Gozo guztiak berdinak ez direlako

Gipuzkoako hainbat gozogilek jendaurrean aurkeztu dute Gozoa elkartea, opilak eskuz eta mimoz sortzen dituztenen lanbidea sustatzeko. Eredu industrialetik desberdintzeaz gain, belaunaldi berrien transmisioa ere bermatu nahi dute.

Ihintza Elustondo

Gauza jakina da gastronomiak sekulako indarra duela Euskal Herrian. “Leku gutxitan izango dira inguruotan adina Michelin izar”, dio Iñigo Odriozolak, Azpeitiko Txintxu gozotegiko arduradunak. Haren iritziz, bertako sukaldariek ospe handia duten arren, ez da gauza bera gertatzen gozogileekin. Sektore horren errealitatea azaltzeko, Inazio Egaña Azpeitiko Egaña gozotegiko nagusiak datu batzuk dauzka esku artean: “2000. urtean, esaterako, 35.000 gozo denda zeuden Espainiako Estatuan, eta 2015ean, 15.000 besterik ez zeuden”. Hamabost urtean, 20.000 negozio itxi zituzten, beraz. Gipuzkoan ere antzekoa da joera. Argi dago: zerbait gertatzen da ofizio horrekin.

Ogia, opilak nahiz bestelako postreak sortzea dute ogibide, eta kezkatuta daude beren sektoreak azken urteotan izan duen gainbehera ikusita. Haiek bezala, asko dira gozogintzaren ofizioa duintzeko eta sustatzeko zerbait egin behar dela uste dutenak, eta ideia horri tiraka duela bi urte hasi zen lehen pausoak ematen Gozoa Gipuzkoako artisau gozogileen elkartea. Gipuzkoako hamazazpi gozogile batu dira elkartera, oraingoz elkarte bat Nafarroakoa, eta tartean dira Azpeitiko biak ere.

Gozogile artisauen lana bultzatu nahi du elkarteak, ez gozogile guztiena, eta horrek ere zerikusia du egungo errealitatean gertatzen ari denarekin. Tradizioz, eskuz egindako lana izan da gozogileena, baina eremu horretan ere indarra hartzen ari da industria, eta gero eta gehiago dira lan hori makinen bidez egiten dutenak. “Globalizazioa iritsi da sektore honetara ere: kate handiak, kanpotik ekarritako produktuak, industria… indarra hartzen ari dira, baita Gipuzkoan ere. Nortasunik gabeko gozogintza sustatzen ari dira”, adierazi du Egañak.

Joera horri kontra egin nahi dio Gozoak, eskulangileen lana bultzatuta. “Makinek egindakoa eta eskulangileok egindakoa jendeak desberdindu ditzan nahi dugu. Bertako eta kalitatezko elikagaiekin lan egiten dugu, zero kilometro filosofia sustatzen dugu, egunean eguneko masa sortu… Ez da gauza bera gozogile batek eskuz eta mimoz sortu duen opil bat edo makina batek egindakoa”, dio Odriozolak.

Ikastaroak egiteko asmoa

Ofizioaren inguruko kezkak oinarri hartuta hasi ziren batzen Gipuzkoako gozogile artisauak. Elkartearen helburuak eta asmoak zehaztea izan zen lehen egitekoa, eta azken bi urteotan proiektua sendotuta, elkartearen jarduna erakundeei azaltzea erabaki zuten abenduaren 18an, Donostiako Tabakaleran egin zuten aurkezpen ekitaldian.

Pixkanaka pausoak eman eta proiektuak martxan jartzea tokatzen zaie orain. Ideiak eta asmoak ez zaizkie falta. “Ikastaro batzuk antolatu ditugu, eta gozogintzari lotutako ikasketa arautuak sortzeko lanean ere ari gara”, esan du Odriozolak.

Izan ere, pedagogia lana egitea beharrezkoa dela uste dute gozogileek, belaunaldi berriek ofizioa “erakargarri” ikus dezaten. “Hori da ofizio honen gainbeheraren beste arrazoi nagusia: belaunaldien arteko transmisioa falta da”, Egañak dioenez.

Odriozolaren arabera, jendeak uste du gozogileena “oso lanbide sakrifikatua” dela, goizean goiz lan egin behar izaten dutelako. “Dena den, lanbide honek gauza onak ere baditu. Ni, aurretik, mantentze lanetarako arduraduna izan nintzen hainbat enpresatan, baina erritmoarekin itota, lan hori utzi eta gozogintzan hasi nintzen”. “Oso gustura” dago egindako aldaketarekin. “Goiz hasi behar izaten dut lanean, baina arratsaldean mendi buelta ederrak egiteko denbora izaten dut”. Egañak ere beraiena “lan polita” dela uste du. “Etxeko negozioari segika, 17 urterekin hasi nintzen gozogintzan lanean, eta ez zait batere damutzen”.

Elkartea osatuta, ogibidearekiko kezkak partekatu dituzte gozogileek, eta etorriko denaren lehen zimenduak ezarri ere bai. Eskulanaren bideari eutsiz jarraituko dute ofizioa sustatzen, pastel guztiak gozoak diren arren, denak berdinak ez direlako.