De Prada eta Errekondo esaldi berean

Juan Luis Zabala

Garai batean orain baino gehiago, baina oraindik ere bai, “kritika soziala” aipatzen dun nobela baten, kantu baten edo film baten balio azpimarragarrien artean —esan nion—. Baina nori egiten dio azkura gaur egun kritika sozialak? Ba al du inolako eraginik? Pizten al du aurretik piztu gabeko kontzientziarik? Pizten al du benetan ezer? Gogoan zeukanat Vaya semanita, Irrikitown eta horrelakoetan politikari ustelei buruzko esketxak ikustean neure artean pentsatzen nuela: “Bai, kritika sozial zorrotza egiten ditek saio honetan, Francori artistak fusilatzeko irrika piztuko zitzaioan hauek ikusiz gero, baina gaur egun erabat kaltegabeak gertatzen dituk, edo, bestela, are okerrago: egoera, kasu honetan bidegabekeria nabarmenetan oinarritua, etsipen eta baretasun are handiagoz onartzera bultzatzen gaitik ustezko kritika sozial horrek, irribarre eginez, min egin beharko liokeenari, kezka sorrarazi beharko liokeenari, zirkinik ere eragin gabe”. Kritika soziala, beraz, ez dun gaur egun lehen izan zena, ezta hurrik eman ere.

—Ezta kultura ere. Ez diat esango beharrezkoa ez denik, lagundu eta sustatu beharrekoa, gure nortasunaren zutabea… Baina eskuarki kultura izendatzen dugun horrek, hots, liburuek, kantuek, pelikulek eta abarrek gizartean duten eragina asko aldatu duk azken urteetan.

—BERRIAn oraindik orain argitaratutako artikulu batean, Xabier Paya Ruizek esan din badirudiela —eta telefono pantailan artikulua bilatu eta irakurri egin diot Payaren pasartea:— “Pantailako fikziozko telesailetako bizipenek kexa, aldarrikapen eta salaketetan jardun beharko luketen herritarrak lozorroan sartu dituztela, albistegiak ikusten dituzten bakoitzean, norbanakoak narkolepsiak joko balitu bezala. Azken batean, telesailetan ikusi dituzte gertakari berdintsuak, pantaila berean, sofa berean eserita”. Eta Anariren Epilogoa kantuko pasarte hau ere ez al doa bide beretik? —eta kantatzen hasi natzaio:— “Ihes egiteko era guztien artean, gutako bakoitzak aukeratua du berea, eta zuk zeurea. Oharkabe, erabaki duzu bizitzaren gorritik metro bat atzera bizitzea. […]. Eta tristuraren industriak zuretzat sortuak dituen ansiolitiko eta kantuak, makrobiotika eta liburuak, konstelazio eta terapiak, sare sozialak eta farmaziak, zure melankoli burgesa bezatzen dutenak”.

—Ez hadi ausartu oholtza gainean kantatzen. Hori duk hori kantu eder bat zirtziltzea!

—Ez gaitun ari nire kantatzeko abilidadeaz, kulturaz baizik.

—Gai horri buruz irakurri dudan azkena Juan Manuel de Pradak idatzia duk.

—De Pradak!?

—Kargu hartu behar al didak? Badaezpada ere esango diat dentistaren itxarongelan irakurri dudala, ausaz hartutako aldizkari zahar batean.

—Ados. Eta zer dio De Pradak?

—Ideia nagusia duk egun jende kultua deritzona ezertarako balio ez duen jakintza multzo zabal baten jabea baino ez dela, aisialdi kulturalaren kontsumitzaile bulimikoa, eta kultura, gaur egun, pentsamendu sistema handiak zirtzilatu ondoren geratu diren puska ziztrin alferrikakoen multzoa baino ez dela. Ez zekiat ados nagoen, baina hor egiatik zerbait badagoelako susmoa diat.

—Bada niri De Pradaren teoria horrek Jakoba Errekondok dioena ekarri zidan gogora: baratzea dela benetako kultura eta benetako iraultza bakarra.

Leave a Reply

Your email address will not be published.