Jon Garaño: “Zinema aretoak dira pelikula bat ikusteko tokirik onena”

Jon Garaño: “Zinema aretoak dira pelikula bat ikusteko tokirik onena”

Karmele Uribesalgo

Moriarti ekoiztetxearen La trinchera infinita filma Oscar saria eskuratzeko lehian zegoen, baina ez du gainditu azken-aurreko langa. Jon Garaño (Astigarraga, 1974) zinemagilea da film horren egileetako bat, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagarekin batera.

Nola jaso duzue albistea?

Egia esan, penaz. Bagenekien ez zela erraza, baina Oscarretara iristeko esperantza geneukan. Nahiz eta ez egon faborito nagusien artean, agertzen ginen kinieletan. Variety zinema aldizkariaren aurreikuspenetan, esaterako, bageunden. Biblia bezalakoa da sailkapen hori, oso serio hartzen du jendeak. Nahiko fin ibiltzen dira, eta hamabostetik hamabi asmatu dituzte. Kanpoan gelditu diren hiru filmetako bat da gurea.

Kanpaina egin ohi da AEBetan, baina aurten ez da posible izan.

Esperientzia aberasgarria da bertan egotea eta hango industria ezagutzea. Gainera, ateak irekitzen ditu. Hemengo funtzionatzeko erarekin alderatuta, oso ezberdina da AEBetakoa. Askoz baliabide gehiago dituzte, eta beste mundu bat da. Loreak filmarekin egon ginen, eta oso esperientzia polita izan zen. Oraingoan online egin behar izan dugu kanpaina.

Zer esan nahiko luke zuentzat Oscar sarietara iristeak?

Saririk ezagunenak dira. Alde batetik, mapan jartzen zaitu lehia horretan egoteak, eta askoz jende gehiagok dauka zure berri. Bestalde, filma ezagunago egiten du, eta, ondorioz, ikusle gehiago lortzen dituzu. Hori da gure helburuetako bat: ahalik eta jende gehienak ikustea egindako lana.

Amaierako fasera iritsi ez bazarete ere, egindako ibilbidea garrantzitsua izango da, ezta?

Oso pozik gaude. Penak pasatuta, uste dut jende askorengana iritsi dela filma, eta harrera ona izan du. Sariak ere jaso ditu, eta Netflixen estreinatu zenean jende askok ikusi zuen. Oscarretarako bidea amaitu izanaren alde positiboa da karpeta itxi dezakegula. Izan ere, urte eta erdi igaro dugu proiektu horrekin bueltaka. Ongi dago etapak ixten joatea eta beste proiektu batzuekin buru-belarri jartzea, nahiz eta nahiago izango genukeen lehian jarraitzea.

Ikusleen iritziari ere garrantzia emango diozue, ezta?

Film bat ez duzu zure buruarentzat egiten. Ez da nahikoa norbera gustura gelditzea; norbaitengana iristea da kontua. Jakinda ezinezkoa dela denei gustatzea, bilatzen duguna da batzuentzat, behintzat, interesgarria izatea. Gero, egindako lanak hausnarketarako bidea zabaltzen badu, hobeto. Kasu honetan, nabari dugu pelikulak aurkitu duela bere publikoa, eta kontent gaude horrekin.

Pandemiak zer neurritan baldintzatu du zuen lana?

Profesionalki, guretzat txarrena izan da mugatuta gelditu dela filmak Frantziako Estatuan egin behar zuen ibilbidea. Iazko apirilean zen estreinatzekoa, baina konfinamendua zela eta, urrira atzeratu genuen. Behin data hori iritsita, filma estreinatu genuen egunean beste konfinamendu bat iragarri zuten, eta zinema aretoak itxi egin zituzten; gure filma bi egunez bakarrik egon zen aretoetan. Oraindik itxita daude, eta ez dakigu zein izango den filmaren ibilbidea Frantzian, baina ez dut uste berriz jarriko dutenik aretoetan. Bestela, batik bat idazketa prozesuan murgilduta gabiltza orain, eta ez digu bereziki eragin.

Sektorea ez dago garairik onenean. Hori muga bat da produzitzerako orduan?

Zinema aretoak oso egoera larrian daude, eta datuak negargarriak dira. Hala ere, kontsumoa igo egin da plataformetan. Agian, burbuila bat izango da, baina lanean ari da ikus-entzunezkoen industria. Banatzaileak, ordea, une latzak pasatzen ari dira, eta beldurra ematen du aretoen etorkizunak. Sekulako pena emango liguke gure filmak aretoetan aurkeztu ahal ez izateak. Nik oraindik sinesten dut pelikula bat ikusteko lekurik onena zinema aretoak direla.

Interesa badago, baina kontsumitzeko era aldatuko da, agian?

Aldatu da jada. Inoiz baino ikus-entzunezko gehiago kontsumitzen dugu. Pandemia egoeran ez daukagu aisialdirako askoz aukera gehiago, eta jendea inoiz baino film eta telesail gehiago ikusten ari da etxean. Kontsumitzeko erari dagokionez, ikusle batzuek sakelakoan ikusten dituzte filmak, eta nik ere bai batzuetan. Sortzaile moduan, pena ematen dit horrek, baina horren kontra ezin da ezer egin. Ulertu behar dugu ikus-entzunezko bat kontsumitzeko modu asko daudela. Dena den, uste dut zinema aretoak ez direla desagertuko. Ez da izango hain masiboa, baina jendeak ikusi nahiko ditu lanak baldintza onetan, beste batzuekin partekatuta. Horrez gain, film bat etxean ikustean, milaka distrakzio ditugu, eta hala moduz ikusten ditugu. Jarrai dezatela zinema aretoek!

Zer daukazue esku artean?

Aipatu izan da ingelesezko pelikula batekin ari garela lanean, baita telesail batzuekin ere. Dena da egia, baina horrek ez du esan nahi egingo ditugunik; prestatzen ari gara. Proiektu bat aurrera ateratzeko, bidean gelditzen dira beste bizpahiru, baina inoiz baino proiektu gehiago ditugu orain. Drama lantzen ari gara, baita komediatik gertuago dagoen zerbait eta thriller bat ere. Bat ingelesez da, beste bat gaztelaniaz, eta beste bat katalanez eta gaztelaniaz. Hala ere, oraindik ez dugu lortu finantzaketarik. Uste dugu uda aldean argituko dela hori.

Telesailik ez duzue egin orain arte…

Garatu izan ditugu proiektuak, baina inoiz ez dute aurrera egin izan. Zinemazaleak garen arren, telesailak bogan daude, eta istorio batzuk ezin dira kontatu 90 edo 120 minutuan. Ikusiko dugu zer ateratzen den hortik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.