Bizirik jarraitzeko aldarrikapena

Bizirik jarraitzeko aldarrikapena

Unai Zubeldia

Bizirik. Izan zitekeen koronabirusak eragindako pandemiari aurre egiteko kanpaina edo lelo bat. “Baina lehenagotik prestatuta geneukan dena”, ziurtatu du Miren Elosegik, Euskadiko Orkestrako komunikazio arduradunak. Euskadiko Orkestrak Aire nordikoa zikloarekin ekin zion urteari, eta gaurtik otsailaren 9ra Bizirik zikloa aurkeztuko du. Donostiako Kursaal jauregian eskainiko ditu hamar kontzertuetatik lehen seiak gaur, astelehenean eta asteartean, 17:30ean eta 19:30ean, eta Bilbon (otsailaren 3an), Gasteizen (otsailaren 4an) eta Iruñean (otsailaren 9an) gozatu ahal izango da azken lau emanaldiekin.

Pandemiaren ondorioz, “prozesu zailean” murgilduta dabil Euskadiko Orkestra, eta, horren erakusgarri, beste behin ere moldatu egin behar izan dute 2020-2021 denboraldirako prestatuta zeukaten programazioaren zati handi bat. Zailtasunak zailtasun, ordea, ez daukate asmorik emanaldiak bertan behera uzteko. Berrikuntza askorekin iritsiko da Bizirik. Horien artean, Ruth Reinhardt zuzendariaren eta Augustin Hadelich biolin jotzailearen estreinaldia izango da, eta Mikel Urkizak Nire itsas munstroak estreinatuko du, hamar minutuko pieza bat.

Egoerak hala behartuta, hiru programa izango ditu Bizirik zikloak, baina Donostiako saioetan garrantzi berezia izango du Jean Sibelius konpositore finlandiarraren Biolinerako kontzertua lanak (31 minutu). “Sibeliusek nahiko pieza gutxi konposatu zituen biolinekin jotzeko, baina Hadelichek joko duen errepertorio hori da ezagunenetako bat”, azaldu du Elosegik. Bakarlari onenaren Grammy saria irabazi zuen Hadelichek 2016an, eta Musical America aldizkariaren 2018ko Interpretaziorik Onenaren Saria ere eskuratu zuen.

Egunero bi saio izango dira Donostian, eta bigarren emanaldian, 19:30ean hasiko denean, bere lana eskaintzeko aukera izango du Mikel Urkiza konpositore bilbotarrak. Elkano: Mundubira musika bidelagun programaren barruan, bigarren sormen lana da Urkizarena —Mikel Chamizok konposatu zuen lehenengoa—. Elkanok munduari bira eman zionetik bostehun urte bete direla gogoratzeko sortu zuen Euskadiko Orkestrak Elkano: Mundubira musika bidelagun programa.

Urkizak berak azaldu duenez, berari ez zaio hainbeste interesatzen Elkanoren balentriaren arlo fisikoa, baizik eta balentria haren eragin kultural eta psikologikoak. “Munduaren mugen berri izatea aurrerapauso handia izan zen lur ezezagunaren teoria deuseztatzeko, munstroak eta dragoiak bizi ziren mapen izkina horiek ahazteko. Etxegabetutako munstro horiek babesteko orri bat da nire obra, atlasetan kabitzen ez den mundu zahar hori babesteko fantasiazko espazio bat”. Hiru zatitan banatu du obra: Esna dagoen nire munstroa, Lo dagoen nire munstroa eta Munstroaren ametsa.

Elosegik esan duenez, kontzertu bakoitza desberdina izango da lehen zatian. “Baina bigarren zatia berdina izango da hamar emanaldietan, Antonin Dvorak konpositore txekiarraren [1841-1904] bosgarren sinfoniarekin. Konpositore txiroei eskainitako sariketa bat irabazi ondoren konposatu zuen obra hori: heldutasunean idatzitako bere lehen lana”.

Robert Treviño Euskadiko Orkestrako zuzendariak azpimarratu egin nahi izan du bosgarren sinfonia horren maila. “Ez dut ulertzen zergatik ez den maizago interpretatzen. Ez da ederra bakarrik: loriatsua da. Melodia harrigarri eta ederrez beteta dago”.

Emakumezko zuzendariak

Ruth Reinhardt 32 urteko alemaniarrak zuzenduko ditu hamar kontzertuak. 17 urterekin, jada, berak konposatutako opera bat zuzendu zuen bere jaioterrian: Saarbruckenen. “Azkeneko urteotan, Cleveland, Seattle, Dallas [AEB] eta Malmoeko [Suedia] orkestrak ere zuzendu ditu”, zehaztu du Euskadiko Orkestrako komunikazio arduradunak. “Aurten gonbidatuko ditugun hiru emakumezko zuzendarietatik lehenengoa izango da Reinhardt”. Sarrerak salgai daude www.euskadikoorkestra.eus webgunean; 10 eurokoa da merkeena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.