Igor Lasa: “Iaz baino bostehun federatu gehiago ditugu dagoeneko”

Igor Lasa: “Iaz baino bostehun federatu gehiago ditugu dagoeneko”

Miren Garate

Mendia eta naturguneak ihesbide bilakatu dira pandemia garaiotan. Jende gehiago dabil eremu horietan, eta federatzeko premia ere gehiagok ikusi dute. “Horrek ez du esan nahi jende hori ez zenik mendian ibiltzen”, azaldu du Igor Lasak, Gipuzkoako Mendizale Federazioko koordinatzaile teknikoak (Errenteria, 1972). Pozten dira aire zabaleko jardueren arrakasta ikusita, baina arduraz eta errespetuz jokatzeko eskatu dute, eremu horien erabilera okerrari buruzko kexak asko ugaritu direlako.

Federatu kopuruari begiratuta, nolako bilakaera izan du Gipuzkoako Mendizale Federazioak azken urteetan?

Goraka joan gara, eta urtero 200-300 federatu gehiago izan ditugu. 16.300 federatu izan genituen iaz, inoiz izandako kopururik handiena, eta aurten, oraindik bi hilabete bakarrik pasatu diren arren, iaz baino bostehun gehiago ditugu dagoeneko: hau da, 16.800. Normalean, urte hasieran federatzen dira gehienak, eta uda aurretik ere egoten da boom txiki bat, kanpora doan jendearena. Dena den, urte osoan egoten da federatzeko aukera, eta batzuk abenduko zubirako ere federatzen dira.

Zuen ustez, federatuei Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mugitzeko aukera eman izanak eragin du gorakada hori?

Azken hilabetean, bai. Albiste guztietan atera denez mendian federatuta gaudenok beste herrietara joateko baimena dugula, aukera horrek federatzera bultzatu du jendea. Baina horrek ez du esan nahi jende hori ez zenik mendian ibiltzen. Esan bezala, iaz ere gora egin zuen kopuruak, eta orduan mugikortasunari begira ez zegoen alde handirik. COVID-19arekin etxean egon behar izan dugunez, jendearentzat ihesbide bihurtu da mendira edo naturara joatea, eta askok orain ikusiko zuten federatzeko beharra.

Kezkatzen zaituzte igoera hori zerbait puntuala izateak?

Bakoitza nahi duenagatik federatuko da, baina guk nahiko genuke ez izatea aurtengo anekdota soil bat, baizik eta jarraipen bat izatea honek, batez ere gazte jendearen artean. Guretzat pozgarria da ikustea gazteek mendi giroan antolatzen dituztela asteburuetako planak, eta gustatuko litzaiguke orain deskubritzen ari diren hori beren bizitzan sartzea pixkanaka, ona dela pentsatzen dugulako.

Zergatik komeni da federatzea?

Mendiko asegurua da abantaila nagusia. Kalean ere min har dezakegu, baina mendian, zuhurtziaz ibili arren, edozein despisterekin min hartzeko aukera dago. Osakidetzaren bidez ere arreta ona dagoen arren, mendiko aseguruarekin arreta estuagoa izaten da; aldea dago. Horrez gain, federatuentzako beste hainbat zerbitzu ere baditu federazioak: lehentasuna eta prezio hobeak prestakuntza ikastaroetan, deskontuak mendiko aterpetxeetan eta denda batzuetan, Pyrenaica aldizkarian harpidetza, aholkularitza…

Mendira zenbateko maiztasunarekin joaten direnei gomendatzen diezue federatzea?

Mendira urtean bitan bakarrik joanda, zorte txarra litzateke min hartzea, baina, maiz joanez gero, nik uste dut merezi duela federatzea. Asteburu gehienetan edo oporretan mendira joaten direnei federatzea gomendatuko genieke.

Hiru estaldura mota eskaintzen dituzue: Espainiako Estatukoa, Frantziako Pirinioak, Marokoko Atlasa eta Andorra barne hartzen dituena eta mundu osokoa. Zein izaten da ohikoena?

Pirinioak gertu egonda, haien estaldura ere ematen duena hartzen da gehien, baina adinaren arabera ere izaten da: 18-65 urte bitartekoetan, Frantziako Pirinioak hartzen dituena da ohikoena; 65 urtetik gorakoek Espainiakoa hartzen dute gehiago, eta mundukoa hartzen duten gehienak 25-50 urte bitartekoak izaten dira.

Aipatu duzu pandemiaren eraginez ugaritu egin dela mendira eta naturguneetara joateko ohitura, baina eremu horien erabilera okerrari lotutako kexak ere ugaritu egin dira. Kezkatzen zaituzte gertatzen ari denak?

Egoera honetan, ulertzen dugu jendeak naturara jotzeko beharra izatea, baina kezkatzen gaitu kontuak. Ingurune natural batera bagoaz, arduraz jokatu behar dugu ingurumenarekin, ondare arkeologikoarekin eta landa eremuan bizi eta lan egiten duen jendearekin: landareak, zuhaixkak, animaliak eta abar errespetatu egin behar ditugu; ezin dugu nahi dugun lekuan aparkatu; atakak itxi egin behar dira, eta abar. Kexa asko daude azkenaldian. Hiriko ohiturak naturara eraman ordez, betiko mendizaletasunaren ohitura edo balioak erakutsi behar zaizkio hiriko jendeari. Hori da guk nahiko genukeena.

Eta segurtasunaren aldetik, nabaritu duzue erreskateak ugaritu egin direla?

Gabonen inguruan elurra egin zuen, eta, hemendik ateratzerik ez zegoenez, bertan izan genuen aukera lehen Pirinioetan egiten genituen ekintzak egiteko; hau da, jende asko ibili zen eskiatzen eta abar, eta orduan ugaritu egin ziren erreskateak, jendeak min hartu zuelako, galdu egin zelako eta abar. Pirinioetan egiten ziren erreskateak hemen egin behar izan ziren. Baina elurra joanda, uste dut berriz ere normaltasunera bueltatu garela.

Gainerakoan, nola eragin dio COVID-19aren pandemiak Gipuzkoako Mendizale Federazioari?

Mendi elkarteek osatzen dute federazioa, eta elkarteak saiatu dira gauzak antolatzen, seiko taldeetan eta abar. Eskola kirolari dagokionez, urtarrilaren 18an hasten genituen hastapen jarduerak, eta, urtarrilaren 12an baimena eman zutenez eskola kirolari ekiteko, izan dugu antolatzeko aukera. Eskola gutxiagok deitu digute aurten, baina, behintzat, bi monitore lanean izango ditugu maiatzaren amaierara arte. Beste ekitaldi batzuk bertan behera utzi behar izan ditugu, eta beste batzuk atzeratzen ari gara. Gure jarduerak aire zabalean direnez, abantaila dute leku itxietakoekin alderatuta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.