Azokako erosketa, klik batean

Zumarragako Udalak Klik eta Jaso programa jarri zuen martxan orain hilabete eskas. Azokako erosketak erraztu eta bezeroekin harreman bide berriak sortzea da asmoa.

Josune Zarandona

Zumarragako historian atzera begiratuta, ezin da ukatu baserriarekin lotutako iragana duenik. Rosa Maiza Zumarragako Udaleko Sustapen Ekonomiko, Tokiko Garapen eta Berrikuntza zinegotziak adierazi bezala, Zumarragako herria “Antiguako baselizaren inguruan” sortu zen. Baserritarrek “gune sozial gisa” erabili zuten hasieran, gerora “gune erlijioso” bihurtu bazen ere. Aitzitik, Zumarragako industria garapena oso lotuta dago zumegintzari eta burdingintzari ere. Hain zuzen, Zumarragak “bere aniztasuna gizarte aberatsago baten mesedetan” erabiltzen jakin izan duela dio udal ordezkariak: “Bertakoak eta kanpotik etorritakoak modu sinple eta baketsuan elkarri lotzeko gai izan da Zumarraga”. Larunbatero herriko plazan egiten duten azoka horren adibide bizia dela uste du Maizak: “Herriaren iragan horri erreparatu nahi dio azokak, begirada etorkizunean jarrita”.

Hain zuzen, Zumarragako herriaren garapenari dagokionez, azoka “proiektu estrategikoa” da udalarentzat, “ez bakarrik arlo ekonomikotik begiratuta, baita gizarte edo alde emozionalari dagokionez ere”, zehaztu du Maizak. Hala, 2016an hasi zuen Zumarragako Udalak azoka biziberritzeko prozesua, lau ildotan banatuta: gune fisikoaren modernizazioa, marka eta nortasunaren lanketa, komunikazio plana eta ekintzen dinamizazioa. Ordutik, hainbat lan jarri dituzte martxan azokari bizi berria emateko lanean; azkena, orain hilabete aurkeztu zuten: Klik eta Jaso proiektua.

Proiektua, aurreratuta

Azokako salmenta esperientzia osatzeko eta bezeroekin harreman kanal berriak sortzeko helburua du Klik eta Jasok. Udalak, berez, “aurrerago” jarri nahi zuen martxan proiektu hori, baina, “pandemiak eraginda”, aurreratu egin dute. Itxialdian, azokako saltzaile batzuk eskariak Whatsapp bidez jasotzen hasi zirela ohartu ziren udalean; egoerak behartuta, “bezeroekin salmenta bide berriak” ireki behar izan zituzten. “Salmenta mota berri hori barneratuta zutenez, guk produktuak jaso ahal izateko bilketa gune bat jarri besterik ez dugu egin”, esan du Maizak. Bide batez, azoka larunbatetara bakarrik mugatu beharrean, urteko 365 egunetara zabaltzea ere bada asmoa, Maizaren hitzetan.

Zumarragako plazan baserritarrek postuak jartzen dituzten arkupeen alboan prestatu dituzte kutxatilak. Saltzaileek app bat jaitsi beharko dute sakelakora; erosketa uzteko aplikazioan sartu eta dauden 24 kutxatiletatik bat aukeratu beharko dute. Hiru tamainatakoak daude: txikiak, ertainak eta handiak. Kutxatila itxi bezain pronto, mezu bat iritsiko zaio erosleari sakelakora edo posta elektronikora, “erosketa zein kutxatilatan duen adieraziz eta irekitzeko kodearekin”, adierazi du Maizak. Hortik aurrera, erosleak hiru eguneko epea izango du erosketa jaso ahal izateko.

Kutxatilekin batera, Zumarragakoazoka.eus webgunea martxan jartzeko lanetan ari dira orain. Mundu birtualeko azokaren erakusleihoa izango da webgune hori: “Saltzaileen informazioa eta kontaktua agertuko dira, ez da market place bat izango”, aurreratu du zinegotziak. Astero azokan postuak jartzen dituzten 60 saltzaileetatik 32 atxiki dira, momentuz, proiektura. Baserritarrak dira hamabi, bestelako elikagaiak saltzen dituztenak sei, eta arropa, osagarri eta gainerakoenak hamalau.

Saltzaileak, zalantzan

Patxi Arizmendi aramarrak urteak daramatza Zumarragako azokan produktuak saltzen, eta begi onez ikusi du proiektua. “Jarritako guztia ondo dago”, esan du. Dena den, zalantza asko sortu zaizkio, “erosle gehienek produktua ikusi egin nahi baitute, eta eurek aukeratu”. Internet bidezko harremanak ere ez ditu begi onez ikusten. “Bezeroekin harreman zuzena izatea gustatzen zaigu”. Dena den, ez dizkio ateak itxi proiektu berriari, denborarekin “agian, oso ondo” funtziona dezakeela uste baitu, nahiz eta gaur-gaurkoz “zail” ikusten duen.

Iritzi berekoa da Legazpiko Makatza baserriko Aitor Mantxola ere; proiektua finkatzea “asko” kostatuko dela uste du. “Bezero berriak egiteko ere ez du balioko, baina azokara etorri ezin duen ohiko bezeroari produktuak iritsarazteko balio dezake”. Hasiera baino ez da oraindik, eta ikusi egin beharko da azokak ere egoera berrietara egokitzeko gai diren.