Errautsetatik berpizteko etena

Errautsetatik berpizteko etena

Olaia Gerendiain

2019. urte amaieran, Pasai San Pedroko Ondartxo pasealekua itxi egin zuen Pasaiako Udalak, hainbat luizik agerian utzi zutelako bidea ez zela segurua oinezkoentzat; beraz, berriz ireki ahal izateko hainbat obra egin beharko zituztela ondorioztatu zuten. Lanak ez dituzte hasi, oraindik, eta ordutik, ezin erabil daiteke bisitariak Albaola Itsas Kultur Faktoriarekin lotzen dituen lurgain bakarra. Hala, museoko presidente Xabier Agotek joan den urte amaieran aitortu zuen mozketa hura gogor ari zela zigortzen faktoria: “Bisitei dagokienez, itxiera birusa bera baino kaltegarriagoa izaten ari da”. Negua batu zitzaien gero pandemiari eta bidearen itxierari, eta “egoera larriak” museoa behin-behinean ixtea eragin zuen joan den astean.

Albaolako komunikazio arduradun Enara Novillok adierazi du etenaldiak kanpoko ateak besterik ez dituela itxiko, barruan lanean jarraituko baitute Aprendiztegi eskolako ikasleek nahiz lantaldeko arotzek. San Juan baleontziaren berreraikuntza prozesua, beraz, ez dute etengo.

“Konpromisoa” aipatu du Novillok erabaki horren bulkada gisa, ez soilik egitasmoarekiko, baizik eta horren sostengu diren lagunekiko ere bai: “Familia bat osatu dugu”. Erretiroa hartutakoak, langabezian daudenak, bizilagunak, familiak… Boluntarioki laguntzen duten horiek, babesle ez ezik, bidelagun ere bilakatu dira.

Aldi baterako, baina, Albaolak ez du inor hartuko, eta horrek “galera ukaezinak” ekarriko dizkio faktoriari, bisitariekin lortzen baitute diru sarreren zati handi bat. “2020a ez da batere ona izan”, esan du komunikazio arduradunak. “Uda hobea izan zen; neguan, behera egin zuen, baina azkeneko asteburuan zazpi bisitari etorri ziren”. Ohiko larunbat batean 250 lagun inguru joan ohi dira Pasaiako ontziolara.

“Garai latzak” dira datozenak, eta albaolatarrek badakite hori. Zurezko museora bueltatzeko irrikan daudela argi utzi diete arduradunei, sare sozialetan mezu hunkigarriak helarazita. Hainbestekoa izan da azkeneko egunotan jaso duten babesa, ezen dohaintzak ere egin dizkioten itsas faktoriari, itxita edukiko duten aldi horretan barne jardunean aritu ahal izateko.

“Albaolak, hasieratik, asko landu du autofinantzaketa, eta orain, pandemia egoeran, hori bihurtu da gure arazo nagusia”, dio Novillok. Izan ere, babesle pribatuengatik ez balitz, eskolak ezingo luke martxan jarraitu, eta abian dauden proiektu asko bertan behera geldituko lirateke.

Pasealeku bat, bide asko

Bide bat itxita egoteak beste hainbat itxiarazi dizkio itsas faktoriari. Izan ere, ezin zirenez museora oinez joan, uretako motor zerbitzua finantzatu behar izan zuten. “Ez zen batere errentagarria”, onartu du Novillok.

Udalerri batetik bestera mugitzea baimenduta zegoenean, Agotek esandakoa guztiz bete zela uste du komunikazio arduradunak ere, beste herrietako bisitarientzat oztopo handia baitzen bide hura. Denbora gutxian, beste hainbat bide ere itxi dizkiote Albaolari, gehienbat osasun egoeragatik Pasaiako udalerria eremu gorrian sartu izanak ekarri dituen murrizketen ondorioz.

Egoeraren aurrean, museoa mantendu ahal izateko erabaki bat hartu behar izan zuten, ezinbestean: “Behin-behineko itxiera hau da Albaolak oraindik ere etorkizuna izateko aukera bakarra”. Etenaldia estrategia bat dela azaldu du Novillok, ateak itxita izanda ere lana ez eteteko aukera bat.

Modu horretan, bisiten antolaketak dakarren diru kopuru bat aurreztu ahal izango dute —gidarien soldatak, adibidez—, eta nazioarteko eskolek ohiko jarduna mantendu ahal izango dute. Hori guztia, noski, kanpoko finantzaketari esker lortuko dute, museoak ez baitu sarrerarik salduko eta denda itxita egongo baita.

Komunikazio arduradunaren arabera, funtsean, errentagarritasunetik harago doan zerbaiti esker mantendu da Albaola bizirik: “Hemen altxor bat dugula uste dugu, eta eutsi egin behar diogu; hala esaten digute elkartasun mezuek ere”. Faktoriaren erabateko itxierak, galera ekonomikoez gain, desagertzear zegoen ogibide baten transmisioa arriskuan jarriko lukeela uste dute: “Inguruko itsas ondarea eta historia gizarteratzen ditugu, eta horretan jarraitu behar dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.