Eraberritze soilagoa eta merkeagoa

Eraberritze soilagoa eta merkeagoa

Miren Garate

Pandemia lehertu zenean, iazko udaberrian, hastear zeuden Donostian Koldo Mitxelena kulturunea eraberritzeko lanak. Urtebete atzeratzea hobetsi zuten, eta hilabeteotan “birdimentsionatu” egin dute hasierako asmoa; hau da, egoera soziala eta ekonomikoa ikusita, soilagoa eta merkeagoa izatea erabaki dute. “Iruditzen zitzaigun ez genuela hain proiektu handizalerik behar momentu honetan”, azaldu du Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatuak. Baina, egin, egingo dute eraberritzea. Buruan dituzten epeak betetzen badira, udazkenean hasiko dituzte lanak, eta hiru ardatz nagusi izango dituzte: irisgarritasuna hobetzea, gaizki dauden elementu arkitektonikoak berritzea eta espazio gehiago jartzea erabiltzaileen eskura.

Sei milioi euro inguruko aurrekontua du oraingo proiektuak, hasierakoak baino %30-%40 txikiagoa. Diputatuaren esanetan, kultur eragileei bideratutako laguntza lerroak sendotzeko ari dira erabiltzen aurreztutako dirua, iaz nahiz aurten, tartean Piztu Kultura programarako. Birdimentsionatu arren, kulturunearen eraberritzeak aldundiko Kultura Sailaren proiekturik “garrantzitsuenetakoa” izaten jarraitzen duela nabarmendu du Millanek. “Gure lehentasuna, orain, kultur eragileei laguntzea eta haiekin egotea da, baina horrek ez du esan nahi ezer egin behar ez denik Koldo Mitxelenan, eraikinak hainbat arazo baititu”.

Gabezia horietako batzuk xehatu ditu foru diputatuak: “Erakustaretoan ia ezin dugu obra originalik jarri, hezetasunagatik. Eta langileen egoera ere kontuan hartzekoa da, 30 gradutik gorako tenperaturak izaten ditugulako udan, bulegoak hozteko arazoak baititugu”. Urteotan, klimatizazioa hobetzeko makinak jarri dituzte teilatuan, baina horrek ur filtrazioak eta itoginak sortzea ekarri du, eta ura dokumentuen gainera ere erori izan da noiz edo noiz. Horrez gain, jarritako makina horien eraginez, teilatuak pisu handia hartu du. Beraz, aldatu egingo dute, eta, obrak aprobetxatuz, eguzki plakak jarri.

Fatxada konpontzeko asmoa ere badute, Millanek kontatu duenez, zati batzuk oso hondatuta daudelako eta “sustoren bat” ere izan dutelako erlaitz zatiren bat erori denean. Berritu egingo duten arren, eraikinak ohiko itxura izango du kanpotik.

KOLDO MITXELENA KULTURUNEA

Irisgarritasunari dagokionez, igogailu guztiak aldatuko dituzte, eta orain filtrazio arazoei aurre egiteko itxita dagoen patio bat erabiliko dute solairu batetik bestera mugitzeko aukera bermatzeko. Igogailua beheko erakusketa aretoraino iritsiko da. Millanek gogoratu du eraikinak ez dituela betetzen EAEko legediak zehazten dituen irisgarritasun baldintzak, lehenagokoa delako —kulturunea 1993an inauguratu zuten—.

Espazio gehiago erabilgarri

Era berean, dagoeneko eginda dauden baina jendearentzat itxita egon diren espazio batzuk irekitzeko baliatuko dute eraberritzea. Ikerlarientzako gela da horietako bat. “Bi solairu ditu, eta zoragarria da. Koldo Mitxelenako gela enblematikoenetako bat behar luke, baina jendeak ez du ezagutzen, ikerlarientzat bakarrik egon delako irekita orain arte”. Eraberritzearen ostean, erabiltzaile guztientzat zabalduko dute gela hori —orain ere hala dago, baina osasun egoeragatik—.

KOLDO MITXELENA KULTURUNEA

Ikerlarien gela, berriz, laugarren solairuan jarriko dute, orain bulegoak dauden tokian, hain zuzen ere. Horretarako, Koldo Mitxelenako langileen bulegoak bakarrik mantenduko dituzte han, eta gainerakoak beste norabait mugituko dituzte. “Ia solairu osoa libratuko dugu; plan berezirik egin gabe, ordea. Ezin dugu jende kopurua aldatu, eragina duelako ebakuazio sistemetan eta abarretan. Horregatik, ikerketarako gelak jarriko ditugu hor”. Bulegoetan egoten den jende kopurua eta ikerlariena antzekoak izan daitezkeela uste dute.

KOLDO MITXELENA KULTURUNEA

Gaur-gaurkoz langileek bakarrik erabil dezaketen eskailera dotore bat ere badago Koldo Mitxelenan. Bulegoen solairuan amaitzen da, baina teilaturaino igo nahi dute; hartara, jendea ganbarako aretora iritsi ahal izango da, pasabide edo korridore batean barrena. Koldo Mitxelenaren goiko aldera igotzeko aukera emango du horrek, eta handik hiriaren ikuspegiaz gozatzekoa.

Erabiltzaileen balorazio ona

Aldundiak egindako kalkuluen arabera, bi urte inguru iraungo dute obrek, eta tarte horretan itxita egongo da eraikina. “Zerbitzu guztiak” mantenduko dituztela azpimarratu du diputatuak. Komikigunean egingo dira liburu maileguak; ikerketarako eta ikasteko gelak Villa Asuncion eraikinera lekualdatuko dituzte; erakusketa aretoa, Santa Teresa konbentura; eta langileak, berriz, Okendo kaleko eraikin batera.

Gipuzkoako kultur azpiegitura ezagunenetakoa da Koldo Mitxelena —zenbait inkestaren arabera, Kursaalaren atzetik ezagunena—, eta erabiltzaileek hari buruzko balorazio ona egin ohi dute. Foru aldundiak jatorrizko proiektua aurkeztu zuenean, zenbait kritika ere izan ziren; besteak beste, ohartarazi zuten Koldo Mitxelenak bere izaera galtzeko arriskua zegoela, eta ondo funtzionatzen duen azpiegitura batek ez zuela behar halako eraberritze eta inbertsiorik.

Kezka horien jakitun da Millan Kultura diputatua ere. Aldundiak proiektua murrizteko hartutako erabakian zenbateko pisua izan duten galdetuta, aitortu du zerikusia izan dutela. “Erabiltzaileen iritziak zirenez, eragina izan dute, baina COVID-19aren pandemiagatik egin dugu proiektu berria. Bestela, seguru asko, erabiltzaileekin elkarrizketa bide bat irekiko genuen, proiektuaren alderdi batzuk zehazteko edo moldatzeko”.

Millanek gogoratu du Koldo Mitxelena inauguratu zutenean Donostian, artean, ez zeudela Tabakalera, Kubo-Kutxa aretoa eta beste zenbait kultur azpiegitura ere. “Bere lekua moldatu behar izan du Koldo Mitxelenak, baina moldaketa horretan ez du galdu bere izaera, eta orain ere izaera hori mantendu nahi dugu”. Haren ustez, gipuzkoarrek euren sentitzen dute kulturunea, ondo ezagutzen dute ematen duen zerbitzua, baina esan du Koldo Mitxelena “lurralde osora zabaltzea” izan daitekeela erronketako bat.

Gainerakoan, aipatu du digitalizazioan sakontzea dela Koldo Mitxelenak etorkizunerako dituen helburuetako bat. Eraikinaren wifi sarea berrituko dute. “Streaming-arekin arazo batzuk ditugu, eta makineria hori guztia berrituko dugu”. Horrez gain, aldundiak dagoeneko martxan du KMK Elkarrizketak izeneko kanal digitala ere. Batik bat, Koldo Mitxelenan izandako gertakariak daude digitalizatuta kanalean: hitzaldiak, funtsak eta abar. Beste pauso bat eman nahi dutela ere iragarri du, analogikoak diren gauzak digitalizatzera mugatu gabe. “Nahiko genuke, esate baterako, erakusketa birtual bat egin ahal izatea, bertso saio edo olerki errezitaldi digitalak egitea, eta abar. Eraikinaren berrikuntzarekin batera egingo dugu proiektu hori”.

Gazteak erakartzeko xedea

Gazteak erakartzea da beste helburuetako bat, datuek erakusten baitute nagusiak direla kulturunearen erabiltzailerik ohikoenak. Aldundiak proiektu digitalarekin lotzen du publiko berria bilatzeko eta zentroa gazte jendeari hurbiltzeko erronka. “Hala ere, kontuan hartu behar dugu liburutegi bat liburutegi bat dela, eta ezin duela bere izaera galdu, publiko berriarengana iritsi behar duen arren”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.