“Haurtzaroa laburtzen ari da”

M. Garate

Jaialdi bateko antolatzaile batek deitu zion behin Enkarni Genuari. Zirikatuz, beren buruaren propaganda egiteko eskatu zion. Eta hau Genuak emandako erantzuna: “Begira, gure txotxongiloak normalak dira; maneiatzen ere ez gara espezialistak; dekorazioa ere ez da beste munduko ezer. Baina ipuin bat kontatzen eta umeen arreta erakartzen inork ez digu irabazten”. Kezkatuta joan zen igandeko emanaldira ere. Omenaldi ekitaldiak minutu batzuk hartuko zituela bazekien, eta umeak ordurako eserita zeuden; txotxongiloek gertutasuna eskatzen dute, eta Viktoria Eugenia beteta zegoen; segurtasun neurriengatik umeen eta gurasoen artean eserleku bateko tartea utzi behar zen… “Baina lehen unetik konektatu genuen umeekin; ikaragarri ederra izan zen”.

Hala ere, badute kezka bat: “Haurtzaroa laburtzen ari da, eta nerabezaroan askoz lehenago sartzen dira umeak”. 3 eta 9 urte artekoak dira beren ikusle gehienak; nerabe gutxi joaten dira gaur egun txotxongilo emanaldietara. Zaharragoak erakartzeko ikastetxeetan erabiltzen duen teknika bat kontatu du Genuak: “Esaten diet txikientzako ikuskizun bat egitera joan naizela ni, baina nahi badute gonbidatuta daudela, txikiak ez molestatzeko baldintzarekin. Amaitutakoan, txikiek alde egiten dutenean, nahi badute galderak egiteko aukera izango dutela”. Haren esanetan, asko animatzen dira horrela, eta galdera ugari egiten amaitzen dute.

Tolosako Topic zentroak egiten duen lana ere goraipatu dute, nahiz eta hilabete zailak ari diren izaten azkenak. “Txotxongiloak, gu bezala, zenbait miseria pasatzen ari dira. Bizirik iraungo dute, baina horretarako sortzaileak behar dituzte”. Txotxongillo Taldeak herriz herri jarraitzen du, baina azaldu dute dagoeneko ez dutela obra berririk sortzen, ez bada zerbait txikia. “Sar daitezela gazteak halako nahastean”. Beren ibilbidean barrena ondutako zazpi-zortzi lanekin jarraitzen dute.

Prestakuntza prozesua

Ikuskizun baten prestakuntza prozesuan, kontatu dute gidoia idaztea izan ohi dela lehen urratsa. Horrekin batera, ordea, nola antzeztu ere pentsatu behar izaten dute. “Izan ere, gu ez gara egoten atzean. Hasieran eredu hori hartu genuen, baina gero hainbat modutara azaltzen hasi ginen”. Eszenografia da prestatu beharreko beste kontuetako bat, eta panpinak ere bai. “Modelatzea, margotzea eta hori guztia nire kontua izaten da. Txotxongilo horiek, ordea, mugimendua eduki behar dute, eta parte teknikoa Manolok egiten du”.

Musika ere izaten dute emanaldi batzuetan. Joan den igandean, esaterako, Ixiar Jauregi eta Lara Mitxelena aritu ziren txalaparta jotzen. “Azken batean, antzerki oso bat egitea da”.

Oraindik ere “albistegi batzuk” geratzen zaizkiela dio Genuak, baina nabarmendu du baduela poz bat: “Badakit Erreka Mari-k nik baino gehiago iraungo duela, ikastetxe guztietan dagoelako, eta Mariona-k ere bai”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.