Jolastu, eta itzuli

Jolastu, eta itzuli

Miren Garate

Kartak, rubik kuboak, puzzle batzuk, mahai jolasak, ihes gelei lotutako jolas modernoagoak eta abar; estrategia lantzekoak nahiz taldean jolastekoak; denbora asko eskatzen dutenak eta azkar amaitzeko aukera ematen dutenak; bideo jokorik eta halakorik ez. “Ahalik eta mota gehieneko” hirurogei jolas inguru aukeratuta, sorta bat prestatu du Urnietako Udalak, herritarrei maileguan uzteko, liburutegiek liburuekin egin ohi duten antzera. Joan den astean jarri zuten martxan zerbitzua.

Mikel Artola Gazteriako zinegotziak azaldu du konfinamendu garaian bururatu zitzaiela ideia gazteen informazio puntuko eta gaztelekuko hezitzaileei. “Ikusi zuten itxialdian lokalak geldirik zeudela, eta lokaleko material guztia ere bai. Horri erabilera emateko modua bazegoela iruditu zitzaigun”. Hala, lehendik zituzten jolasekin nahiz erosi dituzten beste berri batzuekin osatu dute maileguan jartzeko eskaintza. Nabarmendu du saiakera berezi bat egin dutela euskarazko materialarekin. “Zerbitzu guztia euskarazko jolasekin ematea zaila da, baina euskarazko jolasak hartu nahi dituenak horretarako aukera bermatua izatea nahi genuen”.

Liburuekin bezala

Haurrentzako ludoteka itxia dute oraindik herrian, burbuilen kontuagatik ez zitzaielako komenigarria iruditu martxan jartzea; gaztelekua eta gazteen informazio bulegoa ireki dituzte, baina, hala ere, egokitzat jo dute zerbitzu berri hori abiatzea; izan ere, igartzen dute aurreko urteetan baino jende gutxiago joaten dela gazteei bideratutako leku horietara, izan edukiera kontuengatik, familien beldurragatik nahiz batzuetan konfinatuta egotea tokatzen zaielako gazteei. “Jendeak ezin badu jolastera etorri, behintzat jolasak etxera eramateko aukera izan dezatela”.

Funtzionamendu sinplea du mailegu sistemak. Jolasak edukitzeko gela bat prestatu dute gazte informazio puntuan, eta mahai bat jarri dute erdian, bakoitza zer den ikusteko, eta, beharrezkoa izanez gero, hezitzaileek nola jolasten den erakutsi ahal izateko. Maileguan hartzen den jolasa astebetean eduki daiteke etxean, nahiz eta beste inork ez badu erreserbatu epe hori luzatzeko aukera ere badagoen, eta kasu batzuetan jolas bat baino gehiago ere eraman daitezkeen etxera aste berean; epea amaitzerako, gazte informazio puntura itzuli behar da hartutakoa, eta hezitzaileek dena behar bezala dagoela eta piezarik ez dela falta egiaztatuko dute. Gaur egungo osasun egoerarengatik, berriz ere mailegatzeko prest jarri aurretik, berrogeialdian jartzen dute erabilitako materiala.

Zerbitzua erabili ahal izateko, orri bat sinatzeko eskatzen diete herritarrei, jolasak ondo zainduko dituzten konpromisoa har dezaten. “Edozeini gerta dakioke zerbait, baina gutxienez entregatzeko orduan hezitzaileari esateko eskatzen dugu, jakin dezan zerbait falta dela eta neurriak har ditzan: berria erosi, konpondu arte katalogotik kendu…”. Ez dute adin mugarik jarri jostailuak hartu ahal izateko, baina, adin txikikoak izanez gero, gurasoen sinadura behar izaten dute. Artolaren esanetan, gazteentzat “ardura moduko bat” ere badakar zerbitzuaren erabilerak, herritar guztiena den zerbait erabiltzeak materiala behar bezala jaso eta entregatzea eskatzen baitu.

Luzatzeko aukera

Asteartetik ostegunera izaten da maileguak egiteko aukera, gazteen informazio puntuan, 17:00etatik 19:00etara. “Momentuz, horrela jarri dugu, eta jendea etortzen hasi ahala ikusiko dugu ea nahikoa den edo egun gehiago edo gutxiago behar diren”.

Triptiko bat helarazi diete herritar guztiei egitasmoaren nondik norakoen berri izan dezaten, eta gaztelekuko hezitzaileek ere erakutsi diete gazteei zertarako aukera duten. Zerbitzua osasun egoerak bultzatuta jarri dute, baina, martxa hartzen badu eta jendeak harrera ona egiten badio, luzatzeko aukera ere ez dutela baztertzen adierazi du Artolak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.