Lurrari lotutako bizimodua

Lurrari lotutako bizimodua

Eneritz Maiz Etxarri

Hiritarrak dira Olatz Albisu eta Mikel Alkorta. Garbi zuten mendian bizi nahi zutela, eta baserria zuten amets. Kasualitateak Asteasuko Lizolateine baserrira eraman zituen. Erosi, pixkanaka txukundu, hiru seme-alabako familia osatu, eta baratzetik bizitzeko apustua egin zuten.

Tabernaria zen bata, eta igeltseroa bestea. Betidanik ibili izan dira baratzean, baina duela hamar bat urte hartu zuten baratze ekologikotik bizitzeko erabakia. Donostiako Egia auzoan dute kontsumo taldea. “Nahiz eta animalia batzuk eduki larreak-eta zaintzeko, baratzea gustatu izan zaigu betidanik”, dio Alkortak. “Beti pentsatzen genuen baserrira bizitzera etorri eta ez zuela zentzu handirik kanpoan lan egiteak. Joera naturala horrek behar zuela izan”, argitu du Albisuk.

Donostiako lagunek tentatu zituzten horretara, eta lau otarrerekin hasitako proiektuak 28 familia biltzen ditu egun. “38 bat familia izango dira gaur egun; batzuentzat handiegia da otarrea, eta konpartitu egiten dute”, azaldu du Alkortak. Kontsumo taldea osatuta dute, eta astero-astero otarreak osatzeko egiten dute lana baratzean.

Biek ala biek azpimarratu dute bai familiarengandik eta bai lagunengandik laguntza handia jaso dutela. Baserria erosi zuten momentutik talde bat osatu zutela diote, eta guztien laguntzarekin egin dutela aurrera. “Egian oso gertukoa dugun jendeak lagundu digu aurren-aurrenetik pixka bat honetan”. Beste hainbat gauzarekin gertatzen den moduan, gerora, ahoz aho joan ziren kontsumo taldea zabaltzen.

Naturaren erritmoan

Ez dira iratzargailuarekin esnatzen, eta ez dute lan ordutegirik; horrek bere alde onak eta txarrak dituela azaldu dute, ordea. Albisuk esan du baserriko martxan egiten dutela lan, eta beste malgutasun bat dutela eguneroko lanak antolatzeko. “Bizitzeko modu bat da, lurrari lotutakoa; hor dago gakoa”.

Garai ezberdinei eta eguraldiari lotutako egunerokoa dute, eta familiarekin uztartzen dute hori guztia. Udaberri aldera izaten dute “krisi txikia”. Udan, udazkenean eta neguan “uzta oparoa” izaten dute. Udaberrian, aldiz, neguko barazkiak “ia bukatzen” hasten dira, eta, landaketa asko egiten bada ere, aurreragorako izaten da uzta hori. “Hori da lurraren erritmoa jarraitzea”, zehaztu du Albisuk. “Gure eredu honek badu abantaila hori, eta jendeak badaki garaian garaikoa ari garela ekoizten; badaki momentu batzuetan ez duela tomaterik jango, eta haiek bat egiten dute naturak markatzen digunarekin”, gaineratu du Alkortak.

“Zer jan nahi dut aste honetan?” baino gehiago, “zer daukat?” pentsatu behar dela ere aldarrikatu du Albisuk. “Bizimodu bat lantzen dugu, eta, horrekin batera, inguru bat. Eta behar duen garrantzia ematen diogu horri ere”, nabarmendu du Albisuk. Naturarekin “oso harreman estua” dutela aitortu du Alkortak, eta horrek “baldintzatu” bai, baina “bete” ere egiten dituela esan du. COVID-19aren gaitzarekin bizi izan dute hori, batik bat: “Baserritik ateratzen ez bagara, konturatu ere ez gara egiten”.

Koronabirusa dela eta, jende askok aipatu die “orain zuek bai ondo baserrian”. Eta bikoteak argi dauka orain ondo bizi direla, baina lehen ere baserrian ondo bizi zirela gaineratu dute.

Egia auzoaren harrera

COVID-19aren eraginez, Donostiako Egia auzoan azoka txiki bat egiten dute astelehenero. “Oso egitasmo polita da, eta ekoizleekin izugarrizko bizia sortzen ari dira auzoan”. Gutxi gorabehera, hilean behin parte hartzen dute Lizolateine baserrikoek: “Aukera polita da otarreetatik kanpo geratzen zaizkigun produktuei edo soberakinei irtenbidea emateko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.