“Bikote musikal gisa ezagut gaitzaten nahi dugu”

“Bikote musikal gisa ezagut gaitzaten nahi dugu”

Alaine Aranburu

Martxoan Errenteriako Madalenaren basilikan aurkeztu behar zuten Maider Ronquete soprano errenteriarrak (1984) eta Franco Cavalleri piano jotzaile uruguaitarrak (Montevideo, 1993) musika klasikoa eta euskal musika herrikoia uztartzen dituen proiektua. Baina itxialdian moldaketak egin zizkioten lan horri, eta beste proiektu bat sortu zuten: Amilamia. Pixkanaka, bidea egiten ari dira biak musika klasikoaren munduan, eta elkarlana hautatu dute horretarako. Koronabirusak eragindako itxialdiak ez ditu gelditu, eta orain ari dira jasotzen emaitzak. Egiten dutena zabalduta, ekarpena egin nahi diote Gipuzkoako kulturari.

Zer proiektutan zabiltzate murgilduta orain?

FRANCO CAVALLERI: Galdera zaila da erantzuteko. Izan ere, aurten proiektu asko airean geratu dira, eta beste batzuk, zorionez, egin ahal izan ditugu. Pianista, kontzertista eta laguntzaile profesionala naizenez, biolinista batekin errepertorio bat prestatzeko aukera eduki dut, nahiz eta, azkenean, ezin izan dugun gauzatu, COVID-19a dela eta. Aldiz, pianista naizen heinean, errepertorioa prestatu dut, eta bere fruituak eman ditu. Beraz, pianista bakarlari gisa garatzeko eta Maiderrekin bikote musikala indartzeko baliatu ditut azken hilabeteak.

MAIDER RONQUETE: Martxoan ginen egitekoak musika bikote bezala landu dugun proiektuaren aurkezpena, baina bertan behera geratu zen dena, konfinamendu aginduagatik. Egitasmoarekin aurrera egiteko asmoz gaude oraindik, nahiz eta ez dakigun noiz aurkeztuko dugun. Errenteriako Madalenaren basilikan izango da, baina, osasun neurriak direla-eta ez dakigu noiz aurkeztuko dugun. Bikote musikalari dagokionez, horixe da buruan duguna. Berriz, joan den ostegunean aurkeztu genuen proiektuari dagokionez [Amilamia], ahalik eta probetxu gehien atera nahi diogu, lan asko egin baitugu. Beste esparru artistikoetako artisten kolaborazio ugari ditu proiektu horrek, eta horregatik atera nahi diogu ahalik eta etekinik handiena, sortuta dagoelako proiektua. Oraingoz, herri mugakideetan bada ere, lan horren bidez bikote musikal gisa ezagut gaitzaten nahi dugu.

Osasun neurriengatik, bikote bezala bai, baina taldeka entseguak egitea ezinezkoa da. Nola moldatu zarete?

RONQUETE: Elkarrekin bizi izan garenez eta instrumentua etxean izan dugunez, gure artean entseatzeko aukera eduki dugu. Izan ere, musika eskolak itxita daude, eta koruen egoitzak beste leku batzuetara mugitu behar izan dira; elizetara, adibidez. Beraz, guk bikote musikala lantzeko zortea izan dugu, elkarrekin bizi izan garelako. Egia da pertsona gehiagorekin lan egiteko beharra izan dugula, eta momentu horietan asko pentsatu behar izan dugula nola moldatu.

CAVALLERI: Itxialdiari esker, denbora asko pasatu dugu elkarrekin, eta egoerak eraginda moldatu dugu proiektua. Oraindik martxan jarraitzen du martxorako izan behar zuen proiektuak. Bi atal ditu lan horrek: errezital klasikoa, alde batetik, eta zati herrikoiagoa, beste alde batetik. Proiektu hori ez da aurreko ostegunean aurkeztu genuen bera: Amilamia izena du ostegunean aurkeztutako emanaldiak, eta beste artista batzuekin elkarlanean aritu ostean sortutakoa da. Ezaugarri paregabeak eta interesgarriak ditu. Behin itxialdia pasatu zenean, tabernak ireki zituzten antzokien aurretik, eta impasse une itzela izan zen. Bi muturretan egon gara: ezin ginen elkartu hasieran, eta denbora libre asko genuen gero elkarrekin lan egiteko. Hortik sortu zen Amilamia.

Proiektu bat gauzatzeko hainbeste denbora izatean, gerta liteke artistak bere lana bukatutzat ez ematea.

CAVALLERI: Lan bakoitzak bere nolakotasunak dauzkala esatea gustatzen zait niri. Artistaren lanaren helburua izan daiteke norberaren garapen intelektuala lantzea edo teknika bat mantentzea. Baina beste artistekin elkartzen zarenean, kafe bat hartzeko, adibidez, kafez betetako kafe makina italiar horien antzeko giroa sortzen da bat-batean; etengabe ateratzen da kafea. Izan ere, pertsona batekin eta bestearekin hitz eginda, ideiak sortzen dira, eta proiektuak elikatzen joaten dira etengabe. Horregatik diot elkartzeko modu guztiak bertan behera utzi behar izatea oso momentu latza izan zela guretzat.

RONQUETE: Ikuspuntu desberdinak daudela ohartzen zara, eta, beraz, asko ikasten da. Ez bakarrik ikuspuntuak, baizik eta margolari, koreografo edo aktore batekin gauzak modu batera ikusten ari bazara, eta haiek lan egiteko moduak proposatzen badizkizute, askoz gehiago ikasiko duzu bat-batean. Musikaria bakarrik ari bada lanean, haren ikuspuntura mugatzen da norbera. Horren emaitza da Amilamia proiektua.

Diziplina askotako proiektua izan da, beraz.

CAVALLERI: Bai, eta gozamena eta erronka izan da biontzat. Nire kasuan, ez da beste diziplinetako artistekin elkarlanean aritu naizen lehen aldia; lehendik ere arituta nago abeslari batekin eta aurretik sortutako obra bati moldaketak eginez. Musika garaikidean asko lantzen da lan egiteko modu hau; hau da, hutsetik normalean ikusten ez diren efektu edo konposizio desberdinen bila joatea. Beste elkarrizketa baterako eztabaida da hau. Niretzat, batzuetan, errazagoa da oinarri guztiz neutro batetik abiatzea, jada sortuta dagoenari aldaketak egitea baino. Baina, tira, emaitza oso positiboa eta sortzailea izan da.

RONQUETE: Ez genuen lan klasiko bat eskaini nahi artistaren eta entzulearen artean loturarik sortu gabe. Nire ustez, hotz samarra da musikari-entzule eskema soilik duen formatua. Horren harira, Xabier Obeso margolari errenteriarrari gauza berezi bat egiteko asmoa proposatu genion, nahiz eta ez genekien ikuskizuna egin ahal izateko proiektorea eskura izango genuen edo ez. Proiekzio horri eta interpretazioari esker, publikoarekin batzea lortu dugu.

CAVALLERI: Halaber, oso garrantzitsua da esatea pertsona askok ez dutela gustuko musika klasikoa, edo ez dutela musika horrekin konektatzen. Eta, beraz, konexioa eragin dezake musika klasikoa barne hartzen duen baina beste arte batzuk biltzen dituen beste proiektu bat sortzeak edo beste modu batera kontatua izateak.

Norekin aritu zarete elkarlanean?

CAVALLERI: Xabier Obeso margolariarekin aritu gara; harreman estua dugu harekin. Koadro batekin lotura du publikoa une jakin batean entzuten ari den musikak, eta ideia orokor bat izateko aukera ematen du horrek. Beraz, kontzertu liriko bat ikusteko aukera du publikoak, baina ikus-entzunezko batekin. Aitor Gabilondo aktoreak ere parte hartu du egitasmoan.

RONQUETE: Giro berezia sorrarazten du horrek guztiak. Ikus-entzule bakoitzak koadroetako bat ikusten duenean, ondokoarekiko desberdin ikusten edo sentitzen du. Orduan, abesti bakoitzak koadro bat eduki zezakeela pentsatu genuen.

Sortze prozesuan, elkarlanak zer eragin izan duen azaldu duzue. Baina emanaldietan, zer eginkizun du elkarlanak?

CAVALLERI: Oso garrantzitsua da hainbat artistarekin elkarlanean aritzea. Ideia berriak eransten ditu bakoitzak, baina Amilamia pertsonaiaren istorioa dago proiektuaren atzean. Obesoren proiekzio bat da errezitalaren bigarren zatia, eta margolariak lamia moduko izaki bat margotuko du zuzenean, euskal musika folklorikoa entzun daitekeen bitartean. Baina ezaugarri berezi batekin: gure esparrura eramango dugu, musika klasikorantz. Egunak emango nituzke nondik norakoak azaltzen!

Ez da gauza bera norbaitek lehenago laguntzea, edo bat-batean artea sortzen den une horretan bertan laguntzea. Aurrez grabatuta edo erabakita zeuden margolariaren edota Aitor Gabilondo aktorearen lanak. Musika goraipatzea izan da elkarlanaren asmoa, eta baita euskal historia mitologikoaren istorio bat modu burutsuan erakustea ere.

Lehen kontzertua eskaini duzue proiektu berriaren barruan. Zer ikasi duzue?

RONQUETE: Lan egiteko guztiz modu desberdina dugu. Mundu koraletik nator ni, zeinetan denok batera aritu eta amaitu behar dugun. Hor ezin zara atera hitzartutakotik. Zaila da bloke horretatik ateratzea, askoz ere sortzaileago izan behar duzulako, kantuan libreago izan nahi duzulako… Hori guztia ikasi egin behar da. Oso gogorra egin zitzaidan pauso hori ematea, oso gustura nengoelako nire kaiolan sartuta. Hori bai, Francorekin erraza izan da dena, barre eta negar asko egin dugulako. Gogorra izan den arren, publikoaren erantzuna atsegina izan da eta ondo joan da dena.

Emanaldia amaitutakoan oso gustura sentitu nintzen. Agertokira oso urduri igo nintzen, bai, baina, aldi berean, oso seguru igo nintzen oholtzara. Askotan, urduritasunak ez dizu uzten gozatzen, baina kasu honetan ez zait gertatu halakorik. Gogo handia neukan eta oso gustura nago egindakoarekin.

Zure herriari, Errenteriari, abestu nahi zenion…

RONQUETE: Bai! Gogotsu nengoen horretarako. Abeslari profesionala izateko ikasten ari naiz, eta zer eskain dezakedan erakutsi nahi nuen.

Franco, zu uruguaitarra zara, eta ez zara Maider bezain ezaguna…

CAVALLERI: Ahalik eta profesionalena izaten saiatzen naiz beti, hori izan ohi da nire jokaera. Jendeari eztabaida sortzen saiatzen naiz, iturginari edo medikuari bere lana zalantzan hainbestetan jartzen ote dioten galdetuz. Momentu horretan eztanda txiki bat gertatzen da euren buruetan, ez baitute ulertzen nolatan musikaria medikua bezain profesionala izan daitekeen. Eta nik hala bizi eta sentitzen dudanez, hala erakusten dut. Gaur egun oso ohikoa da hainbat ogibide dituzten pertsonekin topo egitea, eta horrek ez du esan nahi bi lanbidetan profesionala izan ez zaitezkeenik. Ezagunak ez garelako gure profesionaltasuna zalantzan jarri duten hainbat esperientzia eduki ditugu. Baina, akaso, ezaguna da zure medikua? Zure medikua ezaguna ez balitz, ez zinateke beregana joango? Niretzat eguneroko borroka da hori, eta oso atsegina da eskubide horiek defendatzea.

RONQUETE: Guk ez dugu erakutsi nahi egin dezakeguna, jarrera ez da “orain ikusiko duzu” esatea. Jendea kontzientziatu nahi dut, sinets dezan abeslaria naizela eta hau ondo atera dadin lanean ari naizela. Esparru honetan ere, lan asko egin ezean, nahi duzun hori ez duzula lortuko esan nahi dut.

CAVALLERI: Halakoak esaten dizkiguten gehienek ez dakite zer den pasioa eragiten dizun horretan aritzea. Ezin dituzte ulertu hainbat kontu. Hala ere, nire buruarekin zorrotza izaten jarraitzen dut nik. Ez naiz lasaitzen, eta luxua da hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.