[Urtekaria] Emakumeen ahotsak hartu ditu kaleak

[Urtekaria] Emakumeen ahotsak hartu ditu kaleak

Miren Garate

Aurreko bi urteetan grebara deitu zuen mugimendu feministak Martxoaren 8an. Aurten, aldiz, ez. Bazeuden zenbait arrazoi horren atzean: urtarrilaren 30ean greba orokorra izan zen Hego Euskal Herrian, eta haren antolakuntzan buru-belarri ibili zen mugimendu feminista; Emakumeen Nazioarteko Eguna jaiegun kutsua hartzen eta despolitizatzen ari ote zen kezka zegoen; igandean egokitu zen eguna… Grebarik ez zen egin, baina emakumeen ahotsa ozen aditu zen Gipuzkoan, milaka lagun atera baitziren kalera. Salatu zuten gaur egungo jendarte eredua bizigaitza dela pertsona gehienentzat, batez ere emakume eta genero disidenteentzat, eta jasanezina planetarentzat.

Eguerdian, herrietan eta auzoetan egin zituzten mobilizazioak, eta arratsaldean, Donostian elkartu ziren. Antolatu indarrak, batu borroka feministara leloarekin egin zuten manifestazio nagusia. Izan ere, “gizarte atomizatu eta indibidualizatu honetan, antolatzera eta borroka kolektiboan egitera” dei egin zuten antolatzaileek. Egunaren balorazioa egitean, oso positibotzat jo zuten, kopuruz nahiz kualitatiboki.

Dena den, martxoaren 8ra soilik mugatu beharrean, feministek egun gehiagotara ere luzatu zituzten mobilizazioak. Donostian, esate baterako, gune feminista muntatu zuten bezperan, antolakuntza feministaren beharra azpimarratzeko, eta, besteak beste, antikolonialismoari, internazionalismoari eta militantzia eremuetan gertatzen diren eraso sexistei buruzko hitzaldiak antolatu zituzten; horrez gain, greban zeuden zahar etxeetako langileei eta espetxeetan dauden emakumeei elkartasuna adierazi zieten. Martxoaren 8aren bueltan izan ohi den Lilatoiak ere ez zuen hutsik egin, eta milaka emakumek hartu zituzten Donostiako kaleak martxoaren 1ean.

Ohiko moldeetan egindako azken protestetako bat izan zen Martxoaren 8koa. Inolako mugarik gabe elkartu zen jendetza, maskararik gabe eta distantziak errespetatu beharrik gabe. COVID-19a etorri zen gero, eta protestak egoerara egokitu behar izan ziren ordutik.

Hain zuzen, azaroaren 25a izaten da mugimendu feministak egutegian markatua izaten duen urteko beste egun garrantzitsuenetako bat: Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna. Norbere herritik ateratzea debekatuta zegoen egun horretan, baina mugimendu feministak ez zion uko egin bortizkeriarekiko arbuioa adierazteari, eta herriz herri egin zituen protestak.

Urteroko aldarri nagusia presente egon zen: bortizkeria matxistari planto egitearena. Alabaina, testuinguruak ere protagonismo handia izan zuen. Euskal Herriko mugimendu feministak salatu zuen koronabirusaren krisiak agerian utzi duela oraindik ere lan handia dagoela indarkeria matxistari aurre egiteko. Pandemiak, konfinamenduak eta bakartze sozialak eragina izan zuten indarkeria matxista jasaten duten emakumeen egunerokoan. Itxialdiak iraun zuen bitartean, salaketek behera egin zuten, baina telefono artak, gora.

Hain justu ere, indarkeria matxistak eragindako hilketa bat ere izan zen Gipuzkoan konfinamendu garaian. Martxoaren 13an, 74 urteko emakume bat hilda agertu zen etxean, Soraluzen, aurpegian kolpe bat zuela. Haren 33 urteko semea espetxeratu egin zuten, ama hiltzea leporatuta.

Nieblaren epaiketa

Asier Nieblaren heriotza argitzeko epaiketan ere, besteak beste, hilketa matxista izan zen edo ez argitu behar du zinpeko epaimahaiak. Abenduaren 9an hasi zen epaiketa, eta abenduaren 16an amaitu zen. Epaiaren zain dago orain. 2018ko urriaren 11n hil zen Urnietako gaztea, bi hilabetez koman egon ostean. Donostiako Aste Nagusian, abuztuaren 12an, Niebla andre batekin hizketan ari zela, beste gizonezko bat hurbildu, eta buruan kolpe bat eman zion. Erori ostean, konorterik gabe gelditu zen. Erasotzailearen bikotekide ohia zen emakumea, eta, epaiketan esan zuenez, “inpotentziak jota” joan zen Nieblarengana, jotzera. Akusazio partikularrek —Urnietako Udala eta Nieblaren familia— hogei urteko zigorra eskatu dute, eta hamabikoa fiskalak. Niebla indarkeria matxistaren biktima izendatzeko ere eskatu dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.