Ezezagun izateari uzten hasteko

Ezezagun izateari uzten hasteko

Unai Zubeldia

“Omenaldi moduko bat” da, urte guztian egiten duten horren “erakusleiho txiki bat”. Hala esan du Eugenio Rubiok, Buenawista Prolleckziom’s elkarteko kide eta Musikagela proiektuaren koordinatzaileak. Zerbitzu bat da Musikagela, Donostia Kulturak hiriko musika jarduera sustatzeko eta dinamizatzeko martxan jarria, eta entseguetarako lokalak, kontzertuak, ikastaroak, aholkularitza eta beste hainbat ekimen biltzen dituena; egitasmoa Buenawista Prolleckziom’s elkarteak kudeatzen du 2004tik, sortu zutenetik. Eta, hain justu, isileko entsegu horien fruitua jendaurrean erakusteko, Musikagela Weekend jaialdia egingo dute bihar, 18:00etan, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean. Hiru talde igoko dira taula gainera: Mihise (Usurbil), Tenpera (Donostia) eta Watxuwey (Donostia).

TENPERA

Musikagela Weekend jaialdiaren lehen hamar ekitaldietan “kanpoko talde bat” kontratatzen saiatu ziren urtero. “Izan ere, jendea erakartzea eta talde txikiago horiek jendaurrean aritzeko aukera izatea da jaialdiaren helburuetako bat”, zehaztu du Rubiok. “Baina gauzak dauden bezala daude aurten, eta gertuagoko talde bat ekartzea erabaki dugu azkenean”. Horregatik egin diote eskaintza Mihiseri. “Hori bai, urtero-urtero, saiatzen gara diskoren bat editatzen eta prestatzen ari diren taldeak ekartzen jaialdira”. Urrutira joan gabe, Mihisek pandemiaren aurretik aurkeztu zuen diskoa, eta Tenperak ere Musikagela Weekend jaialdian aurkeztuko du lehen lana. Hasiera batean, Txarkey Donostiako taldea zen hirugarrena, baina, pandemiaren eraginez, Watxuwey ariko da azkenean.

Gaur-gaurkoz pandemia egoera zein den ikusita, neurri zorrotzak hartuko dituzte antolatzaileek. “Ez dira faltako eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa, musukoa, distantziak errespetatu beharra, kontzertuak eserita ikusi beharra… Ez dago besterik”. Ikusle kopurua ere bostehunetik 110-120 lagunera murriztu behar izan dute —sarreraren bat edo beste gelditzen da salgai, 6 eta 10 eurotan—. Eta gaitz erdi, Rubiok azaldu duenez taldeak hiru hilabetez egon zirelako iaz entseguetarako lokalak erabili ezinik, “martxo erdialdetik ekainaren 16ra. Egoera hau luzatzen ari da, eta ezin gara egon besoak gurutzatuta”.

WATXUWEY

Entseatzeko hamahiru gela

Egia eta Intxaurrondo kultur etxeetan egiten dituzte entseguak Musikagelan izena emanda daukaten taldeek —zortzi gela dauzkate Egian, eta bost Intxaurrondon—. Beharraren arabera, entsegu bakoitzeko edo hileko kuota bat ordaintzen dute taldeek —astean entsegu bat edo bi eginda—, eta baldintza bakarra dago: “Taldeko kideen erdiak, gutxienez, Donostian erroldatuta egotea”. Hamar euro ordaindu behar izaten dira entsegu bakarra egiteko, astero entsegu bat egiteko hilabetean 32 euro, eta astean bi entsegu egiteko hilabetean 50 euro. Entsegu gehien egiten dituzten taldeek, berriz, “lokal berezi batzuk” izaten dituzte eskura. “Eta talde horiek nahi duten guztietan joan daitezke hara, astean gutxienez bi entsegu eginda, hori bai”.

Hutsik daude lokaletako batzuk, “talde bakoitzak bere instrumentuak-eta eraman ahal izateko”, eta erabat ekipatuta beste batzuk. “Baliabide asko ez dauzkaten taldeentzat”. Musikagelako koordinatzailearen hitzetan, azken finean, “udal ekipamenduak baliatzea” da proiektuaren erronka. “Gainerakoan, entseguetarako baino gehiago, gauzak gordetzeko toki bihurtzen direlako lokaletako asko”. Rubiok zehaztu du hilabetean 58-60 taldek baliatzen dituztela entseguetarako lokal horiek; Tenpera eta Watxuwey dira horietako bi. “Bidea egin duten talde asko igaro dira hemendik: Niña Coyotek Intxaurrondon egiten ditu entseguak, Olatz Salvador ere urte askoan aritu da hemen, Pelax ere bai… Ohorea da talde batzuek aurrera nola egiten duten ikustea”.

Buenawista etxea oinarrian

1980-1990eko urteetan hasi eta XXI. mendearen hasierara arte, punk, rock eta hardcore talde askoren entseguetarako txokoa izan zen Donostiako Altza auzoko Buenawistako etxea. “Etxe hori eraitsita, talde asko nora joan ez zekitela gelditu ziren, eta orduan erabaki genuen Egia auzoan hutsik geratzear zeuden lokal batzuk baliatzea”, azaldu du Rubiok. Garai hartan, Musika Eskolaren eraikina zegoen Egian. “Baina tokiz aldatzera zihoazenez [Atotxako Zelaia plazan dago orain], aukera hori aprobetxatu ahal izan genuen”. Musikagela entseguetarako gunea besterik ez zen hasieran. “Baina, denborarekin, entseguetarako, grabaketetarako, kontzertuetarako eta musikarekin zerikusia daukaten ikastaroetarako gune ere bihurtu da”.

Talde askorentzat “ezinbesteko heldulekua” bihurtu da Musikagela, eta Rubiok onartu du hilabeteok ez direla errazak izaten ari. “Taldeek badakite ia erabat geldirik dagoela kontzertuen bidea, eta hilabete hauek abestiak berritzeko eta maketak prestatzeko baliatzen ari dira talde asko”.

Pandemia egoera laster amaituko dela sinetsita, Musikagela proiektuaren sustatzaileak etorkizunerako “ilusioz gainezka” daude, “hain ezagunak ez diren talde horiei aukera bat emateko”. Rubiok “pazientzia” eskatu die musikazaleei. “Eta, bitartean, jarrai dezagun musikaren sektorea babesten, beharrezkoa dugulako eta momentu zailak igarotzen ari delako”. Buenawista Prolleckziom’s elkarteko kideak kontzertuetara joaterik ez daukatenei gogorarazi die taldeei laguntzeko beste aukera batzuk ere badaudela: “Musika taldeen diskoak edo elastikoak erostea, esaterako, talde horiek ere nolabait iraun dezaten”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.