2020-2035 plana

Gipuzkoako oztopoak iragazkortzeko plan gidaria-n Gipuzkoako sei ibai arroetan esku hartzea jasotzen da. 228 oztopo kendu edo leundu nahi dituzte, ibaien konektagarritasuna handitzeko.

Egoera, arroz arro

Bidasoko arroa. Bost espezie migratzaile nagusiak —kolaka, izokina, lanproia, aingira eta amuarraina— kontserbatu izan dituen arro bakarra da Bidasokoa. Planean, Jaizubia errekan dauden lau oztopotan esku hartzea jasotzen da, errekasto osoa iragazkortzeko. Erreka horretan arrain hiruarantza ere badago, mehatxatuen Euskadiko katalogoan sartua.

Oiartzungo arroa. 21 oztopotan esku hartuko dute: bederatzi Oiartzun ibaian daude; beste bederatzi, Sarobe errekan, eta hiru, Karrika errekan. Yurrita errotaren presa txikia da oztopo nagusia, nahiz eta izokinaren familiakoek hura gainditzea lortzen duten. Oztopoa iragazkortu nahi dute. Karrika erreka iragazkortzea, berriz, bisoi europarrarentzat eta muturluzearentzat izango da onuragarria, batez ere.

Urumea arroa. Hamabi oztopotan esku hartuko dute: horietako zazpi Urumea ibaian daude; hiru, Añarbe ibaian, eta bi, Tolarieta errekan. Planaren arabera, lehengoratzeko potentzial ekologiko handiena duen ibaietako bat da, Hernanitik gora oso gutxi dagoelako urbanizatuta, eta balio handiko 20 km ibai daudelako, Nafarroan beste 23 km-rekin lotzen direnak. Arrainek arazoak izan ohi dituzte ibilgu nagusian dauden presa txikiak gainditzeko. Tolarieta errekastoko jarduketei esker, berriz, izokina bertan sartzea, gorantz joatea eta ugaltzea lortu nahi dute. Añarbeko presaren eta Añarbe II zentral hidroelektrikoaren presaren iragazkortasuna ere biltzen ditu planak.

Oria arroa. 114 oztopori egingo zaie aurre Oriaren arroan: 29 Oria ibaian daude, eta gainerakoak, ibaiadarretan. Orain arte egin dituzten lanei esker, izokina berriro sartu da arroan. Aurrerantzean egingo dituztenak batuta, ibaiaren ardatza ia iturbururaino iragazkortu nahi dute. Erreken konektibitatea ere handituko dute, eta amuarrainak izango dira onuradun nagusiak, gaur egun elkarren artean loturarik ez duten populazio handiak baitaude.

Urolako arroa. Aingirarentzat ez beste espezie migratzaileentzat erabat iragazgaitza da, eta, konektagarritasunaren ikuspuntutik, okerren dagoen ibaia. 39 oztopotan esku hartuko dute, planaren arabera —horietatik 22 ardatz nagusian daude—. Ibaiaren ardatza ia iturbururaino iragazkortzea da asmoetako bat. Helburuen artean daude Granadaerreka errekastoa iturbururaino iragazkortzea eta Ibaieder eta Errezil ibaiak lotzea ere, amuarrainentzat eta bisoi europarrarentzat duten balioagatik.

Debako arroa. 38 oztopotan lan egingo dute: hemezortzi ardatz nagusian daude, eta jarduketek ibaia 40 kilometrotan iragazkortzea ekarriko dute, Arrasateraino. Egiaztatu dute aingira, itsas amuarraina eta kolaka daudela arroan. Oztopoak kentzea aingirarentzat izango da mesedegarria batez ere, gaur egun arroaren goiko aldean gutxi baitaude. Ubera, Angiozar, Arantzazu eta Oñati ibaiei dagozkien iragazkortasun jarduketak, berriz, amuarrainentzat dira onuragarriak bereziki.

Leave a Reply

Your email address will not be published.