“Zientzialaria zuria, heteroa, geniala, gizonezkoa… dela uste dugu oraindik”

“Zientzialaria zuria, heteroa, geniala, gizonezkoa… dela uste dugu oraindik”

Unai Zubeldia

Zientziaz hizketan hasi, eta “kultura” aipatu du berehala. Kimika organikoan doktorea da Idoia Mugika (Donostia, 1979), eta, Eureka zientzia museoan aritu ondoren, lau urte daramatza Donostiako Materialen Fisika Zentroan komunikazio eta dibulgazio arduradun gisa lanean. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen eta CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiaren arteko zentro mistoa da Materialen Fisika Zentroa. Mugikak erabateko garrantzia eman dio zientzialarien eta herritarren arteko zubi lanari, eta emakumezkoek zientziaren munduan egiten duten ezkutuko lana goratu du.

Idoia Mugika. Mendiola ere bai. Donostiarra. Kimikaria. Bi umeren ama. Zientziaren dibulgazioan ari dena… Zer gehiago zara?

Feminista naiz, eta komunikatzailea ere bai, dibulgazioa eta komunikazioa bi gauza desberdin direlako. Garrantzitsua da besteek egiten duten lana gizartean txertatzea, ikerlarien eta gizartearen arteko zubiak lantzea. Norberak bere bakardadean lan egin gabe, sare bat sortu behar dugu, eta, nolabait esatearren, sare hori mugitzea da nire lana. Horregatik diot nire lana gertuago dagoela kulturatik zientziatik baino. Azken urteotan ikerketa zentroetan ezinbesteko bihurtzen ari dira nirearen gisako lanpostuak.

Umea zinela, zer izan nahi zenuen handitan?

Lotsagarri samarra da, baina trafikoko polizia izan nahi nuen, txilibituarekin dena antolatzeko. Gerora konturatu nintzen hobe izango zela epailea izatea. Eta arkeologoa izan nahi nuen garaia ere eduki nuen. Zientzia hitza ez zen aipatzen orduan. Lanketa handia egin dugu, ordea, alor horretan, eta gaur egungo umeak jabetzen dira zientzialari izatea zerbait izatea dela. Azken batean, ume guztiak dira zientzialariak, ikertzaileak eta galdera egileak, nahiz eta gero batzuei joan egiten zaien interes hori. Askok uste dute zientziak erantzunak ematen dituela, baina justu kontrakoa da: galderak egiten ditugu guk. Oso arraroa da zientzialari batek erantzun zehatz bat ematea, oso aldakorra delako mundu hau.

Ni matematikekin maitemindu nintzen umetan. Erronkak gustatu izan zaizkit betidanik, eta niretzat jolasa zen hura. Eta bitxia da, baina antzeko zerbait sentitzen nuen latinarekin ere; pila bat gustatzen zitzaidan, erronka bat baitzen hura ere, logikaren jolasa.

Zientziak edo letrak: bikotasun hori apurtzen saiatzen zara zu beti…

Bai… Oso arriskutsua da banaketa hori. Betidanik esan izan da oso argia bazinen zientzietara jo beharra zeneukala, eta gai ez zenak edo erdipurdikoak letretara jo beharra zeukala. Baina, banaketa horretan, non gelditzen da kulturaren edo letren mundua? Nire helburuen artean dago muga horiek nahastea. Ni, adibidez, oso gustura nabil erdibide horretan. Kultura zientifikoa aldarrikatu nahi dugu guk, badirudielako zientzia ez dela kulturaren parte, eta bada.

Supereroaletasuna, efektu fotovoltaikoak, nanofotonika, argiaren eremu elektromagnetikoa… Nola egin daitezke ulergarri askorentzat ulergaitzak diren zientziaren esparru horiek?

Ikerlariengana joatea da onena. Ahalegin handia egiten ari gara ikerlari horiek egiten ari direna azaltzen, eta ikerlariak eurak ere jabetzen ari dira ezinbestekoa dela ahalegin hori egitea. Den-dena ezingo dugu ulertu, baina historia gaiekin ere antzeko zerbait gerta daiteke. Oso aldizkari jakinetan publikatzen dituzte gure artikuluak, eta zientzialariei eurei zuzenduta dago horko hizkuntza. Baina ikerlariekin eurekin lanketa berezi bat egiten dugu gai batzuekin, herritarrei gai horiek beste hitz batzuekin azaltzeko. Oso garrantzitsua da hartu-eman hori.

Nolabait esatearren, garai bateko euskara-ingelesa, ingelesa-euskara hiztegi berriak zarete zuek, ezta? Zientzia-gizartea, gizartea-zientzia.

[Barrez] Bai… Ni Eureka zientzia museoan lanean aritu nintzen urteetan, hezitzaileak, askotan, ez ziren izaten zientzia arlokoak; trebetasun handia zeukaten taldeak girotzen, baina askotan galdetzen ziguten gauza bat edo bestea nola esplikatuko zuten. Lasai egoteko esaten genien guk, zientziaz hitz egiteko ez delako zientzialaria izan behar; adibide gisa, musikarekin gozatzeko ere ez dago musikaria izan beharrik. Eureka zientzia museora joaten zirenak zientzia arloko kontzepturen batekin maitemintzea izaten zen nire erronka, norberak parean zeukana ulertzeko hitzak aurkitzen laguntzea. Garrantzitsuena ez da lege edo kontzeptu bat buruz ikastea, ideia orokorra ulertzea eta barneratzen hastea baizik.

Gaur-gaurkoz, zenbat ikerketa lan garatzen ari zarete Donostiako Materialen Fisika Zentroan?

187 ikertzaile ari dira lanean oraintxe bertan, hemezortzi ikerketa taldetan; punta-puntako ikertzaileak izaten ditugu gurean, eta 217 artikulu publikatu ditugu jada oso inpaktu handiko aldizkarietan. Punta-puntako zientzia egiten ari gara Donostian bertan.

187 ikertzaile horietatik zenbat dira emakumezkoak?

Europa guztian antzekoak dira datuak fisikaren gisako arloetan: %70 dira gizonezkoak, eta %30 emakumezkoak. Erabateko porrota da hori. Zientzia arloan, gainera, orokorrean, unibertsitateko ikasketetan aurrera egin ahala emakumezkoak desagertzen joaten dira, eta kristalezko sabaia apurtu egin behar dugu behingoz. Guk lau urte daramatzagu jada berdintasun plan bat garatzen; aniztasun plan bat ere sartu dugu hor, harrotasunaren gaia ere sartu dugulako zaku horretan bertan. Funtsean, berdintasuna eta aniztasuna eredu diren lan esparru eroso bat sortzen saiatzen ari gara. Askotan uste izaten dugu berdintasun planen helburua gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak berdintzea dela, baina dena ez dago gure esku. Gizartearen, sistemaren arazo bat dago atzean; gizarte matxista batean bizi gara, eta era askotan landu behar da berdintasuna.

Guk 44 ekintza dauzkagu gure berdintasun planean, eta horietako bakar batean ere ez da zehazten aurrerantzean emakumezkoak bakarrik kontratatuko dituztenik. Askoz zabalagoa da lanketa. Inguru egokia, lasaia, ez hain lehiakorra, estereotipoak hautsiko dituena… sortzea da erronka. Baina zientzialaria zuria, heteroa, geniala, gizonezkoa… dela uste dugu oraindik, eta ez da hala. Hori da gure lana: gatazkak gatazka, errealitate berria islatzea, eta giro on hori eta eredu berriak sortzea.

Bide horretan sortutakoak dira Emakumeakzientzian.eus webgunea, harrotasunaren lanketa, Amonas Power helduentzako ekimena…

Hala da, bai. Nanogune, DIPC [Donostia International Physics Center] eta gu geu 2018an hasi ginen Emakumeakzientzian.eus webgunea lantzen. Gaur egun, jada 11 ikerketa zentro gaude proiektu horren barruan, eta programa oso bat eskaini dugu jada. Hirurogei boluntario baino gehiago ari dira lanean alor horretan, eta gero eta oihartzun handiagoa lortzen ari gara.

Unibertsitateko ikasketak, ikerketa lana, tesia eta nazioartera joan-etorriak. Oraindik ere bide hori exijitzen du ikerketaren munduak?

Tamalez, bai. Arazo handi bat daukagu sisteman bertan. Doktore pila bat produzitzen ditugu, baina sistema bera, akademia, ez da gai horiei guztiei erantzuteko. Askorentzat ulertezina da hainbeste urtean espezializatu ondoren, halako batean, bat-batean, ia ezerezetik hasi behar izatea. Baina doktoretza ez da ikerlari garrantzitsu bihurtzeko bide bat bakarrik; trebetasunak edo gaitasunak ematen ditu ikerketa lanak, eta ate asko irekitzen ditu. Denak ez dira izango katedradunak eta ikerketa talde baten jabeak.

Gazteen eta ez hain gazteen artean zientzialari baten izena eskatuta, noizbait eman al dizute emakumeren baten izena?

Ez; ez daude. Einstein, Newton, Arkimedes… Horrelakoak esaten dizkigute. Emakumeak historikoki guztiz ezkutuan egon izan dira, eta oraindik ere oso zaila da hezkuntza liburuetan emakumezko ereduak aurkitzea, nahiz eta EHUren Kultura Zientifikoko Katedra lanketa handia egiten ari den alor horretan. Nire burbuilan, bai, noski; horiek ematen dizkidate emakumezkoen izenak, badakitelako nik hori entzun nahi dudala. Hori bai, Marie Curie aipatzen dute denek; ez ditugu ezagutzen egunerokoan lanean ari diren emakumezko zientzialariak, eta asko daude, pila bat.

Materialen Fisika Zentroan badakizue noiz amaituko den COVID-19aren pandemia?

Ez… Ezinezkoa da hori jakitea. Egoera berri baten aurrean gaude, eta ia ezinezkoa da ezer aurreikustea. Txertoarengan jarrita daukagu itxaropen guztia, talde immunitatearekin gauzak aldatu egingo direlako. Baina, neurri batean, pandemia hau ez da inoiz bukatuko: pandemiak aldatu egin gaitu gizarte gisa; horrek iraun egingo du, eta ez dauka zertan txarra izan. Alertan bizi gara, beldur pixka batekin, baina gizarte gisa ohartu gara ados jartzen garenean zer egiteko gai garen. Horregatik, txalo egin nahi diet gizarteari, sendagileei…

Txalo bai, baina aste honetan eremu gorrian sartu da Gipuzkoa. Zer gertatzen ari da?

Gizakiak gara, eta nekatuta gaude. Ez da erraza erabakiak hartzea, baina ez du laguntzen orain gauza bat eta gero beste bat entzuteak, bakoitzak nahi duena egiten duelako azkenerako, benetan ez dakigulako une bakoitzean gauzak ondo egiten ari garen edo ez. Beste herrialde batzuetan txertoarekin iritsi da lasaitasuna, baina hemen, zoritxarrez, oraindik ez gaude lasaitzeko egoera horretan.

Ikerketa lanaren garrantziaren erakusgarri izan da txertoa lortzeko lasterketa?

Zalantzarik gabe. Pena ematen dit jendea ez konturatzeak zein garai historiko bizitzen ari garen. Izugarrizko ahalegina egin dute txertoak lortzeko bidean; iraultza bat egon da, eta ikerketak bermatu du hori. Txinak hasieratik partekatu zituen birusaren kode guztiak, munduko laborategi guztiek eduki zitzaten. Txertoekin hasieratik egon da inbertsio, konpromiso eta ahalegin handia. Naturak hordago ikaragarria bota zigun, eta gai izan gara hilabete gutxian erantzuteko; segurtasunez, gainera. Oso ondo egin dituzte gauzak, eta harro eta lasai egon gaitezke entsegu eta txerto guztiekin.

Independentea da ikerketaren mundua?

Ikerketa lana ez da librea: interesak daude; presioak daude; patenteak daude; burokrazia asko dago… Hori hala da, eta edozein ikerlarik denbora asko behar du bere ikerketa txiki hori garatzeko. Oso polita da ikerketaren mundua, izaera erromantiko hori daukalako, izaera sortzaile hori. Baina oso lehiakorra da, nahiz eta hori ere aldatzen ari den.

Ulertzen dituzu txertoa ukatzen duten herritarrak?

Ulertu, bai. Txikitatik erakutsi zidaten dena errespetatzen, baina pertsona horiekin hitz egiteko gogoa sentitzen dut horrelakoetan. Gauza bat da norberak iritzi bat edukitzea eta bere inguruan zabaltzea, eta beste bat, ezjakintasunean oinarrituta, horrekin mugimendu bat sortzea.

Pandemiak eragindako iluntasun giro honetan, zientziaren mundutik badago motiborik argitasun pixka bat zabaltzeko?

Noski! Gertu dago bukaera. Zientziaren mundutik etorriko da amaiera, baina baita gizartearen ahaleginetik ere. Asko eskatzen ari zaizkigu, baina asko egiteko gai garela erakutsi dugu. Lortuko dugu, ziur. Baina ez dezagun ahaztu: txertoak emango dio bukaera honi, eta ikerketak bermatu du hori. Aukera bikaina daukagu zientziaren irudia garbitzeko eta zientzialarien lana goratzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.