“Frantziako Tourra irratian kontatzea zen nire bizitzako amets bakarra”

“Frantziako Tourra irratian kontatzea zen nire bizitzako amets bakarra”

Josu Artutxa Dorronsoro

Kantuak sortzeko gaitasuna duen bidaiazalea, postalen bildumak egiten dituen melomanoa eta Olinpiar Jokoetako euskal kirolarien ahotsa. Horrela deskriba daiteke Iñigo Asensio komunikatzailea (Tolosa, 1985). Gustuko du mila saltsatan aritzea, “sasi-musikaria” dela dio, pasioz bizi du irratia, eta lelo bat du: “Egunak 24 ordu baditu, gauza asko egin ditzakezu zure bizitzan”.

Ezagutzen ez zaituztenentzat, nor da Iñigo Asensio?

Saltsa askotan ibili izanagatik ere, izatez, komunikazioaren alor ezberdinei heltzen dion komunikatzailea naiz. Kazetaria, esataria, dokumental egilea… Lanbide horietan murgiltzen den pertsona geldigorra naiz. Horren lekuko, esan behar dut, dokumental bat, film labur bat eta telebistarako saio batzuk ditudala martxan.

Esan daiteke postu finkorik gabeko kazetaria zarela? Hau da, libreki aritzen dena?

Bai, eta hori, behintzat, nik bilatutako zerbait da. Lanbide batean luzaroan aritzeko aukera izan dut, baina uko egin izan diot. Ez dakit ez ote diodan errezelo pixka bat egonkortasunari. Ez naiz alor batean espezializatua den komunikatzaile bat.

Orain, behintzat, itxialdian martxan jarri zenuten Naiz Irratiko Bigarren kafea kultur magazineko aurkezlea zara.

2019ko abenduan sortu, eta itxialdian jarri genuen martxan. Esan daiteke lanpostu finko bat dela, eta, lehen erabateko finkotasuna ekiditen saiatzen naizela esan badut ere, badirudi, azkenean, topatu nauela. Ezin nezake egin hau baino saio gustagarriagorik; Naiz Irratiak emandako askatasunari zor diot hori.

Gogoan dut euskal komunitateko irrati esatari batek behin honela esan zidala: “Asensio, irratia pasioa da, besterik ez”. Noski, pasioa izateko, ezinbestekoa da benetan pasioa sortzen dizuten gaiei heltzea; eta gure kafe katilu honetan gauza ugari kabitzen da. Gai sozialak landu ohi ditugu, eskubideez aritzen gara, baita politikaz ere… Politika ugari egiten dugu. Informala da batzuetan, eta zoragarria da gaiei axolagabekeriaz heltzea. Hala ere, beste zenbaitetan, ikaragarri serioa ere bada, eta sarritan hunkitu izan gara, malkoak isurtzeraino. Emozioek bere tokia izaten dute, baina neurrigabekeriaz aritzeko gaitasuna ere badugu. Hori da saioa gidatzen dugunon dohain nagusia, aldi berean bizitzari irri eta negar egiten jakitea.

Etxetik hasi zineten lanean, baina estudioan ari zarete orain…

Halabeharrez egin dugu aldaketa hori. Gogoan dut, itxialdia ezarri aurretik, irratirako baliabide eta material ugari nuela etxean, baita musika instrumentuak ere. Gainera, egun horietan bagenuen susmoa gerora gertatu zena etor zitekeela. Sekulako erronka izan zen hasieran. Zerotik ekin genion, eta ez zen erraza izan etxe batetik bestera elkar komunikatzea. Baina hala suertatu zen, eta gero estudioan elkartu ginen.

Lehendik, batez ere, kirol probetako esatari modura aritu izan zara lanean. Nolatan sortu zitzaizun kontakizunerako grina berezi hori?

Arestian aipatu dut inoiz ez naizela espezializatu alor batean, baina esan daiteke kirol emankizunetako esatari edo speaker rola jokatu dudala gehien. Txirrindularitzan aritzen nintzen, eta horrela sortu zitzaidan pasioa. 15 urterekin, lehen aldiz heldu nion mikrofono bati, Tolosan, lasterketa bat aurkezteko. 18 urterekin, ingeniaritza ikasketak ez egitea erabaki nuen, eta, beste aukerarik ez zegoenez, ikus-entzunezko gradua zen sasi-aurkezle hark topatu zuen aitzakia. Horregatik, unibertsitatera heldu nintzenean, bi gauza nituen buruan: txirrindularitza eta irratia.

Aitortu behar dut txirrindularitza probetan esatari modura aritzeko aukera banuela, baina ihes egin nahi nuela erronka horretatik. Esanguratsua da hori, kirol honek beti izan baitu eragin berezia nire bizitzan. Nire buruan bazegoen, gainera, momenturen batean irratirako jauzi hori egiteko asmoa.

Hala, 2019an heldu zen sorpresa. Urte hartako Frantziako Tourra zuzenean kontatzea nahi zuten Naiz Irratian. Nirekin harremanetan jarri zirenean, horrela aitortu nien: “Unibertsitatera 18 urterekin iritsitakoan, amets bakarra nuen bizitzan: Frantziako Tourra irratian kontatzea”. Ametsa gaindituta zegoen berez, baina, suertatu zenean, berehala heldu nion. Argi nuen hori soilik egin nahi nuela, eta ez beste ezer.

Euskal Herriko Itzulia, Kontxako estropadak, herri krosak… Horiek aurkezten aritu zara, eta baita Mexikoko bi proba ere, ezta?

Hiru urtez aritu nintzen esatari lanetan Chihuahuako Itzulian eta Cancuneko Kriteriumean. 19 urterekin, Espainiako Vueltan, Donostiako Klasikoan eta Euskal Herriko Itzulian aritu nintzen. Horri esker, neure burua Espainiako Estatuko lasterketa handienetan kokatzea lortu nuen. Madrildar bat aritzen zen Mexikoko probak antolatzen, eta hark hainbat proposamen egin zizkien bertako mexikarrei: Europatik txirrindulari on ugari eramango zituela bertako txirrindulariekin nahasteko, eta baita kazetariak eta esatari aditu bat ere. Orduan, niri proposatu zidaten, eta uste dut 20 urte besterik ez nituela orduan.

Esperientzia itzela izan zen, eta ikaragarri ikasi nuen. Gerora txirrindulari erraldoi izan direnak ezagutzeko aukera izan nuen: Rui Costa, Gorka Izagirre, Steven Kruijswijk… Bestetik, bizitza beste modu batera ulertzen hasteko pauso bat izan zen hura, mugarri bat. Horrez gain, bat egin nuen beste pasio batekin: bidaiatzearekin. Erronka hartatik suertatu ziren Euskara munduan dokumentala gauzatzeko ideia eta ausardia.

Bestetik, azken urteotan, Olinpiar Jokoetara joaten diren euskal kirolarien berri ematen aritzen zara. Nola suertatu zitzaizun Basque Team fundazioarentzat lan egiteko aukera?

2011n hasi zen dena, 2012ko Londresko Paralinpiar Jokoen atarian. Erreportaje sorta zabal bat egiteko aukera eskaini zidaten. Gerora, lehen dokumentala grabatzeari ekin nion: Richard Oriberena. Han sortu zen harremana, baita nazioarteko lehiaketetara joateko aukera eta hurrengo udako nahiz Neguko Olinpiar Jokoetarako proiektuak ere. Ondo bidean, martxoan ere Imanol Rojo eskiatzaile tolosarrak Munduko Txapelketan egiten duenaren berri emango dugu, baina, ezohiko egoera hau dela eta, kolokan dago guztia. Kontuak kontu, esperientzia ederra izaten ari da, Olinpiar Jokoen espirituak kirolarekin berriro konektatzeko aukera eskaintzen didalako; gainera, miresmen puntu bat sortzen dit kirolariekiko.

Zer-nolako esperientzia da Olinpiar Jokoetara joatea?

Londresen egoteaz gain, Pyeongchango [Hego Korea] Neguko Olinpiar Jokoetan eta Rio de Janeiroko [Brasil] udakoetan egon naiz. Guztiak oso ezberdinak izan dira. Esperientzia ezin aberasgarriagoa eta ederragoa da, ikaragarria, baina baita gogorra ere. Bertan aritzeak ardura izugarria dakar, ez hainbeste informazio ikuspegitik. Alde horretatik ere bai, noski, munduan gehien ikusten den kirol ekitaldia baita. Baina, batez ere, egunez egun bere bizia topaketa jakin baterako prestatu duen jendearekin ari zarelako lanean. Entrenamenduei erreparatzen diet, kirolarien sentimenduak gertutik bizitzen ditut, eta horietako asko, gainera, lagunak ditut. Bat-batean, informazio lan bat egin behar duzu, inoizko garairik garrantzitsuenean den norbaitekin, eta itzela da hori. Handitasuna, mistika eta loria dira Olinpiar Jokoak, eta oso gutxi dute negatibotik: ia batere ez. Batek daki Tokiora joango garen ala ez, baina, joanez gero, eta bi urte barru zer-nolako esperientzia izan den galdetuz gero, ziur naiz izugarria izan dela esango dizudala.

Zein izan da Olinpiar Jokoetan bizi izandako unerik gogoangarriena?

Momentu eder asko bizi izan ditut. Zoragarria izan zen Londresen Richard Oriberen azken Paralinpiar Jokoetan egotea. Ikaragarria da kirolariekin dudan harreman bakoitza. Kazetaria zaren aldi berean, ezaguna edo gertuko norbait zara haientzat, haien babesa. Askotan, kirolariak berak norbaitekin hitz egin ahal izateko, zu zara gertuen duen pertsona. Baina, zalantzarik gabe, Maialen Chourrautek 2016an lortutako urrezko domina aukeratuko nuke. Ahaztezinak izan ziren bai proba, bai eguna bera. Garaipen ikaragarria izan zen, faktore askorengatik: irabazi zuen moduagatik, garaipenera bidean izandako zailtasun guztiengatik, ama izan berria zelako…

Historia egin zuen Chourrautek, eta, gerora, oharkabean, guk ere egin genuen gure historia txikia. Olinpiar Jokoen historian kirolari batek prentsaurreko batean lehen aldiz euskaraz hitz egitea harro sentitzeko moduko lorpena delako. Ederki oroitzen naiz une hartaz. Galdera egin baino lehen, niri begira jarri ziren denak, eta, euskaraz hasi nintzenean, artean begira jarraitzen zuten. Horrela egin nuen, Maialenekin euskaraz izan dudalako harremana betidanik. Hizkuntza arrotza zen haientzat, baina ederra izan zen. “Ados, nik ezin dut hau itzuli”, esan zuen itzultzaileak, eta Maialenek atzetik: “Lasai, nik egingo dut”. Eta euskaraz egin zuen gero. Baina hura bezain ederra izan zen une hark zer-nolako oihartzuna izan zuen ohartzea. Euskal Herritik mezu ugari jasotzen hasi ginen segidan.

Hain justu, Chourrauti buruzko dokumental bat egin zenuen iaz.

Dokumentalerako aitzakia ederra izan zen Brasilen bizi izandakoa. Ederra izan zen, zentzu guztietan. Kirolarien eguneroko lanari balioa emateko eta horri buruz hausnartzeko balio izan zuen.

Dokumentalen alorrean ere egin baituzu zure bidea.

Gauzak kontatzeko beste abiadura bat ematen didate dokumentalek. Niretzat, zinemagintzatik baino, dokumentalek gehiago dute kazetaritzatik eta antropologiatik. Bizipen mordo bat izan dut, eta, oro har, intentsitate handiko lanak izan dira. Euskarari buruzkoa neure kasa grabatu nuen, bi hilabetez batetik bestera bakarrik arituz. Kirolarien kasuan, oso harreman pertsonala izatera eraman naute.

50 herrialde baino gehiago bisitatu dituzu. Ofizio duzu bidaiatzea?

Bai, oso lotuta doaz nire ofizioak eta bidaiak. Lan ezberdin guztiek behartu naute bidaiatzera. Nahiz eta bidaiak plazera ematen didan, bidaiatzea ez dut plazeretik ulertzen. Afizioagatik ez dut hainbeste bidaiatu, eta hor ere baditut kontraesanak, gaur egun ez bidaiatzea baita iraultzaileena. Akaso, horregatik behar dut lanak ni bidaiatzera behartzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.