[Urtekaria] Hasi dira erraustegia ordaintzen

[Urtekaria] Hasi dira erraustegia ordaintzen

Miren Garate

Hilabete batzuk lehenagotik zegoen martxan, baina ofizialki abenduaren 11n hasi zen lanean Zubietako erraustegia, orduan eman baitzioten kontzesioa enpresa kudeatzaileari: Ekondakini. Hau da, egun horretatik hasi zitzaion azpiegiturengatik ordaintzen, eta behin betiko funtzionamenduari ekin zion.

Albiste horren harira erraustegira egindako bisitan, azpiegituraren onurak nabarmendu zituen Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak: “Hemen, hondakinak ez dira zabor bilakatzen, baizik eta lehengai; tratamendu mekanikoko eta biologikoko plantan sortzen den material guztia berreskura daiteke, eta balorizatu, materialki eta energetikoki”. Markel Olano ahaldun nagusiak, berriz, aitortu zuen gizartearen zati bat ez dagoela ados erraustegiarekin, baina “gutxiengo” bat direla azaldu zuen. “Hemendik aurrera oposizioa egongo da, baina, dagoeneko, ezingo dute ekidin azpiegitura martxan jartzea”.

Hasieratik izan da polemika iturri azpiegitura hori, eta aurten ere kezka eragin du hainbat kontuk. Maiatzean, hainbat arrain hilda agertu ziren Arkaitzerreka errekastoan, erraustegitik gertu. Ia astebete behar izan zuen Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak amoniako isuri baten ondorioz hil zirela onartzeko, eta 45.000 euroko isuna ordainarazi zion Ekondakini: batetik, 25.000 euro, isuriaren berri ez ematea arau urratze “larritzat” jota; 10.000 euro, askaren diseinuan egindako aldaketa ez jakinarazteagatik; eta beste 10.000 euro, pH-a neurtzeko gailua matxuratuta zegoela ez egiaztatzeagatik.

Ekainean Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) jaso ostean, irailean osorik martxan nahi zuten erraustegia, baina atzeratu egin behar izan zuten abian jartzeko eguna. Izan ere, irailaren 1ean, planta energizatzen duen transformadore nagusia, 27 megavolt ampereko gailua, erre egin zen, eta matxura larria eragin zuen instalazioetan.

Azaroaren 15ean, erraustegia martxan jartzeko behin-behineko aktaren epea amaitu zenean, Ekondakin enpresak baimen hori luzatzeko eskatu zion Jaurlaritzaren Industria Sailari, baina hark ukatu egin zion. Erabakia jakin ostean, GuraSOS elkarteak Industria Sailari galdegin zion bertan behera uzteko instalazioaren jarduera, bai eta EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak ere. Baimena ukatu eta bost egunera, ordea, eman egin zion Jaurlaritzak.

Hain zuzen, Red Electrica Españolek jakinarazi duenez, urriaren 5era arte, behintzat, ez zuen energiarik sortu erraustegiak. Zubietakoa energia balorizazio planta bat da; eta, beraz, IBBaren eraginkortasuna lortzeko, ezinbestekoa du frogatzea balorizazio energetikoa egiteko ahalmena duela. GuraSOSek aste honetan bertan salatu du Jaurlaritzak abenduaren 1ean sinatutako zenbait agirik agerian utzi dutela Zubietako erraustegia baimenik gabe ari dela funtzionatzen, eta ezin duela argindarra sareratu. Asensiok herenegun errauste plantaren funtzionamendu egokia defendatu zuen, Batzar Nagusietan.

Metroaren lanak, geldirik

Zubietako erraustegiaz gain, Donostiako metroa da gizartearen zati batek begi onez ikusten ez duen beste proiektuetako bat. Irailaren amaieran, ura eta hondarra agertu ziren Mirakontxa eta Easo arteko tunelaren lanetan, eta, horren eraginez, zati horretako lanak gelditu egin zituzten. ETSk iragarri zuen azpiegitura egiteko adjudikazio kontratua bertan behera utziko zuela, legeak hala eskatzen zuelako.

Izan ere, hasieran egindako kontratua baino %50 gehiago garestituko dira zati horretako lanak —53,2 milioi euroan adjudikatu zuten—, eta, ondorioz, berriro egin behar da esleipena. Iñaki Arriola Garraio sailburuak aitortu du litekeena dela esleipen berria %70 garestiagoa izatea. Horrez gain, iragarri du ezingo dituztela bete aurreikusitako epeak, eta uste baino bi urte geroago jarriko dutela martxan metroa Donostian: 2024an.

Leave a Reply

Your email address will not be published.