“Gu ginen mugitzen ginenak, baina herria zegoen atzean”

“Gu ginen mugitzen ginenak, baina herria zegoen atzean”

Beñat Alberdi

Historiako hainbat momentu gorde ditu Jose Luis Elkorok (Elgeta, 1935) bere liburutegian. Izan fisikoak: argazkiak, dokumentuak zein liburuak; edo izan memoriak, liburutegi ez hain fisikoan. Intxortako fronteak ez zuen urrun harrapatu ia jaio ahalaz bat. Argazkietan gordeta dauka gurasoen etxea nola gelditu zen bonbek jota. Liburutegirako ateak zabalik ditu oraindik.

1960ko hamarkadan sortu zenuten Alkartunai elkartea, Bergaran, eta udalak egin beharreko lanak osatzen zenituzten. Frankismo garaian, udal paralelo bat zen zuena?

Ez dut esango udal paralelo bat ginenik, baina ia-ia. Administrazioa oso motela zen, eta herriak behar asko zituen. Adibidez, anbulantziarik ez zegoen, eta arazo larriak zekartzan horrek. Ospitalea ere berreskuratu genuen, erretiratuen egoitza, anbulatorioa… Gorrentzako egoitza bat prestatu genuen, eta Euskal Herri osotik etortzen ziren, besterik ez zutelako. Besteak beste, Aspaceren sorreran ere aritu ginen. Ikusita gauza askotarako udalera joan behar genuela baimen eske, ni zinegotzi sartzea erabaki genuen.

Garai haietan posible zen udal politikan eragitea?

Haiek agintzen zuten [frankistek]. Guk ez geneukan konpetentziarik. Zortea izan nuen, dena den. Sartu nintzenean frankistak zeuden, baina bazegoen frankista ez zen talde bat, eta gehiengoa ginen gu.

1976an izendatu zintuzten Bergarako alkate. Nolatan?

Franco hil eta gero, Arias Navarro Espainiako presidenteak lege berri bat sortu zuen. Horren arabera, 10.000 biztanle baino gehiagoko herrietan zinegotziek aukeratu zezaketen alkatea. Gehiengoa probestu genuen.

Franco hil eta gero zein zen Hego Euskal Herriko egoera?
Oso dinamikoa izan zen hamarkada: Burgosko epaiketa, zentral nuklearren aurkako borroka… Hemen autopistaren aurkako borroka izan genuen. Hasieran oso polita zen dena. Espainiako Estatuko lehenengo autopista eraiki behar zuten, Europak ordainduko zuen eta ingurumena errespetatuko zuen. Espainiako enpresa batek irabazi zuen konkurtsoa, hala ere; Rafael del Pinok, Calvo Soteloren koinatuak. Goitik behera aldatu zuten proiektua. Adibidez, zubibideak Zarautz herriaren gainetik pasatu behar zuen.

AP-1 autobidearen aurka egiteko antolatu zineten. Mugimenduaren lehen urratsa izan zen hura?

Bai. Isilean biltzen ginen. Gertutik zaintzen zituzten horrelako ekintzak. Bergarak, Arrasatek, Zarautzek eta Oñatik osatzen genuen talde bat, eta gero batu zitzaizkigun Aretxabaleta eta Eskoriatza. Madrilera joaten hasi ginen, eta Rafael del Pino eta [Leopoldo] Calvo Sotelorekin batzen ginen han. Esaten genien ez geniela utziko obra eraikitzen, eta, azkenean, ez ziren ausartu. Duela urte gutxi bukatu dute handik datorren AP-1a.

Herri mugimenduak erabaki politikoak alda ditzakeenaren testigu izan zineten zuek?

Gu ginen mugitzen ginenak, baina herria zegoen atzean. Manifestazioak oso handiak izaten ziren. Madrilen errespetua zioten hemengo mugimenduari.

Bergarako alkateen mugimenduaren aurrekaria izan al zen aldez aurreko antolakuntza hori?

Beste herrietan gure filosofiaren kanpaina egiten hasi ginen. Hiru eskaera genituen: presoak, euskara eta 1931ko Lizarrako Estatutuaren antzeko zerbait. Talde bat ginen gu, eta herrietan zabaltzen genuen mezua. Horrek desadostasuna ekarri zuen udalen eta herritarren artean. Udalen aurka mobilizatu zen jendea. Administrazioak frankistak ziren, eta ez zeuden eroso. Alkate askok dimisioa eman zuten, eta beste batzuok aukera izan genuen sartzeko; hala nola, Arrasaten, Zarautzen eta Oiartzunen.

1976ko uztailean batu zineten Hego Euskal Herriko alkate eta zinegotziak foruak berreskuratzeko eskatzeko. Orduko errealitatea irauli nahi zenuten?

Gauza garrantzitsuren bat egiteko aukera nabari genuen giroan, eta erreferentzia bat bageneukan, alkateen mugimendutik sortu zelako Lizarrako Estatutua. Antzeko bat egiteko asmoa geneukan guk.

Zenbat lagun batu zineten?

20.000 inguru izango zirela kalkulatzen dut. Ekitaldi garrantzitsua izan zen, eduki aberatsarekin. Gerran egondakoak batu ziren. Frankismo garaian ez zuten izan aukerarik arnasa hartzeko, eta pila bat gozatu zuten egun hartan. Ekitaldi hartan egon ziren [Xabier] Arzalluz, [Carlos] Garaikoetxea, [Jose Antonio] Ardanza eta Jose Antonio Agirreren alarguna [Mari Zabala], besteak beste. Nik ez nituen ikusi beste batzuk, baina esan zidatenez, han zeuden Jose Maria de Areilzaren, Espainiako Atzerri Arazoetako ministroaren, emaztea eta alabaren bat.

Ez zenuten jaso mugimendua gelditzeko errepresiorik?
Bezperan etorri zitzaidan Guardia Zibilen komandantea Donostiara. Esan zidan ez zigula utziko ekitaldia egiten. Goizean [Espainiako] gobernadore zibilarekin egonda nengoen. Galdetu zidan zer egin behar genuen. Zer? Bada, kontu legalak; hau da, udalbatzar bat eta meza bat. Legala bazen, utziko zigula esan zuen. Guardia Zibilak, berriz, ezetz. Grisek hartu zuten Bergara. Arrasateko Udalak oinez etortzea erabaki zuen. Kontrola zegoen San Prudentzion, ordea, eta ez zieten pasatzen uzten. Jende mordoa zegoen. Ekitaldia 11:00etan hastekoa bazen ere, eurak etorri arte ez ginela hasiko esan genien. Azkenean, utzi zieten pasatzen.

Ezin da hitz egin garai haiei buruz Telesforo Monzon aipatu gabe. Bazenuten harremanik?

Ez zen egon ekitaldian, baina haren emaztea bai [Maria Josefa Ganuza]. Monzonek komunikabideen bidez jarraitu zuen, eta oso gustura zegoen emaitzarekin. Nik eman nuen hitzaldia. Harremana hasita geneukan aurretik, haren familiaren etxea tarteko: Olaso dorrea [Bergara]. Intxortako fronteak iraun zuen zortzi hilabeteetan, Bergaran zeuden kargu frankistak, eta bere etxea erabili zuten. Gero, egon ziren bertan zirkulu karlista, emakumeen sekzioa eta Sindikatu Bertikala. Han egon ziren, baina ez zuten zaindu. Teilatua puskatuta zegoen eta eraikina oso egoera txarrean. Etxea konpontzeko jarri ginen harremanetan harekin eta Isidro anaiarekin.

Orduko beste ekinbide bat izan zen Txibertako elkarrizketena. Euskal Herriko alderdiak eta eragileak batzeko xedea zegoen hauteskundeetara elkarrekin joateko. Nola sortu zen ideia?

Arduratuta geunden. Dena egiten zen klandestinitatean, baina erakunde mordoa zegoen, denak zatituta, bakoitza bere aldetik. Udalean pentsatzen genuen banatuta ez genuela ezer lortuko, eta Telesfororengana joan ginen. Hark esan zigun horretan ari zela lanean. Jadanik hitz eginda zeukan EAJko eta ETAko zuzendaritzekin. Hiru ETA zeuden orduan: militarra, polimilitarra eta bereziak. Ekinbidea aurrera eramateko asmoa zutela azaldu zigun, berak aurkituko zuela bileretarako tokia, eta gainerako eragileekin egoteko gu. Bederatzi ziren. Guztiekin bildu ginen, eta biltzeko ados zeuden denak.

Elkarrizketek ez zuten, ordea, espero zenuten emaitzarik izan, ezta? Zer pasatu zen?

Hasieratik egon zen korapilo bat, ETAk mahai gainean jarri zuena. Esaten zuten ezin zutela aurrera egin preso denak askatu arte. Proposamenarekin denok geunden ados, baina EAJk esan zuen ez zuela erantzungo, kontrastatu egin behar zuela. Hurrengo bilerara etorri ziren eta argitu zuten, baldintzak edozein izanda ere, presoak kalean nahiz barruan egonda, eurak aurkeztu egingo zirela. Ezetz esan genien guk. Bilera gehiago egin genituen, baina ez genuen lortu EAJk beste guztiekin bat egitea. Hori izan zen Txiberta eteteko arrazoia.

Presoen gaiak bakarrik moztu zituen elkarrizketak?

Hau ere aipatzekoa da: guk galdetu genion EAJri zer pasatu zen, eta erantzun zigun Madrilen indarra zeukan alderdi batekin joan behar zuela, eskumenak han zeudelako. PSOE zen alderdi hori. Itun autonomiko bat egin zuten biek. PSOEk, eskatutako denari esaten zion baietz orduan: autonomia, euskara, askatasuna, Nafarroa sartzea… Hauteskundeetan emaitza onak lortu zituen EAJk, baita PSOEk ere, baina ituna hautsi egin zuten sozialistek. Zer lortu zuten horrekin? Jeltzaleei iruzurra egin zieten, eta Txiberta hankaz gora jarri zuten.

Adolfo Suarez Espainiako presidentearekin bildu zinen amnistiaren auzia negoziatzeko, ezta?

Txibertan geundela, presoak kalera atera nahi genituen. Suarezengana joatea erabaki genuen presoak aska zitzaten eskatzeko. Batzorde bat sortu genuen, eta Madrilera joan ginen. Alferrik genbiltzala esan zigun, berak ez zeukala gaitasunik horrelako erabakirik hartzeko. Hala esan zidan: “Espainiako ekilibristarik onena naiz ni. Alanbrearen gainean nabil, eta olioa botatzen didate etengabe”.

Amnistia iritsi zen, dena den. Nola hartu zenuten denek?

Gogoan daukat, ostirala zen. San Prudentzio elizan bideo bat erakutsi zuten Yeuko uhartean [Frantzia] zeuden etakideen baldintzen inguruan. Etxera leher eginda itzuli nintzen, zein baldintza eskasetan zeuden ikusita. Goizeko ordu bietan jaso nuen telefono deia; kazetari bat zen: ‘Ez al haiz enteratu? Presoak askatu ditik Espainiako Gobernuak’.

Sortuko zituen bere eztabaidak, ezta?

Askatuko zituztela jakin zutenean, eztabaidak hasi ziren presoen artean. Batzuek zioten ez zutela eurek hartu behar erabakia, [ETAko] zuzendaritzak baizik. Madrildik deitu zidaten zuzendaritzakoekin egoteko. Telesfororekin egon nintzen, hark batu zitzan. Hitzordura iritsi orduko han zeuden sei edo zazpi ordezkari, talde denetakoak. Batek esan zuen: “Nortzuek irten behar dute? Espetxekoek, ezta? Bada, orduan haiena da erabakia”. Denak zeuden ados. Beheko aretoan geunden batuta, eta lehenengo solairuan zegoen telefonoa. Nik deituko nuen Madrilera, baina ordezkari guztiak nirekin nahi nituen; entzun zezatela argi zer esaten nuen. Denen aurrean deitu nuen, eta erabakia azaldu nien. Horrela hasi ziren presoak irteten.

Herri Batasuna sortzeko lanetan ari zineten urte haietan. Nolakoa izan zen prozesua?

Lehenengo, Telesforo Monzon etorri zen hona [Hegoaldera]. Askatasunaren Ibilaldia aprobetxatu zuen Euskal Herrira itzultzeko. Izugarrizko harrera egin zitzaion Bergaran. Kaleak beteta zeuden, baita balkoiak ere. Udaletxean eman zuen hitzaldia, 40 urte eta gero etxera itzuli zela eta eskerrak emateko. Olaso dorrea ez zegoen inor bizitzeko prest, baina bertan egin zuten lo, lo-zakuetan. Bergaran bizi zela jardun zuen lanean.

Zein lan egin zuen?

Gerora ezker abertzalea osatuko genuenekin batu zen, eta Altsasuko Mahaia osatu zuen. Talde asko zeuden, eta denak elkartu zituen. Euskadiko Ezkerra ere bazegoen Altsasun, nahiz eta gero irten egingo zen. Ondoren, Bergaran egin genuen ekitaldi bat, eta Mahai Nazionala sortu genuen. Hiru geunden Gipuzkoatik: Telesforo Monzon, Jokin Gorostidi eta ni.

Egin egunkariaren sorreran ere jardun zinen. Ezkerreko prentsaren beharra ikusi zenuten?

1977ko irailean kanpaina egiten ari ziren Mariano Ferrer eta. Ni ez nintzen izan sortzaileetako bat, baina sartu egin nintzen hasieratik. Mariano etorri zen proiektua aurkeztera, eta oso lotuta nengoen ideia harekin. Dirua eskatzen zuten, eta ni egin nintzen Bergaran batutakoaren arduradun. Hurrengo urtean biltzarrera joan nintzen, eta oso txarra zen egoera.

Zergatik?

Saltzeko aurreikuspenak ez zirelako betetzen eta sarrerarik ere ez zutelako. Zulo galanta egin zuten ekonomikoki. Denek dimisioa eman zuten, eta administrazio kontseiluko lehendakaritza eskaini zidaten.

1980ko hamarkadan ez zen erraza izango ezkerreko komunikabide bat kudeatzea, ala?

Egurra eman ziguten alde guztietatik. Publizitate asko sartzen zitzaigun, baina automobilenak ziren onenak. Izan ere, marka guztiak geneuzkan. Egun batetik bestera desagertu egin ziren, ordea. Mehatxatu egin zituzten eta desagertu egin ziren. Enpresaren bat gure orrietan ikusitakoan, mehatxatu egiten zuten. EAJk instituzioetako laguntza kendu zigun gero, eta epaiketak izan genituen. Izatez, diru laguntza batzuk ematera behartuta zeuden, eta ez zituzten ematen.

Oraindik ere egurra jasotzen jarraitzen du Gara egunkariak…
Ogasunari ordaintzeari utzi genion. Ez ezin genuelako. Ikusten genuen guk bakarrik ordaintzen genuela Euskal Herrian. Ez ziguten barkatu. Hortik dator Gara jasaten ari dena.

Egin-ekin lotuta auzipetu zintuzten 18/98 sumarioan. Espetxean zeunden, hala ere, Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide izateagatik. Bi epaiketak pilatu zitzaizkizun.

Egin-en administrazio kontseiluko kideak ginelako epaitu gintuzten. [Espainiako] Auzitegi Nazionaleko kalabozoetan nengoela etorri zitzaidan Jone Goirizelaia [abokatua]. 100 orriko dokumentu bat eman zidan, [Baltasar] Garzon epailearen instrukzioa. ETAko kide modura agertzen nintzen ni, Egin egunkaria zuzentzen zuen ETAko kide gisa, baina ez nintzen Egin-eko langile bat ere. Orduan pentsatu nuen bai ala bai espetxean bukatuko nuela.

Zigorrik gogorrena jarri zizuten: 24 urtekoa. Baina 2009an epaileak ebatzi zuen Egin-en jarduera legala zela. Nola ikusten duzu auzia atzera begira?

77 urteko eskaerak egin zituzten. Zer pasatu da? Egin-ekin hanka sartze galanta egin zutela; ETArekin harreman zuzena zeukala uste zuten, baina gero onartu dute ezetz. Lehenengo Ertzaintza sartu zen egoitzara, informazio bila, eta gero, Guardia Zibila. Ez zuten ezer aurkitu, ez zegoelako.

1989ko azaroaren 20an hil zuten Josu Muguruza HBko diputatua, tiroz, Madrilgo Alcala hotelean, besteak beste, zeure aurrean. Gainditu al daiteke horrelako egoera bat?

Zazpi ginen, eta Madrilera joaten ginen mandatua betetzera, hala esanda. Inbestidura saioaren bezperan joan ginen eta Alcala hotelean geunden. Alcalatik gertu dago euskal jatetxe bat. Bertan ginen afaltzekoak. Iñaki Esnaolak esan zuen giroa bero zegoela eta hobe genuela hotelean gelditzea.

Nik, hoteleko mahaian, aurrean neukan Josu Muguruza. Nire eskuinean zeuden [Jose Luis Alvarez Enparantza] Txillardegi eta Iñigo Iruin, eta ezkerrean, berriz, Itziar Aizpurua. Nik ikusi nuen furgoneta, flash moduko bat. Konturatu nintzen mahai oihala bazihoala behera eta basoak erortzen ari zirela. Zer gertatu zen? Josuk mahai oihalari heldu zion, eta harekin batera zihoan lurrera. Mahai azpira jaitsi nintzen, eta arnasa ezin hartuta zegoela ikusi nuen. Lasterka atera nintzen anbulantzia eske, baina inor ez zen mugitu; ni bakarrik. Itziar entzuten nuen zarataka; [Iñaki] Esnaola artatzen ari zen. Etorri zen anbulantzia eta bion artean atera genuen Josuren gorpua. Inor ez zen mugitu. Jatetxea beteta zegoen, eta inor ez zen jaiki.

Ospitalean egoera hobea aurkitu zenuten?

Sartu ginen, eta esan zuten hilda zegoela Josu. Han geundela etorri zen beste anbulantzia bat Iñakirekin; gidaria eta biak, beste inor ez. Konortearekin zetorren, eta “animo, ondo zaude eta!”, esan nion. Irribarre egin zidan eta konortea galdu zuen.

Madrilen eraginik izan zuen atentatuak?

Gela bat eman ziguten gu egoteko, eta beste senatari eta diputatuak etortzen hasi ziren. Alderdi guztietakoak etorri ziren, baita PSOEkoak eta APkoak ere. Baina ez zen azaldu EAJko inor.

Leave a Reply

Your email address will not be published.