Lorea Flores: “Denbora gutxi dugu; handizaleagoak izan behar lukete ekintzek”

Lorea Flores: “Denbora gutxi dugu; handizaleagoak izan behar lukete ekintzek”

Miren Garate

Urtarrilaren 30aren bueltan, ahal den herri, auzo, ikastetxe eta lantoki guztietan ingurumen larrialdia salatzeko ekintzak antolatzera dei egin du Larreko Mahaia plataformak. Aldaketaldia izena jarri dio egitasmoari, eta, Lorea Flores (Lesaka, Nafarroa, 1985) Greenpeaceko kide eta ekimenaren antolatzaileetako baten esanetan, planetari gertatzen ari zaiona tokian bertan hasten dela nabarmendu nahi dute. Herriz herri antolatutako jarduerez gain, manifestazio bat ere izango da Donostian hilaren 30ean (17:00), Gladys Eneatik hasita. Ondo bizi, bizitzen uzteko leloa aukeratu du Gipuzkoako plataformak, eta bereziki gogoratuko dute duela urtebete Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling enpresan gertatutakoa.

Nondik nora etorri da Aldaketaldia antolatzeko erabakia?

Klima larrialdia maila globalean eragiten duen arazo bat izanik ere, iruditzen zitzaigun beharrezkoa zela ikustea tokian-tokian ere arazo hori sustatzen duten gauza pila bat daudela. Ingurumenari lotuta Gipuzkoan bizi ditugun arazoak bistaratzeko egun bat nahi genuen, hainbat aldarrikapen bilduko zituena. Hau da, zerbait anitza nahi genuen, lekuan-lekuan, herriz herri, lantegietan eta abar dauden taldeek parte hartzeko aukera izan zezaten.

Uste duzu oraindik ere kostatu egiten dela norberak klima aldaketan duen arduraz edo eraginaz jabetzea?

Maila globalean, klima aldaketaren eta larrialdi klimatikoaren diskurtsoa gailentzen ari da azken urteetan. Norbanakoak nahiz politikariak erraz aritzen dira diskurtso horretan, esanez egoera aldatu behar dugula, klima aldaketari aurre egin behar diogula eta abar. Baina gero, aldatu gabe jarraitzen dute gauza askok: mugikortasunari dagozkion ohiturak, kontsumoaren arlokoak, udaran egin izan ditugun hegazkin bidaiak… Horrek guztiak badu inpaktu bat, eta diskurtsoan klima aldaketaz kontziente izan arren, kostatu egiten zaigu benetako aldaketak egitea.

Diozue, pandemiaren aitzakian, agintari politikoek eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakontzen dutela oraindik ere. Zertan ikusten duzue hori?

Nire ustez, badago adibide garbi bat: Eusko Jaurlaritzak nahiz hirietako udalek klima larrialdia deklaratu zuten 2019an, baina alderatzen baditugu larrialdi deklarazio horren ondotik hartutako neurriak, adibidez, koronabirusaren pandemian benetako krisi baten kontzientzia garatu denean hartutako neurriekin, ikusiko dugu ez dutela zerikusirik. Gaia jaitsita, jar dezakegu Zubietako erraustegiaren adibidea. Politikariek ingurumen zentro deitzen diote, eta ekonomia zirkular baten barruan jarri nahi dute, baina, azken batean, hor egingo dena da hondakinak erre, eta horrek ez du ezer zirkularretik, berdez margotu nahi duten arren.

Esan duzu Eusko Jaurlaritzak nahiz hainbat udalek aitortu dutela klima larrialdi egoera. Adierazpen horiek egin zirenetik aurrerapausorik nabaritzen al duzue?

Batez ere, diskurtsoan ikusten dugu aldaketa. Onartu behar da duela bost urte politikarien diskurtsoan ez zirela hainbeste aipatzen ingurumena eta klima aldaketa, baina gero, ekintzetan, kostatu egiten da aldaketa horiek igartzea. Badaude ekintza txikiak, baina denbora gutxi dugu; handizaleagoak izan behar lukete ekintzek.

Jar dezakezu adibideren bat?

Mugikortasun eredua da arazo handienetako bat, oro har, auto pribatuetan mugitzen garelako, eta, horretarako, berotegi efektua duten gasak sortzen dituzten erregai fosilak behar ditugulako. Mugikortasunari lotutako neurriak oso mantso doaz. Pandemian, hartu dira neurri batzuk autoei espazioa kentzeko eta oinezkoei espazio gehiago emateko, eta hori ona da klima aldaketari begira. Baina neurri horiek hartzea eragin duena ez da izan klima aldaketa, pandemia baizik, eta hor ikusten dugu klima aldaketari ez zaiola erantzuten larrialdi bezala.

Mugikortasuna aipatu berri duzu. Gipuzkoara etorrita, klima aldaketari lotutako bestelako zer erronka edo arazo nagusi aipatuko zenuke?

Gipuzkoan eta EAE osoan arazo handia dago hondakinen kudeaketarekin. Aldaketaldia urtarrilaren 30ean izango da, eta data horrek badu lotura iaz otsailaren 6an Zaldibarren gertatutakoarekin. Sekulakoa izan zen hura: bi pertsona hil ziren, eta ardurak argitu gabe daude oraindik. Eta eredu berbera jarraitzeko asmoa dutela dirudi orain ere. Hor daukagu Zubietako erraustegia ere: orain gutxi sute bat izan da, ez dakit zenbat istripu egon diren martxan jarri zutenetik… Argi dago ez garela irtenbide bat ematen ari arazo horri.

Larreko Mahaiak antolatu ditu urtarrilaren 30eko ekitaldiak. 2019ko urrian sortu zen plataforma, eta gaur-gaurkoz, ELA, LAB, CCOO, ESK, Steilas, EHNE, Ikasle Sindikatua, Greenpeace, Eguzki, Errausketaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, Ernai, Fridays For Future eta Extinction Rebelion dira hango kide. Zer ibilbide egin du plataformak orain arte?

Kutsu ekologista zuten taldeak, sindikatuak, eragile sozialak eta abar elkartu ginen, eta gure lan ildoak zein izango ziren zehaztu behar izan genuen lehendabizi. Klima larrialdiaren inguruan hizketan hasten zarenean, mila kontu daude atzean, eta adostasun batzuetara iristea izan zen lehen lana. Behin hori eginda, 2020a etorri zen, eta koronabirusarekin, elkartzeko eta mobilizazioak antolatzeko aukerak zaildu egin zitzaizkigun. Barne lan horren emaitza izan da urtarrilaren 30eko Aldaketaldiaren beharraz jabetzea, eta hori antolatzen aritu gara 2020ko uda amaieratik.

Plataforma sortu zenutenean, aipatu zenuten hainbat belaunaldiren arteko elkarlana sustatu nahi zenutela. Lortu da?

Fridays for Future eta Ernai plataformaren parte direnetik, lortu dugu beren ikuspegia ere barneratzea. Aldaketaldian ere, gazteei zuzendutako hitzaldiak eta abar antolatu dituzte; beraz, ari gara horretan.

Aldaketaldia antolatzeko bestelako talde ugariren babesa ere izan duzue, eta Gipuzkoako hogei herri baino gehiagotan izango da zerbait. Zer-nolako jarduerak izango dira?

Hitzaldiak, manifestazioak, zuhaitz landaketak eta abar izango dira Aldaketaldian. Berez deialdi deszentralizatu bat izan arren, ikusten genuen bazegoela deialdi zentral bat egiteko beharra ere, eta, urtarrilaren 30ean, Donostian, manifestazioa ere egingo dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.