Aulkian eserita, bidaia AEB-etara

Aulkian eserita, bidaia AEB-etara

Unai Zubeldia

Motown Detroiteko (AEB) diskoetxe entzutetsuari begira jarriko dira bihar Hondarribian. Proposamen horrekin dator Amua elkartearen urteko lehen Amua Klub jaialdia. “Bizpahiru eguneko egitaraua antolatu izan dugu orain arte, baina formatu txikiagoan ariko gara aurrerantzean”, adierazi du Ernesto Toledo Hondarribiko Amua zinema eta musika festibalaren arduradunak. “Jaialdi bakoitzean, musika film-dokumental bat proiektatzen saiatuko gara beti, ahal dela zuzendariak berak aurkeztuta, izaera pedagogiko-dibulgatibo hori emateko eta emanaldi soilean ez gelditzeko”. Toledok esan duenez, bide horretan urtean hainbat saio antolatzea da euren erronka. “Jaialdi bizia izan dadin nahi dugulako”.

Motown: the sound of young America (Motown: Amerika gaztearen soinua) aukeratu dute asteburu honetarako, eta prest dauzkate We are the moods Mod musikari buruzko bigarren Amua Kluba, berez iaz egitekoa zirena eta bi egunetan emango dutena —apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean—, eta Berri Txarrak musika taldeari buruzkoa, urteko hirugarrena; ekainaren 19an izango da azken hori. “Urtean hiruzpalau antolatzen saiatuko gara beti”, zehaztu du Toledok.

Biharko saioari dagokionez, 18:15ean zabalduko dituzte Itsas Etxea auditoriumeko ateak. “Eta puntualtasuna eskatzen dugu, neurri zorrotzak errespetatu beharko ditugulako, arazorik egon ez dadin”. Hasi, 18:30ean hasiko da jaialdia. “Nahiz eta aurretik zuzeneko DJ emanaldi bat egongo den, jendea aretora sartzen den bitartean”. Luis Lapuente Dr. Soulek —eta Radio3 irrati kateko esatariak— egingo ditu Motown musikarako sarrera eta aurkezpen lanak, Zoom plataformaren bidez, eta Luka&Royo bikoaren jazz emanaldiarekin gozatu ahal izango da gero.

FonKi Cheff DJak Motown musika gaur egungo erritmoetara ekarriko du jarraian. “Nahasketa harrigarriak egingo ditu, zuzenean”. Eta Hitsville: the making of Motown (Hitsville: Motownen historia) musika dokumentala eskainiko dute azkenik. “Iazkoa da dokumentala, eta Berry Gordy eta Smokey Robinson, Motown diskoetxearen jabeak dira protagonistak. Bizirik daude biak, eta euren ahotsean entzun ahal izango dira Detroiteko mugimendu horri buruzko azalpen guztiak”.

BERRY GORDON

Pandemia egoeran egonda ere, Toledok ziurtatu du ez dela egon arriskurik aurtengo jaialdiak ere bertan behera geratzeko. “Guk, azken finean, auditoriumean egiten ditugu saioak, eta Eusko Jaurlaritzak ondo zehaztuta dauzka arau guztiak: ikusle kopuruaren murrizketa [400etik 122ra jaitsi behar izan dute], bertaratzen diren guztiei tenperatura hartzea, eskuetan gela botatzea…”. Bi ordu baino gutxiagoko emanaldia izango da, gainera. “Gune itxietarako araututa dagoelako hori ere”. Aurtengo lehen jaialdiak ez du izango aurrekoen traza handirik. “Sartu, aulkian eseri, ikusi eta entzungo dutenarekin gozatu, eta etxera. Desberdina izango da aurtengoa, gauean egin ohi genituen ekintzak bertan behera utzi behar izan ditugulako, noski. Baina kultura babesten jarraitu nahi dugu, eta egun polita igaroko dugu, ziur”.

22 sarrera bakarrik jarriko dituzte salgai bihar, txarteldegian bertan —16:30ean zabalduko dute—. “Baina Amua Festibala Hondarribia Youtubeko kanalean ere jarriko dugu berandu baino lehen, sarrerarik gabe gelditu direnek ere goza dezaten”. Ildo horretan, aurreko saioen bideoak ere ikusgai daudela gogoratu du Toledok. “Izaro Andresek eskaini zuen kontzertukoa, tartean”.

Zinema jaialdia, abenduan

Amua proiektuaren barruan, musika film laburren zinema jaialdi bat ere antolatuko dute aurten Hondarribian. “Europa guztian Burgosen [Espainia] bakarrik dago antzeko jaialdi bat; hutsune bat dago alor horretan”. Horregatik ari dira prestatzen jaialdi berri hori; ondo bidean, abenduaren 3tik 5era egingo dute. “Espero dezagun ordurako pandemia baretuta egotea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.