Aiako landare berezien azoka, sarean

Aiako landare berezien azoka, sarean

Aitziber Arzallus

Landare berezien zaleek hutsik egin ezin duten hitzordua izan ohi dute apirileko azken asteburuan, Aian: Iturrarango Landare Berezien Azoka. Pandemiaren erruz, iaz ezin izan zuten azokarik egin; baina, aurten, ohiko moduan ez bada ere, baietz erabaki dute antolatzaileek, egin egingo dutela. Nola? “Modu birtualean, joan-etorrien mugek eta jende pilaketak eragotzi beharrak ez baitigute uzten beste aukerarik”, azaldu du Amaia Agote Aiako Iturraran parketxeko hezitzaileak. Horrela, Iturrarango lorategi botanikoa izan beharrean, Gipuzkoa Naturaren webgunea (Gipuzkoanatura.eus) izango da 18. azokaren kokalekua.

Bihar jarriko dute azoka martxan, 10:00etan, webgune horretako Landare berezien azoka leihotxoan. Hain zuzen ere, leihotxo hori ordu horretan egingo dute publiko. “Azoka fisikoa larunbatean 10:00etan zabaltzen genuen, eta garai horretarako jendea ilaran zain egoten zen, azokara lehenbailehen sartu eta landarerik onenak erosi ahal izateko. Horregatik, hori gogoratuz edo, azoka birtuala ere bihar 10:00etan jarriko dugu martxan; ordu horretan aktibatuko dugu leihotxoa”. Aurrez aurreko azokak bi egun irauten zuen: larunbatean eta igandean egiten zuten, 10:00etatik 18:00etara. Birtuala, ordea, zabalik egongo da urte guztian: “Urte berezia denez eta azoka ere modu berezian egingo dugunez, asteburu batean bakarrik egin beharrean, urte guztira zabaltzea erabaki dugu”. Horrenbestez, landare berezien zaleek txoko berria izango dute bihartik aurrera Gipuzkoa Naturaren webgunean.

50 ekoizle aukeran

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Aiako Udala dira azokaren antolatzaileak, eta Iturraran parketxeko kideak buru-belarri ari dira prestaketa lanetan: besteak beste, Agote bera. Hark aitortu du aurrez aurreko azoka prestatzeak lana izaten badu, birtuala prestatzea “are lan handiagoa” ematen ari zaiela: “Azokan parte hartuko duten ekoizleei buruzko informazioa biltzeak eta txukun antolatzeak eman digu lan gehien”. Izan ere, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako, Espainiako eta Frantziako 50 mintegik edo ekoizlek hartuko dute parte, eta bakoitzari buruzko fitxa bana sortu dute, ahalik eta informazio osatuenarekin. “Ekoizle gehienek online saltzeko joera badutenez, gure webgunetik haienera bideratuko genituzke herritarrak. Online saltzen ez duten zenbaiten kasuan, katalogoa jarriko dugu ikusgai. Eta hori ere ez badute, haiekin harremanetan jartzeko bideak zehaztuko ditugu”.

Beste bi atal ere izango ditu azoka birtualak: Azoka, aurkezpena litzatekeena, eta Azoka irudietan, landareen zaintzari eta lorategi botanikoei buruzko hainbat bideorekin, aurreko aldietako irudiekin eta abarrekin osatua.

Zailtasunak zailtasun, ahalegina egitea mereziko duela iritzi dio Agotek: “Urteetan egindako lanari esker, jende asko egoten da azoka noiz iritsiko zain, ekoizle zein erosle, eta aurtengoa saiakera bat izango da horiekin dugun harremanari eusteko. Espero dezagun datorren urtean guztiekin aurrez aurre egon ahal izatea”.

Azoka “aberatsa”

Euskal Herriko —eta, besteak beste, Gipuzkoako— hainbat ekoizlek parte hartuko dute azoka birtualean: adibidez, Aleka elkarteak. Miguel Arribas Kelo Beizamako bizilagunak sortu zuen elkartea, duela lau urte, Euskal Herriko hazi ekologikoak merkaturatzeko helburuarekin, eta hamar bat ekoizlek osatzen dute —ia denak gipuzkoarrak dira—. Arribasek behin hartu du parte Aiako azokan, 2019an, eta “bikaina eta aberatsa” iruditu zitzaiola dio. Aukera izan balu, aurten ere “dudarik gabe” joango zen. Azoka modu birtualean egitea ideia ona iruditu zaio, bi urteko etenik izan ez dezan, batez ere: “Gainera, ekoizleoi ez digu aparteko lanik emango parte hartzeak, gehienok online lan egiten dugulako jada”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.