Koronabirusa? Ez, eskerrik asko

Koronabirusa? Ez, eskerrik asko

Unai Zubeldia

“Prebentzioa”. Azken urtebetean ikasleek zenbat aldiz entzun ote dute hitz hori! “Ikasleak, ziurrenik, bete-bete eginda egongo dira koronabirusari buruzko informazioarekin, eta gurasoen eta helduen beldurrekin”. Eta, hain zuzen ere, Asier Moreno Gipuzkoako DYAko formakuntza arloko koordinatzaileak horregatik azpimarratu du hurrengo astetik aurrera Gipuzkoako eskoletan Lehen Hezkuntzako ikasleei eskaintzen hasiko diren ikastaroaren helburua ez dela ikasle horiei huts-hutsean koronabirusa zer den erakustea. “Prebentzio lanean jarri nahi dugu guk indarra”. Ostegunean egingo dute lehen tailerra, apirilaren 29an. “Eta eskaera egiten duten eskola guztiei erantzuten saiatuko gara”. Dagoeneko “ia beteta” daude ekainera arteko egun guztiak —astelehenetik ostiralera emango dituzte tailerrak, goizez—, baina irailetik aurrera ere proiektuari eusteko asmoa daukate, urte amaierara arte. Euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dituzte tailer horiek. “Baina gehienek euskaraz ematen dute eskola”, zehaztu du Morenok.

“DYAk betidanik egin izan du hezkuntzaren eta formakuntzaren aldeko apustua; gizartearen behar horiek asetzen saiatzen gara”, esan du Morenok. “Eta, gaur egungo errealitatea aintzat hartuta, koronabirusarekin zer edo zer egitea proposatu genion Kutxa fundazioari”. Nuria Sanchez Gipuzkoako DYAko formakuntza arduraduna aritu da materiala sortzeko lanean, eta Amaia Mugika ibiliko da eskolaz eskola tailerra ematen.

Ikasleen ezagutza oinarri

Ordu eta erdiko tailerrak eskainiko dizkiete eskolei, eta trebakuntza saioa egokitu egingo dute Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitzean. 6 urtetik 12 urtera arteko haur eta gazteentzat da eskaintza. “Saioa dibertigarriagoa izan daiteke 6-7 urtekoentzat”, onartu du Morenok. “Eta lehen sorospenaren inguruko ezagutza txiki batzuk ere sartuko dizkiegu helduagoei”. Hori bai, DYAko formakuntza arloko koordinatzaileak azpimarratu du ziklo guztietan “antzekoa” izango dela erronka: “Koronabirusari buruzko azalpenak ikasleen euren ezagutzatik abiatuta ematea”.

Errealitate gordinekin topo egitea esan nahi du horrek askotan, eta are gehiago koronabirusaren kasuan. Hala onartu du Mugikak: “Aurreko ikastaro batzuetan gertatu izan zait haur batzuek esatea: ‘Nire amona anbulantzian eraman zuten, eta hil egin zen gero’. Haurrek oso natural kontatzen dituzte horrelako gauzak, eta eskoletan bertan ere asko lantzen dituzte heriotzaren gaia eta antzekoak”. Tailerrei ekin aurretik, irakasleek eurek ere laguntzen diote Mugikari ikasle bakoitzaren errealitatea ezagutzen. “Gerta daiteke haurren bat etxean konfinatuta egotea, Internet bidez konektatu behar izatea… Saio bakoitza egokitu egin behar izaten dugu”.

Tailerraren arduradunak azpimarratu du horrelako ikastaroetan klase bakoitza “erabat desberdina” izaten dela, “haur kopurua eta haurren ezaugarriak kontuan hartuta”, eta, horregatik, “oinarrizko kontzeptuak azaltzen” saiatzen da beti. Tailerrerako lagungarri moduan, hainbat panpina prestatu ditu DYAk, eta horien bidez irudikatuko dute neurriak hartzeak edo batere ez hartzeak nola eragin dezakeen COVID-19aren kasuan.

“Sei G-en arauak ere zerrendatu ditugu haurrei oinarrizko kontzeptuak barneratzen laguntzeko”, azaldu du Morenok. “Gogoratu: musukoa, gutxienez metro eta erdiko distantzia mantendu, garbitu eskuak, gutxitu kontaktuak, gehitu aireztapena, eta gelditu etxean ahalik eta gehien”. Bi marrazkiren arteko diferentziak aurkitzea, zikindutako materiala hartu eta eskuak nola gelditzen diren ikustea…; hainbat eta hainbat ariketa dauzkate prestatuta, ikasleek oinarrizko kontzeptuak jolas bidez barnera ditzaten. “Koronabirusari buruz hizketan ari gara orain, baina beste edozein gaixotasunekin baliatzeko ere egokiak dira aholku gehienak”, azpimarratu du Morenok.

Leave a Reply

Your email address will not be published.