Txertaketaren aurreko urratsak

Txertaketaren aurreko urratsak

Miren Garate

1 Astelehena da, 10:00ak pasatxo. Astelehenero bezala, UPS mezularitza enpresaren furgoneta bat iritsi da Hernaniko Bexen Medical Oiarso enpresara, ertzainek babestuta. Pfizer enpresaren txertoak dakartza, Gasteiztik. Belgikatik hegazkinez iristen dira hara, eta Osakidetzak txerto horiek behar dituela jakinarazi arte egoten dira han. Duela 40 urte sortu zuten Bexen Medical enpresa, eta osasun arloan aritzen da. COVID-19aren pandemiarekin, lehengo jarduerei eusteaz gain, lan arlo berriei ere ekin die: besteak beste, txertoak gordetzen eta maskarak egiten hasi da.

BEXEN MEDICAL OIARSO

2 Lau kaxa etorri dira aste honetan —bezeroarenak direnez, enpresako iturriek nahiago dute ez esatea zenbat txerto diren—. Itxura batera, kartoizko kaxa arruntak dirudite, eta ez dira oso handiak. Txerto dosiak daude barruan, eta haien gainean eta azpian, izotz lehorra, Pfizerren txertoak tenperatura oso baxuan mantendu behar baitira: -80 gradu inguruan. Txertoekin bateratsu iritsi dira bi ikuskatzaile ere: Eusko Jaurlaritzakoa eta Espainiako Osasun Ministeriokoa. Jasotako kopurua, sorten zenbakia eta abar begiratzen dituzte, espero zirenak direla egiaztatzeko.

BEXEN MEDICAL

3 Deskarga egin den lekutik metro gutxira dago ultraizozkailuen sala Bexen Medical Oiarson. Hamar daude gaur egun, eta iristear daude beste hogei. Stirling markakoak dira, eta haien berezitasuna da tenperatura egokitzeko aukera ematen dutela. Ultraizozkailu bakoitzean Pfizerren 300.000 dosi sartzen dira. Guztiekin, hamar milioi bakuna dosi gordetzeko aukera izango du enpresak. Baina ultraizozkailu guztiak ez dira txertoekin erabiltzen. Duela sei urtetik, lagin biologikoak ere gordetzen ditu Bexen Medicalek —odola, hezurrak, kornea…—. Ikerlarien, laborategien, farmazia enpresen eta abarren laginak izaten dira, badaezpada gorde beharrekoak.

ULTRAIZOZKAILUAK

4 Data logger bat ere izaten du kaxa bakoitzak, Pfizerrena: unean uneko egoera kontrolatzen duen gailu txiki bat da. Ondo egoteko, argiak berdez dituela etorri behar du. Kaxa irekitakoan itzali egiten dute gailua, eta txertoak iritsi direla jakiten du Pfizerrek. Bexen Medicalekoek nabarmendu dute ez direla txertoen eta laginen biltegi soil bat: “Eskaintzen dugun zerbitzua ez da mantentzea bakarrik. Trazabilitate kontrol osoa egiten dugu: hau da, gure bezeroek une oro jakin dezakete nola dauden beren txertoak eta laginak, zer tenperaturatan, egun batetik bestera zer gorabehera izan dituzten… Software propio batzuk eta abar ditugu horretarako”.

DATA LOGGER

5 Lehenbailehen sartu behar dira dosiak izozkailuan. Aurrena, berrogeialdia izeneko ultraizozkailura eramaten dituzte, beste urrats bat egiteko kontrolean. Ikuskatzaileek ez ezik, Pfizerrek ere egiaztatu egin behar izaten du bidali duena eta iritsi dena bat datozela. Besteak bezalakoa da berrogeialdirako izozkailua, baina egiaztatu artean ez dituzte nahasten dosiak. Egun berean jaso ohi dute Pfizerren oniritzia. Behin ultraizozkailuan sartutakoan ere kontrolatuta izaten dute sorta bakoitza non dagoen, eta zer tenperaturatan; horretarako, zunda moduko bat du ultraizozkailu bakoitzak. Bestelako segurtasun neurriak ere ugari dira: adibidez, sute bat izanez gero ere, itzalgailura konektatuta dago izozkailu bakoitza, eta lapurretarik ez izateko neurriak eta gaueko segurtasun zerbitzua ere badituzte.

ULTRAIZOZKAILUAK

6 Desizoztea izaten da hurrengo fasea. Bakunen kasuan, Osakidetza da Bexen Medicalen bezeroa; hark esaten die zenbat dosi behar dituen eta noizko. 4 eta 6 gradu artean desizozten dira, hozkailuetan, eta, gutxienez, hiru ordu behar izaten dira horretarako. Desisoztutakoan hasten da iraungitze dataren atzera kontaketa: bost egun. Eskatutako kopuru zehatza prestatzen dute Bexen Medicalen: hau da, ez dituzte kaxa osoak bidaltzen, kopuru zehatzak baizik. Adibidez, zahar etxe baterako, 50 dosi; ospitale baterako, 250… Nora doazen zehazten duen dokumentazioarekin jartzen dituzte desizozten. Banaketa egiteko ere kaxa berezietan sartzen dituzte, tenperatura egokian mantentzeko. Desizozteko erabiltzen diren hozkailu horietan, AstraZenecaren txertoak ere gordetzen ditu Bexen Medicalek. Distribuidora Farmaceutica de Gipuzkoak egiten du banaketa. Goizean goiz iritsi ohi dira haren ibilgailuak Hernanira, eta handik eramaten dituzte txertaketa egingo den guneetara.

ULTRAIZOZKAILUAK

Leave a Reply

Your email address will not be published.