Urtebete putzuan

Juan Luis Zabala

Urtebete jada putzuan sartuta! —esan zidan. —Zer putzu? —Galdetzea ere! Koronabirusarena, motel! Pandemia!

—Barkatu. Azkenerako ohitu egin gaitun, eta putzuan gaudela ahaztu.

—Izango duk ba amesgaizto hau amaitzeko gogoa, ezta?

—Jakina! Amaituko ahal da! Baina nire kasuan nahiko erraza izan dun ohitzea. Etxetik egiten dinat lana, bidaiatu gabe aise etsitzen dutenetakoa naun, etxezulo samarra, irakurtzeaz gain pelikulak eta telesailak ikusteko aukera zabala zeukanat etxean, kirol pixka bat ere egitea bazegon etxetik gertu baino ez bada ere… Beste kontu bat izango luken honek gazteago harrapatu banindu, edo lanik eta diru sarrerarik gabe utzi banindu…

—Edo, are okerrago, birusak ZIUra bidali bahindu, edo…

—Bai horixe! Ez niken halakorik nahi! Baina azken batean, hondamendia den neurrikoa dela ere, bakoitzak egokitzen zaion lekutik begiratzen zion, ezta? Eta, ahal den artean, aurrera egiten din.

—Egia duk hori. Niri ere ez zidak hainbeste eragin kontu honek, baina nekatzen hasita nagok. Pentsaezinak ziren eta lehen guztiz onartezintzat geneuzkan neurrietaraino murriztu zigutek askatasuna, eta ia-ia protestarik gabe onartu diagu hori. Are gehiago, protesta egiten dutenen aurka ere jarri gaituk kasu askotan, eta ez arrazoirik gabe, batez ere protesta egiten dutenei batzuetan entzuten dizkiegun argudio txoroak aintzat hartuz gero.

—Ikasgai handiak ematen ari zaigun pandemia: horietako bat, ez dagoela erabateko justiziarik. Bidegabekeriatzat jotzen dena ere, indarkeriatzat jotzen dena bezala, ez dela beti gaitzesgarria, “datorren tokitik datorrela”, askotan esan izan den moduan.

—Bitxia duk, alde horretatik begiratuta, askatasunaren aldarri erradikalak egindako ezkertiar asko debekuen alde mintzatzen eta are debeku gehiago eta zorrotzagoak eskatzen entzutea; eta eskuin muturreko batzuk, berriz, mugimendu askatasunaren aldarri sutsuak egiten.

—Alderantzizkoak ere badaudela ahaztu gabe. Hau bai izaten ari dela benetan gai transbertsala!

—Beste gauza asko ere irakatsi zizkiguk dagoeneko pandemia nazkagarri honek. Adibidez, bizi gaitezkeela gutxiagorekin eta gutxiago mugituta…

—… baina edozein egoeratan ere, goian daudenek, oro har, beren buruaren alde jokatuko dutela, behekoek baino pribilegio handiagoak izateko moldatuko direla beti…

—… dauzkagun arazorik larrienak gero eta globalagoak direla, ezinezkoa dela eskualde bat, herrialde bat, estatu bat guztiz independentea izatea erabakietan…

—… baina horretan ere estatu boteretsuenek abantaila handiak izango dituztela beti pobreenen eta ahulenen aldean…

—… gutxieneko adostasun batzuk beharko direla lehenbailehen gure planeta eta gure bizimodua, geure bizitza bera ere, mehatxatzen duten fenomeno global gero eta larriagoei aurre egiteko…

—… baina adostasun horietara iristeko daukagun ezintasuna begien bistakoa dela, eta konpontzen oso zaila…

—… norberaren askatasunaren gainetik jarri behar dela, egoerak hala eskatzen duenean behintzat, besteekiko elkartasuna…

—… baina oso zaila dela neurria non dagoen jakitea, are zailagoa denok hori onartu eta horren arabera jokatzea…

—Ez haut oso baikor ikusten.

—Ez. Beldur naun ikasgairik nabarmenena eta agerikoena ez ote den izango, azkenean, gizakiok ez dugula ezer ikasten horretarako aukerarik egokiena pare-parean jartzen zaigunean ere!

Leave a Reply

Your email address will not be published.