Konpartsarik gabeak

Konpartsarik gabeak

Imanol Garcia Landa

Tolosako inauterietako ardatzetako bat da kaleetan izaten den irudimena mozorrotzekoan, eta konpartsak izaten dira horren errudun. Tolosako Udalak mozorro lehiaketa antolatzen du urtero, baina aurten ez da lehiaketarik izango, pandemiagatik ez baita inauteririk ospatuko kalean.

Indar Armatuen Eguna izeneko konpartsak irabazi zuen iaz lehen saria 1-10 pertsona bitarteko kategorian. Mikel Arribillaga (Ibarra, 1987) da kideetako bat. “Urtero gustatzen zaigu mozorroa originala izatea. Ideiak mahai gainean jartzen hasi ginenean, gogora ekarri genuen urriaren 12ko Espainiako indar armatuen egunean nola paraxutista bat farola batean trabatuta gelditu zen, eta ideia ona iruditu zitzaigun”.

Fronton kafetegiaren terraza erabiltzeko baimena eskatu, bertan Espainiako errege eta erreginez zein haien alabez mozorrotuko zirenak kokatu, eta aurreko zuhaitz batetik zintzilikatuta jarri zen paraxutistarena egin zuena. Arribillagari Felipe VI.a erregearena egitea egokitu zitzaion: “Oso ondo pasatu genuen. Jendea gelditu egiten zen, grazia egiten zion, eta oso gustura gelditu ginen izan zuen harrerarekin”. Lehenengo aldiz jaso zuten mozorro lehiaketaren saria, “oso pozik” jaso ere.

Hogei pertsona baino gehiagoko kategorian, berriz, Gure Zirkua konpartsak jaso zuen lehen saria. “Bigarren aldiz irabazi genuen, eta pozez jasotzen da horrelako sari bat”, esan du Marta Garcia bertako kideak (Tolosa, 1990). “Lan handia dago atzean, baina ilusioz eta gogoz egiten den lana da. Eta ez inauteriak gozatze aldera bakarrik, baita behin kalera aterata jendeari zerbait eskaintzeko ere”.

TOLOSAKO INAUTERIAK

Iaz, Gipuzkoako Artxibo Orokorraren aurrean jarri ziren Gure Zirkua konpartsako kideak, eta han eskaini zuten euren ikuskizuna. Garciak Poxpolo pailazoaren rola hartu zuen: “Taldean gaia atera zenean, asko gustatu zitzaigun bertako proiektu bati keinu bat egitea. Oso ondo pasatu genuen. Gure umore ukitua eman genion, eta, nolabait, benetako Gure Zirkua imitatu genuen”.

Egoerara egokitu behar

Arribillagak kontatu du kuadrillan onartuta zeukatela aurten ez dela izango inauteririk: “Hauxe da daukagun egoera, eta ez geunden bai edo ez esango ote zuten zain”. Gaineratu du, inauterizaleak izanagatik ere, orain festak “bigarren maila batean” jarri behar direla: “Jendearen osasuna da lehentasuna, lana gero…”.

Garciak “pena handiz” hartu du inauteririk ez izatea, eta azaldu du konpartsan horretaz ez dutela askorik hitz egin: “Uste dut iaztik gehienok aritu garela egoera berri honetara nola moldatuko garen pentsatzen. Gauza asko geratu dira bertan behera, eta inauteriena jakitean, kontu horri ez genion eman buelta askorik”.

Ez Arribillagak, ez Garciak ez dute egingo ezer berezirik inauterietan. “Egun normalak izango dira”, esan du Arribillagak. “Esaten ari badira gizarteko harremanak murriztu egin behar direla, guk ez dugu egingo festa alternatiborik”. Garciak azaldu duenez, taldean ez dute hitz egin zerbait antolatzeaz. “Ikusi egin beharko da Tolosa zer egoeretan dagoen, eta egoera horretara egokitzea tokatuko zaigu”.

Berezia izango da Tolosako kaleak inauteri girorik gabe ikustea. “Nik ez dut ezagutu halakorik”, esan du Arribillagak. “Lehenengo aldia izango da, eta espero dut bizitzako bakarra izatea. Datorren urtean ere inauteririk ez badago, mundua ondo ez dagoen seinale izango da”. Garciak ez du irudikatu nahi inauteririk gabeko Tolosa: “Ez dut askorik pentsatu nahi horretan. Aurten nire nahia da egun horiek lehenbailehen pasatzea, eta datorren urterako itxaropentsu egotea; ea orduan elkartzeko aukera daukagun”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.