Museo bat garajean

Xabier Iriondo zestoarrak pilotari dion maitasunaren erakusle dira bere garajeko hormak. Duela 50 urte hasi zen liburuak, artikuluak eta argazkiak biltzen, eta egun, oraindik, egunero izaten du zeregina.

Aitziber Arzallus

Pilotazaleak asko dira, baina gutxi izango dira Xabier Iriondo (Zestoa, 1934) bezain sutsuak, eta garajean duen museoa da horren erakusgarri. Azkeneko 50 urteotan biltzen aritu den dozenaka liburu eta milaka kartel, argazki eta egunkari zati ditu jasota han. Eta garajeko hormetan ez duena buruan du gordeta. Atzo gertatutakoak balira bezalaxe kontatzen ditu duela mende erditik gora bizi izandako pasadizoak. Pilotari buruzko entziklopedia bizia da zestoarra.

Txiki-txikitatik datorkio pilotarako afizioa Iriondori, eta pilotari izateko saiakera ere egin zuen. Badu hori frogatzen duen argazkirik, Fidel Etxabe Etxabe XI.a herrikidea alboan duela. “12 urterekin hasi nintzen pilotan, Etxabe XI.a lagun nuela, eta bi urtean bi txapel atera genituen”. Garaikurra eskuetan dutela ageri dira argazki batean. “Hor 14 urte nituen nik, eta 13 zituen Etxabek. Handik gutxira, gaixotu egin nintzen, eta pilota utzi behar izan nuen”. Etxabek jarraitu egin zuen, baita ibilbide oparoa egin ere: “Munduko txapelduna izan zen afizionatuetan, eta profesionaletan ere oso ona izan zen”.

Pilotari izan ezinak ez zion kirol horri lotuta segitzerik eragotzi, eta hamaika frontoi zapaldutakoa eta are partida gehiago ikusitakoa da zestoarra. Ondo gogoan du lehendabiziko aldiz Donostiako Urumea pilotalekura partida bat ikustera joan zenekoa. “Donostian nengoen ospitaleratuta, hurrengo egunean ebakuntza egin behar zidatelako. Osaba eta biok geunden. Bazkaldu genuen, eta arratsalde guztian ez genuen zereginik, lorategian buelta bat ematea besterik. Frontoira alde egitea proposatu nion, eta ezetz esan zidan berak”. Taxiari deitu zion, ordea, Iriondok. “Eta, azkenean, han joan ginen biok Urumeara. Arratsalde bikaina pasatu genuen, nahiz eta gutxitan igaro ditudan ordukoa bezain gau tristeak, ospitalean, bakar-bakarrik”.

MUSEOA GARAJEAN

Gaixotasun hura gainditu zuenean, pilota enpresa sortu zuen lagun batzuekin batera. “Aitak edari biltegia zuen, eta ni ere edari banatzen ibiltzen nintzen, baina uda partean Zestoako frontoia hartzen genuen, eta sekulako jaialdiak antolatzen genituen”. Gurutzeaga pilotalekuaren kudeaketa lehiaketa publikora ateratzen zuten udako hiru hilabeteetarako, eta diru gehien eskaintzen zuen enpresarentzat izaten zen; hainbat urtetan eskuratu zuen Iriondok.

Orduan herrian sortzen zen giroa hitzez azaltzea zail egiten zaio zestoarrari. “Hura bizi ez zuenak ezin dezake imajinatu ere egin”, dio. “Garai hartan hamalau hotel zeuden herrian, eta Zestoatik Azpeitira tartean beste hiru bat taberna ere bai. Bainuetxean bakarrik zortziehun lagunek hartzen zuten ostatu, eta ehun lagun aritzen ziren haiei zerbitzua ematen; egundokoa zen”. Ondo gogoan du bazter guztietako jendea izaten zutela herrian. “Kubatik, Portugaldik, Madrildik… etortzen zen jendea, asko euren gidari eta laguntzaileekin. Ministroak ere etorri izan ziren”.

Diru asko jokoan

Herrian horrelako giroa izanda, zer esanik ez Gurutzeaga pilotalekuaren bueltan. “Egunero-egunero antolatzen genituen pilota partidak, eta egun batzuetan, hiru ere bai, artekari eta guzti; diru asko jokatzen zen orduan”. Inguruko auzo eta herrietako pilotariek jokatzen zuten gehien. “Pilotari berrientzat sekulako eskola zen Zestoakoa. Hemen probatzen zuten balio zuten ala ez, eta hemen ondo ibiltzen zirenek aurrera egiten zuten gero”. Zestoako etxabetarrak, Lasturko Miguel Arakistain Murgi, Azkoitiko atanotarrak, Azpeitiko saturtarrak, Eibarko Miguel Gallastegi… “Horiek denak hemendik pasatutakoak dira, hemen behin baino gehiagotan jokatutakoak”.

Eta kontatzen dituenak egiak direla baieztatzeko, guztiaren testigantzak garajeko hormetan ditu bilduta, lehengoak bezala oraingoak. Zestoako jaialdi haiei buruzko idatziak, 1940an Pilota Federazioak antolatu zuen aurreneko txapelketatik gaur egunera arteko txapeldun guztiei buruzko artikuluak, urtetan frontoietatik ekarri dituen argazkiak, egunkarietan argitaratu izan dituzten elkarrizketak, baita Erik Jaka 2020ko buruz buruko txapeldunak oparitutako kamiseta ere.

Azken urteetan frontoira gutxiago joaten den arren, telebistan ematen dituzten partida guztiak ikusten ditu. “Niretzat, azkenean, bizimodu bat izan da pilota; entretenimendua, gozamena eta lagun on asko eman dizkit”. Eta, nola ez, baita garajean duen museoa osatzeko materiala ere. Duela 50 bat urte hasi zen bilduma egiten, eta horretan jarraitzeko asmoa du ahal duen bitartean.