“Orokorrean, emakumeen bizkar gainean dago zaintzaren ardura”

“Orokorrean, emakumeen bizkar gainean dago zaintzaren ardura”

Josune Zarandona

Miren Elgarrestak (Zumarraga, 1965) joan den legegintzaldian hartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariaren kargua: 2015ean. Albaitaritza ikasketak egin zituen, eta bere ibilbide profesionala lanbide horri lotuta egon zen aurretik; Arantzazuko Artzain Eskolan albaitari teknikari izan zen. Politikari dagokionez, 2007an egin zen EAJko kide, eta 2015eko udal hauteskundeetan Oñatiko alkategai izan zen. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko bidean bi ardatz nagusi azpimarratu ditu: “Genero indarkeria eta kontziliazio arduratsua”.

Nork zaintzen du? Jar dezagun agerian. Egin dezagun dagokiguna da aurtengo Martxoak 8rako aukeratutako leloa. Zaintza lanak ikusaraztea, baloratzea eta gizarte osoaren artean banatzeko beharra azpimarratzea ditu helburu?

Gure bizitzan azpimarratu beharreko esparrua da zaintza. Norbanakoengan eta modu kolektiboan antolatu behar den zeregin bat da. Bizitza ziklo osoari eragiten dio, haurtzaroan hasi eta zahartzaroraino. Zaintzarena ez da kontu berri bat, baina azkenaldian inoiz baino agerikoagoa da, gizartean espazio publikora salto egitea lortu du eta. Gaia ezaguna den arren, sakona bezain konplexua da egin beharreko hausnarketa. Argi ikusi da emakumeen eta gizonen berdintasunaren testuinguruan zaintzaren antolaketa guztiz desorekatu bat dagoela. Horrek erakutsi digu ezberdintasun nagusia erroetan dagoela. Gure bizimoduari eusteko, nabarmena da beste antolamendu baten beharra, orain dagoena ez baita oso iraunkorra.

Lan horien atzean dagoen gizonen eta emakumeen arteko banaketa desorekatuaz hitz egin duzu.

Hau da berdintasun politiken alorrean dauzkagun errealitate gordinetako bat. Orokorrean, emakumeen bizkar gainean dago zaintzaren ardura, eta horrek, neurri handi batean, emakumearen bizitza baldintzatzen du. Emakumeengan sortzen duen kostu soziala, ekonomikoa eta pertsonala handia da. Emakume askorentzat pasaezina da, baina gizarte guztiarentzat ere hala izan beharko luke. Zorionez, gizartean joera aldaketak nabaritzen hasiak gara, baina ez dira nahikoa. Ez gara nekatuko esateaz zaintza lanek emakumeen eta gizonen artekoak izan behar dutela. Baina gizartea ez da berez aldatuko: bitarteko berdintzaileak aktibatu behar ditugu helburu horiek lortu nahi baditugu.

Zer ardura dute erakundeek horretan?

Erakunde publikoak zaintza publikoaren beste bitarteko bat dira. Emakumeak lan mundura salto egitean hutsik utzitako zaintza espazioaren zati bat erakunde publikoen esku dago orain. Zenbait adituk lau erpin dituen diamante batekin irudikatzen dute zaintzaren esparrua, eta lau erpin horietan eragitea beharrezkoa da zaintza sistema orekatu bat osatu ahal izateko. Administrazio publikoa, familia, gizarte zibila eta merkatua bera lirateke aipatutako lau erpin horiek.

Zaintza erdigunean jartzeko beharra feminismoaren aldarrikapen handienetako bat da. Hain zuzen, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren barruan botere publikoei eskatzen zaie ordaindu gabeko zaintzak eta etxeko lanak aitortzeko eta baloratzeko. Zer-nolako garrantzia du horrek?

Zaintzaren alorrak irakurketa sistemiko baten beharra dauka. Orain arte, irakurketa hori oso era dikotomikoan egin da, edo publikoa edo pribatua, edo ordaindua edo ez-ordaindua… Etorkizunari begira eraikiko dugun estrategiak komunitate sisteman eragin beharra dauka, herrigintzan, espazioan, denboran… gure bizitzaren iraunkortasunaren alde egingo duten alor guztietan. Horren adibide litzateke iaz Beasaingo Udalarekin elkarlanean martxan jarri genuen HerriLab proiektua. Kontziliazio erantzukidearekin lotutako gaiak herritarrekin landu eta horiekiko sentsibilizazioa bultzatzea du helburu.

Bestalde, pandemiaren ondorioz hartu behar izan diren neurriek zaintza familia esparrura ekarri dute berriz. Nolako zaintza guneak behar ditu Gipuzkoak? Zalantzarik gabe, gizonak inplikatutako espazioak behar dute izan, baita gizarteko beste eragile guztiak inplikatuko dituztenak ere.

Berdintasunari dagokionez, zer egoeratan dago Gipuzkoa gaur egun?

Pandemiaren unerik gogorrenean argitaratu zuten Europa mailan egiten den Genero Berdintasunaren Indizea, 2020ko maiatzean. Ordura arte, Gipuzkoari askotan egin zaio berdintasunaren esparruan aitzindari izatearen aitortza, baina ikuspegi subjektibo batetik beti. Iazko maiatzean lehenengo aldiz egin zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako genero indizearen kalkulua Europak erabiltzen dituen parametroetan oinarrituta. Indize horren arabera, ikuspegi objektibo batetik, eta datuak mahai gainean jarrita, esan dezakegu berdintasun politiken ikuspegitik Gipuzkoa oso herrialde aurreratua dela. Bosgarren postuan kokatu da, Suedia, Danimarka, Finlandia eta Frantziaren atzetik.

Orokorrean, genero berdintasunaren indize horrekin gure egoera zein den jakin dugu. Indize horren barruan kalkulatu dituzten beste adierazle batzuekin batera, posible izango da gizarte politikak modu eraginkorrago batean bideratzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Foru Plana onartu zuen 2020ko urrian. Zertan datza? Zer helburu ditu?

Legealdi osorako baliagarria izango den plan bat da. Tamalez, pandemiaren garaian egin behar izan dugu, eta prozesuaren hastapenetan jarraitu beharreko metodologia berrasmatu behar izan genuen. Partaidetza handia izan da, aldundiko departamentu guztietako ordezkariek, udaletako berdintasun teknikariek, emakumeek eta talde feministetako kideek hartu baitute parte prozesuan.

III. Foru Planari dagokionez, lau lan lerro nabarmendu behar dira: Gobernu Ona deitu dioguna, batetik, aldundi osoari eragin behar diona. Zeharkako politika garen heinean, beste esparruetara zabaltzea da gure egitekoetako bat. Erronka bat da guretzat.

Emakumeen ahalduntzea, bigarrenik. Funtsezko ildo nagusietako bat izango da, eta talde feministekin elkarlanean egingo dugu. Hirugarrena, ekonomia eta gizarte antolakuntzaren eraldaketa, berdintasun ikuspegi batetik; emakumeen eta gizonen bizitzako esparru guztietan etengabe errepikatzen ditugun rol eta estereotipoak haustea ahalbidetzea. Eta laugarrena eta azkena, Aurre II programa, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza bat sustatuko duena.

Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko bidean, bi zutabe nagusi azpimarratu dituzu sarri: sexu indarkeria eta kontziliazio arduratsua.

Berdintasun politikaren alorrean aintzat hartu beharreko oinarrizko bi zutabe dira, aldi berean landu beharrekoak, halabeharrez elkarri lotuta baitaude. Ezin da indarkeria arazo bat gainditu aurretik ez badugu eragin emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunetan. Aurreko legealdian, adibidez, lanketa sakona egin genuen aztertzeko nolakoa behar zuen erakundeen erantzun publikoak edozein eraso izanez gero. Erasoak salatzeko erantzun publiko egoki bat beharrezkoa da herritarrak sentsibilizatu nahi baditugu.

Lana eta familia uztartu ahal izateko bitartekoak jartzeak izan beharko luke gizartearen erronka nagusietako bat?

Gizarte moduan emakumeok eta gizonek daukagun erronka nagusia demografikoa eta produktiboa da. Gizarte bezala, oso bizkor ari gara zahartzen: gizarte zaharkitua da gurea. Zalantza handiak sortzen ditu horrek, eta bide horretatik nekez lortuko dugu belaunaldien arteko erreleboa. Gaur egun, %1,3ko jaiotze tasa daukagu, gutxieneko %2,1 horretatik urruti. Datu horiek ulertzeko faktore asko daude, baina zaintza emakumeen bizkar gainean egoteak eragin handia duela esan daiteke.

COVID-19aren egoeran, elementu berriak agertu dira emakumeak jasaten ari diren indarkeria motari dagokionez. Zertan eragin du, batez ere?

Itxialdi zorrotzeneko garaian, osasun arriskuagatik etxean geratzeko mezua zabaldu zen, halabeharrez. Indarkeria matxistaren ikuspegitik, ordea, kontraesan inplizitua zuen mezu hark. Izan ere, etxea ez da leku atsegina eta segurua mundu guztiarentzat. Indarkeria sufritzen duten emakume askori egoera pribatizatzea ekarri zion horrek. Itxialdiak babesik eza eta bakardade sentsazioa areagotu egin zuen emakume horiengan. Aldundiak, itxialdiaren hastapeneko une hartan, ezohiko egoera horrek emakumeengan zer-nolako eragina izan zezakeen aztertzeko lurraldeko dinamika bat gauzatu zuen. Udal ordezkarien eta Berdintasun arloko langileen zein gizarte langileen partaidetza zabala izan zen, eta gida bat izan zen prozesuaren emaitza, larrialdi egoeran dagoen indarkeria sexistari aurre egiteko jarraibide berriak proposatzen zituena.

Testuinguru horretan, azpimarratu nahiko nuke adineko emakumeen kolektiboak sufritzen duen diskriminazio bikoitza. Bat, emakumea izate hutsagatik, eta bi, adinekoak izateagatik. Balio matxistetan hezi eta sozializatu diren emakume horiek indarkeria egoerak normalizatzeko joera dute. Indarkeria askotarikoa izan daitekeela ulertu behar da: ekonomikoa, soziala, emozionala…, eta, noski, baita fisikoa ere. Oso gutxitan ikusi ditugu adineko emakumeek beraiek salatutako egoerak. Orokorrean, identifikatzeko konplexuagoak dira kasuok, are gehiago pandemia garaian.

Salaketen kopuruak behera egin du pandemia garaian. Indarkeria kasuak, bere hartan, murriztu egin direla esan nahi du horrek?

Indarkeria matxista egiturazko arazo bat da, bere horretan ulertzeko konplexua. Kasu honetan, salaketak izozmendiaren punta baino ez dira. Emakume askorentzat, salaketa ez da irtenbide bat, ez die arazoa konpontzen, eta hori ere aipatu beharreko errealitate bat da. Pandemia garaian, indarkeria sufritu duten emakume askok euste estrategiak erabili dituzte euren etxe barruan. Bizirik irauteko euste estrategiak, alegia.

Balizko erasotzailearekin etxean egun osoan elkarrekin bizitzearen ondorioz, ohiko laguntza bideetara jotzeko zailtasun gehiago zituzten emakume askok. Horregatik, banakako mekanismoak garatu behar izan zituzten askok. Ezagutza horretan sakondu beharra daukagu, egoera horietan zer bide alternatibo eskain daitezkeen ikusteko.

Lan asko egin da, baina oraindik asko dago egiteko. Zertan jarri behar da indarra etorkizunari begira?

Aurrera begira landu beharreko indarguneak, une honetan, Berdintasunerako III. Foru Planean garatutako prozesuan identifikatuta daude. Zintzotasun osoz aitortu beharra daukat zeregin handia dugula egiteko.

Bide horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromiso sendoa dauka gaur egun. Orain arteko ibilbideak oso balorazio ona izan du, eta, orain, maila horri eustea izango da erronka. Are gehiago, etorkizunean Gipuzkoa ezberdintasun gutxien duen Europako lurraldeen artean kokatzea nahiko genuke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.