Emakumeen erakusleihoak

Emakumeen erakusleihoak

Beñat Alberdi

Hainbat erantzun jasotzen ditu beti “heldutan, zer izan nahi duzu?” galderak. Azken hamarkadetan ohiko erantzunei —”musikaria” edo “aktorea”, kasurako— gehitu beharko zaizkie “youtuberra” eta antzekoak. “Zientzialaria” ez da aukeren artean izaten, normalean, are gutxiago emakumeen kasuan, eta, horri erantzuteko, Otsailaren 11 erakusleihoak egitasmoa jarri du abian Elhuyar fundazioak, Bizilabe Euskal Herriko gazteentzako ikerketa zentroen sarearen barruan —Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da otsailaren 11—. Emakume zientzialarien lana ezagutaraziko dute dendetako erakusleihoen bidez; Gipuzkoan, Elgoibarren, Soraluzen, Tolosan eta Villabona-Amasan; eta Bizkaian, Bilbon eta Ermuan. Gazteek erreferentziak izatea da helburua; emakume gazteek, bereziki.

Otsailaren 8tik 21era hartuko dute euren lekua emakume zientzialariek. Hala ere, Elhuyarren zientzia sustatzeko lana ez da horretara mugatzen. Izan ere, Bizilaberen eskutik, Elhuyarrek Gipuzkoan eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzen dizkie Soraluze, Elgoibar eta Tolosaldeko gaztetxoei.

“Helburua da gazteak zientzia eta teknologia arloetan aritu daitezen sare bat sortzea”, azaldu du Leire Ferro Elhuyar fundazioko kideak. Esperimentuak gauzatzen dituzte, noski, baina aukera izaten dute ikertzaileak ezagutzeko ere. Kasu horrek balio izaten die emakume ikerlari horiei zein ikasketa egin dituzten eta lanean zertan ari diren ezagutarazteko. Erakusleihoetako emakumeez gaindi, badituztelako beste erreferentzia batzuk ere eskura. Gainera, herri horietako enpresen lana erakusten dute, eta urteko aurkikuntzak ere aurkezten dituzte.

Ferrok nabarmendu du ikasketak aukeratzeko orduan, gazteek nekez egiten dutela zientzia eta teknologia arloaren alde; are gutxiago emakumeek. “Oso txikia da zientzia ikasketak egiten dituzten emakumeen batezbestekoa. Zergatik? Ereduak falta dituztelako, adibidez”. Elhuyar fundazioko kideak gaineratu du ez dituztela aukeratzen ingeniaritza edo arkitektura gisako ikasketak, euren burua ez dutelako gai ikusten ikasketa horiei aurre egiteko. “Inork ez die esaten ‘zuk hau egin zenezake'”.

Errealitate horiei aurre egiteko antolatu dute, bigarren urtez, Otsailaren 11 erakusleihoak. Hamabi emakume zientzialariri buruzko informazioa eta posterrak prestatu dituzte, Mary Somerville eskoziarrarena (1780-1872), esaterako. Matematikan eta astronomian aditua zen Somerville, eta bere kabuz ikasi zuen zientziari buruz zekiena.

Erakusleihoak prestatzen

Aste honetan bertan bukatu da dendek izena emateko zeukaten epea, Tolosaldean izan ezik. Han, astebete luzatu dute epea. Elhuyarrek zientzialari bat egokitu dio denda bakoitzari, eta horiek arduratuko dira orain erakusleihoa dagokion gaiarekin lotzeaz.

Iaz, erakusleihoak atontzeaz gain, hainbat esperimentu egin zituzten dendetan, kanpoan zein barruan. Aurten, ordea, pandemia dela eta, ez da posible izango halakorik egiterik. Beste bide batzuk aurkitu dituzte, hala ere. Ikasle talde bakoitzak egokitu zaion zientzialariari buruzko bideo bat prestatuko du, eta Interneten jarriko. Bere lana aurkeztuko du talde bakoitzak, eta aukeratutako zientzialariarekin lotura duen esperimentu bat egingo du.

Bestalde, webgunean mapa bat ere jarriko dute parte hartuko duten dendak nabarmenduta. Bakoitzean klik eginda, erakusleihoko argazkia ikusi ahal izango da; emakumeari lotutako bideoa ikusi edo informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, berriz, esteka bat egongo da eskuragarri.

Leave a Reply

Your email address will not be published.