Irekitzeko datarik gabe

Urtebetean hilabete gutxi batzuetan bakarrik egon dira irekita elkarte gastronomikoak, eta batzuek uste dute bazkideen arteko harremanak "hozten" ari direla horren ondorioz. Lehen ere segurtasun neurriak "behar bezala" bete zituztela diote, eta orain ere ikusten dute horretarako aukera.

Miren Garate

Ez dakit honek guztiak zer faktura ekarriko duen; alegia, galdu ondoren, jendeak berreskuratuko ote dituen ohiturak: hori da gure beldurra”. Pako Sexmiloren hitzak dira, Donostiako Parte Zaharreko Kresala elkartearen batzordeko presidentearenak. Herria edozein koloretan egonda ere, urriaz geroztik itxita daude elkarte gastronomikoak, eta Labi batzordearen gaurko bileran ere ez da espero kontrako erabakirik. Hainbeste denboraren ostean, bazkideen arteko harremanak hozten ari diren sentsazioa dute Gipuzkoako beste elkarte gastronomiko batzuetan ere, eta, beharrezko segurtasun neurriak hartuta, ez dute arazorik ikusten irekita egoteko. Jarduera ekonomikorik ez duten arren, nabarmendu dute elkarte gastronomikoek ere badutela garrantzia.

Kresala, esate baterako, elkarte gastronomikoaz gain, kultur elkartea ere bada: helduen eta umeen danborrada taldea, dantza taldea, mendi taldea, eta abar ditu, eta jai giroko hainbat ekitalditan parte hartzen du. Ahal duten heinean, eutsi egin diete ikastaroei. “Baina elkarte gisa guretzat inportanteena dena galdu dugu: elkartzeko eta jendearekin egoteko eta hitz egiteko aukera. Galera handia da, eta triste gaude”. Ia seiehun bazkideko elkartea da, eta, Sexmilok kontatu duenez, jende batek bazuen ohitura astero elkartera joateko. “Dinamika horri eutsiko ote zaio gero? Zerbait aldatuko da, ziur; ez dakiguna da zenbat”.

Herri txikietako topagune

Donostian sortu ziren elkarte gastronomikoak, XIX. mendearen erdi aldera, eta gaur egun ere hantxe daude gehien: 120 inguru. Alabaina, nabarmentzekoa da herri txikietan duten garrantzia. Adibidez, 160 biztanleko herria da Gaztelu; ez dute tabernarik, baina bai bi soziedade. Elduainen ere, tabernarik ez, baina bai soziedadea. Eta, tabernak izanda ere, ia herri txiki guztietan funtsezko pieza dira. “Guretzat oso inportantea da soziedadea, igual beste herri handi batzuentzat baino inportanteagoa. Esango nuke herri txikietan arima moduko bat direla: elkartzeko, belaunaldi ezberdinetako jendearen artean ekintzak antolatzeko…”, esan du Jokin Muruak, Gabiriako Osinalde elkarteko bazkideak. Bostehun biztanle inguruko herria da Gabiria, eta hiru soziedade ditu: bi herrigunean eta beste bat Aztiria auzoan.
OSINALDE ELKARTEAREN 50. URTEURRENEKO FESTA

Mugimendua egoten dela kontatu du Muruak: “Nik neuk, adibidez, asko erabiltzen dut. Ostegunero afaria egiten genuen kuadrillatxo batek, eta, asteburuetan, afari edo bazkaririk ez izanda ere, igual trago bat hartzera joaten ginen”. Kontatu du herriko beste kuadrilla batek duela urte askotatik asteartero elkartzeko ohitura zuela. “Orain, elkartzeko toki hori galdu dugu”.

Bazkide kopuruari, erabilerari eta antolatzen diren jarduerei erreparatuta, “nahiko osasuntsu” ikusten du elkartea Muruak. Hain zuzen, Kresala bezala, elkarte gastronomikoa eta kulturala da Osinalde. Besteak beste, bertsolari gazteen Osinalde sariketa antolatzen dute, eta elkartean bertan egiten dute finala. Iazkoa hastear zela etorri zen konfinamendua COVID-19agatik, eta ezin izan zuten egin. Aurten, ordea, aurrera egitea erabaki dute, elkartea erabiltzeko aukerarik ez duten arren, kultur eragile gisa duten funtzio horri, behintzat, eusteko. “Aretoetan izango dira saioak, baina antolatu egingo dugu”.

INTXUR ELKARTEA

Eta herri txikietan bakarrik ez, auzoetan ere bilgune ia bakarrak izaten dira soziedadeak askotan. “Garai batean jendea elizara joaten zen bezala, orain elkartean juntatzen gara”, esan du Maitane Aldalurrek, Tolosako Aldaba auzoko Intxur elkarteko erabiltzaileak. Baserri-auzoa da Aldaba, eta ez dute tabernarik. “Urte osoan joaten ez diren batzuk ere bazkide dira oraindik, garbi dutelako bazkide izateari utziz gero ezer gabe geldituko garela Aldaban”.

Auzotar batzuk astero juntatzen ziren soziedadean, otorduren baten bueltan, eta hitzordu horiek balio izaten zuten astean zehar gertatutako gauzak komentatzeko, proposamenak egiteko nahiz festak, Martxoaren 8a eta abar antolatzeko ere. Guztiek elkar ezagutzen dutenez, mahaian batera esertzeko ohitura dute, gainera. Alabaina, Aldalurrek esan du pandemia hasi zenetik ia urtebete joan denean, elkartu ezinak eraginda, “harremanak hozten” ari direla igartzen dutela.

LARRAINGAIN ELKARTEA

Herri handiagoetan ere batzuentzat goitik behera aldatu da beren bizimodua elkarteak itxi zirenetik. “Gurean badago jende bat goizetik joaten dena elkartera, eta hantxe duena lagunartea. Orain gaizki ari dira pasatzen”, azaldu du Azibar Zelaia Oñatiko Larraingain elkarteko batzordeko presidenteak. Elkarte handia da, berdegunez inguratua, eta pandemia hasi zenetik bost hilabete baino gehiago daramatzate itxita. “Noiz arte?”: horixe da bazkideek gehien errepikatzen dioten galdera. “Ezin jakin, baina elkarteok izango gara irekitzeko baimena izaten azkenak”.

Irekitzeko eskaera

Urrian agindu zuen Jaurlaritzak elkarteak ixteko. Maiatzaren amaieratik ordura bitartean, hau da, irekita egon ziren denboran, tabernen pareko segurtasun neurriak bete behar izan zituzten. Hainbat herritan, udaltzainak ere ibili ziren arauak betetzen ote zituzten ikuskatzen. “Tartea gordez, sukaldean pertsona bakarra egonez, eta abar, ondo egin genituen gauzak. Orain ere, neurri batzuk hartuta, zergatik ez? Niri ondo iruditzen zait tabernak jada irekita daudenean elkarteei ere irekitzeko baimena ematea”, esan du Kresalako Sexmilok. Iritzi bera du Osinaldeko Muruak: “Iritzi pertsonala da, baina nik ez dut irekitzeko arazorik ikusten. Gure elkartea handia da, eta neurriak bete ditzakegu”.

Aldabako elkarteko Aldalurrek gaineratu du toki bakoitzeko berezitasunak ere kontuan hartu behar liratekeela. “Tolosa erdian dagoen ehun bazkideko elkarte bat ez irekitzea ulergarria izan daiteke, agian, jende asko delako, baina hemen oso gutxi gara. Kanpoan ere toki handia dago, eta, udara begira, terraza bat jartzeko aukera ere egongo litzateke”. Elizaren eta frontoiaren artean dagoen etxe batean dute elkartea. Beheko solairuan sukaldea dago, eta goian, umeentzako liburutegi bat, proiektorearekin eta ordenagailuarekin. Guztia dago itxita. “Bost ume izango dira Aldaban, eta horiek zergatik ezin dute joan liburutegira? Errazena etxean geratzea da, baina, birusa egon arren, elkarrekin bizitzen ikasi beharko dugu”. Zelaiak esan du Oñatiko Larraingainen ez dutela gaiari buruz asko hitz egin, baina nabarmendu du elkartea irekita egon zen bitartean jendeak arauak “oso ondo” errespetatu zituela, eta inor ez zela gaixotu elkartean.

Haren esanetan, elkarteko batzordean egoteko ere ez dira garairik errazenak. “Esaten digute zortea izan dugula lan gutxi egin beharko dugulako, baina denei esaten diet askoz nahiago dudala urte normal bateko lanak egitea aurtengoak baino”. Konfinamendua arinduz joan ahala, dekalogo bat prestatu behar izan zuten fase bakoitzeko neurriekin, eta bazkideek ere zalantza ugari izaten dituzte. “Batere erosoak ez diren” neurriak ere hartu behar izan dituzte, hala nola garbiketa enpresari esatea itxita zeuden bitartean ez zutela lanik izango.

Hain zuzen, soziedade gehienetan enplegua erregulatzeko espedienteak aplikatu zaizkie garbitzaileei. Bazkide batzuen egoera ekonomikoa ere okertu da, baina ez dute espero baja askorik. “Gurean, behintzat, lana galdu izana ez da izango elkartea uzteko motibo. Jarrai dezatela, eta hitz egingo dugu”, esan du Sexmilok.