Sastarraingo hormak, egokituta

Sastarraingo hormak, egokituta

Aitziber Arzallus

Zestoako herritar talde batek Sastarraingo harrobiko eskalatzeko gunea txukundu eta egokitu du. Juantxo Zabala eskalatzailea izan da horretan aritu direnetako bat, eta esan du “hilabeteetako lana” izan dela: “Zaharkitutako materiala berritu dugu; harri arteetan zeuden belarrak eta adarrak garbitu ditugu, eta baita haien azpian zeuden bideak egokitu ere”. Egindako lana “edonoren eskura” jartzeko asmoz, eskalada bideen krokis bat ere prestatu dute. Orain, lanak bukatuta, “gozatzeko” garaia dela dio, eta herritarrei harrobira joateko gonbidapena egin die, “hasiberrientzat eta familian joateko leku aproposa delako”.

Zabalak duela 25 bat urte ekin zion eskalatzeari, eta makina bat ordu pasatutakoa da Sastarraingo harrobiko hormetatik zintzilik. “Ni eskalatzen hasi baino lehen prestatu zuten harrobia, 1990eko hamarkadan. Badakit pare bat lagun izan zirela, eta kanpokoak zirela, zestoarrak ez behintzat, baina ez dakit zehazki nortzuk izan ziren”. Bi lagun haiek “enpresaren bat jartzeko asmoz-edo” hasi ziren horretan, “eta presak eta anklajeak jarri zituzten”.

Denborak ez du barkatzen, ordea. “Eta zer gertatu da? Orduz geroztik ez dutela ezer egin, egindako gutxi hori geuk egindakoa dela, eta zahartuz eta hondatuz joan direla orduan jarritakoak”. Ondorioz, azken urteotan jendeak hainbat bide ez zituen eskalatzen. “Pena ematen zidan horrek: herrian horrelako lekua izan eta galtzen ari zela ikusteak”, eta, horri irtenbidea emate aldera, gunea pixkanaka-pixkanaka egokitzen hastea erabaki zuen.

Taldean egindako lana

Bakarrik hasi zen, baina laster batu zitzaizkion beste hiru lagun. Azkenean, lauren artean egin dituzte lanak: “Han nenbilela ikusi zutenean, laguntzeko prest azaldu ziren, eta eskerrak, bazegoen eta zer egina”. Zabalak eta haren lagunek euren kontura egin dituzte Sastarraingo gunearen egokitzapenak. “Uste dut Gipuzkoako Eskalada Federazioan eskaera eginez gero, egiten dituztela horrelako lanak, baina ez dakidana da zenbat denbora pasatzen den eskaera egiten duzunetik lanak egiten dituzten arte. Guk federazioari ez diogu ezer eskatu”. Horrek esan nahi du eurek lortu behar izan dituztela baliabide guztiak. “Neure patrikatik jarri dut zati bat, eta gainontzekoa Azpeitiko Sokaitz eskalada taldetik etorri da”, zehaztu du.

Sokaitzen laguntza “ezinbestekoa” izan dela adierazi du zestoarrak: “Azpeitiko eskalada taldea sortu genuenean, kideok hilero diru kopuru bat jartzea erabaki genuen, gero horrelako gauzetara bideratzeko”. Esan du Azpeitiko harrobia horri esker txukundu zutela, eta Zestoakoa ere halaxe egin dutela. “Azpeitikoa ere batzuen borondate onari eta ahaleginari esker txukundu zuten, eta sekula baino jende gehiago dabil orain”. Zestoakoan ere gauza bera gertatzea nahi luke. “Lanak bukatu eta gero, bat baino gehiago etorri zait esanez udalari edo mendi taldeari laguntza eskatu behar geniola, baina badakigu horrelakoetan zer gertatzen den: bizkarra ematen dizute, edo gauzak asko luzatzen dira”.

Joan-etorri handia

Zabala eta haren kideak “oso pozik” daude egin duten lanarekin, eta baita herritarren aldetik jasotzen ari diren erantzunarekin ere. “Harrobia egokitzen ari ginen berria zabaltzen hasi zenean; jendea etortzen hasi zen Azpeititik eta inguruko beste zenbait herritatik”. Dena txukundu dutenetik, are gehiago. “Urteetan ia inork eskalatu ez dituen bideetan dabil jendea, eta egundoko poza ematen dit horrek, egin dugun guztiak zerbaiterako balio izan duela sentitzen dudalako”.

Zabalaren hitzetan, Zestoako harrobia ez da eskaladarako izugarrizko lekua: “Agian, ez da punta-puntako eskalatzaileentzako gunea, baina hasiberrientzako oso leku ona da, eta familian eta umeekin eskalatzera joateko, primerakoa”. Eskalatzen lehen urratsak egin nahi dituzten horiei beti aholkatu izan die Sastarrainera joateko, “teknika ikastera, eta ez gradua neurtzera”.

Harrobiak eskalatzeko eskaintzen dituen aukerak herritar ororen eskura jartzeko helburuarekin prestatu dute eskalada bide guztiak jasotzen dituen krokisa: “Kanpotik datozenentzat baliagarria izan daiteke bideei buruzko informazio hori”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.