Makinen adimena jomugan

Makinen adimena jomugan

Beñat Alberdi

Sakelako berriek, adibidez, gero eta aukera gehiago eskaintzen dute, adimena dela medio; are gehiago bertsio berriak merkaturatu ahala. Ez da, ordea, bere kabuz pentsatzeko gai den gailu teknologiko bakarra. Hor sortzen da galdera: zertarako erabili adimen hori? Horri erantzuteko asmoz, akordio bat sinatu dute MU Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak eta Sherpa Ai gai horretan aditua den enpresak. Datuak lortzeko eta aztertzeko adimen artifiziala nola erabili ikasiko dute ikasleek.

Zehazki, MUren Business Data Analytics (Negozio Datuen Analisia) graduan sartuko dituzte Sherpa Ai enpresaren irakasgaiak. Izan ere, datuak “petrolio berria” direla azaldu du Aitor Bediaga gradu horren koordinatzaileak: “Datuek merkataritzako hurrengo iraultza bideratuko dute”. Izan ere, azken urteotan izan diren aldaketek, hots, antolatzeko eraldaketa digitalak eta datuak lortzeko eta pilatzeko teknologiaren garapenak, bestelako garrantzi bat eman diote informazioari.

Datu horiekin zer egin lantzen dute graduan, betiere erabilera horrek hoberako izan behar duela ahaztu gabe. Informazioa aztertzen eta lantzen ikasten dute, gizartea bera eta erakundeak nola hobetu jakiteko.

Tartean sartzen da adimen artifiziala. Baina zer da? “Datuak baliatuta, makinek, gizakiek bezala, ulertzeko, arrazoitzeko, ikasteko eta erabakiak hartzeko daukaten gaitasunaz hizketan ari gara”, azaldu du Xabier Uribe-Etxebarriak, Sherpa Ai enpresaren sortzaileak. Teknologia hori, sarritan, “etorkizuneko robotekin edo hitz egiten duten makinekin” lotzen dela gaineratu du Uribe-Etxebarriak, baina gizakiaren ordezkoa ez, haren osagarria dela azpimarratu du.

Uste baino aparatu gehiagok erabiltzen dute adimena egunerokoan; hala nola pantaila nagusia desblokeatzeko hatz marka erabiltzen duen sakelakoak edo matrikula irakurtzen duen aparkalekuak. Uste baino datu gehiago prozesatzen dute makinek.

Sherpa Ai enpresaren esperientziak “baliabide gehiago” izateko balioko die ikasleei. Ikasketek iraun bitartean, hainbat enpresak “benetako erronkak” jartzen dizkiete ikasleei, eta zortzi-bederatzi astean erantzun behar izaten diote erronka horri. “Ikasleek tresna kutxa zabalduko dute”, azaldu du koordinatzaileak. “Eta erronkei aurre egiteko baliabiderik puntakoenak ezagutuko dituzte”. Uribe-Etxebarriak gehiago zehaztu du prozesua: “Gure teknologia probatuko dute ikasleek, eta aplikazioak modu erraz eta intuitiboan sortzen ikasiko”.

Zer teknologia baliatzen du, ordea, Sherpa Aik? 2012an sortu zuten enpresa, adimen artifiziala aplikatzeko, eta hainbat proiektu garatu dituzte ordutik. Besteak beste, Espainiako Prisa komunikazio taldearekin lan egiten dute. Euren algoritmoak erabilita, “erabiltzailearen esperientzia hobetzea eta edukiak pertsonalizatzea” lortu dute.

Datuen babesa izan da, ordea, arrakastarako gakoa. Izan ere, adimen artifizialean munduko hamar enpresarik onenen artean dago Sherpa Ai. “Pribatutasuna funtsezko balio teknikoa da”, esan du Uribe-Etxebarriak. “Horregatik, datu pribatutasunari aplikatutako plataforma bat sortu dugu, adimen artifizialean puntakoa”. Plataforma hori erabiliko dute MUko ikasleek.

Etorkizunera begira

Enpresak Bilbon dauka egoitza bat, eta Silicon Valleyn beste bat, AEBetan. 8,5 milioi euroko inbertsio bat lortu berri du, baina aukera ekonomikoak baino gehiago, “garatzeko galdera etikoak” nabarmendu ditu Uribe-Etxebarriak. Osasuna jarri du adibide gisa. Gaixoen datuak trukatzeak “aurrerapausoak emateko aukera” zabalduko luke haren hitzetan, baina euren pribatutasuna bortxatuko luke. “Nola garatu daiteke eredu bat informazio hori partekatu gabe?”, galdetu du. “Horretarako aukera ona da gure plataforma, segurua eta pribatua delako”.

Uribe-Etxebarria “ilusioz” dago Euskal Herriko multinazional bat “gaur egungo sektorerik puntakoenean hazteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.