Horrez gain, Ion Zabaleku Zapo oiartzuarrari, ihoteetan modu aktiboan parte hartu zuen herritarrari, keinua egin diote: “Duela urte eta erdi hil zen. Iturriozko intxixu gisa ateratzen zen beti, eta irudi hori erabili dugu azala ilustratzeko”, nabarmendu du Salaberriak.

OIARTZUNGO IHOTIK KARTA JOLASA

Kartekin jolasteko modu bat baino gehiago egongo da aukeran. Sortzaileek hiru jokamolde jaso dituzte liburuxkan: familiak osatzekoa, bikoteak egitekoa, eta kaletarrak eta basandreak elkartzekoa. Hala ere, jokoa ez dute horretara mugatu nahi, eta jolaskideen eskuetan utziko dute zertan aritu, sormenari leku egiteko. Jolasak jolas, kultur transmisioa egitea dute helburu, euskaraz.

Herriko bi ikastetxeetan beso zabalik jaso dute karta jokoa, eta kanpoko eskariak ere jaso dituzte. Izan ere, kartetan aritzea gustuko dutenentzako ere badela ziurtatu du Martiarenak: “Batzuek ez dute erosi haurrekin jolasteko, herriko kulturaren parte dela uste dutelako baizik”.