Milaka pareta dauzkate grafitien zain

Milaka pareta dauzkate grafitien zain

Imanol Saiz Gomez de Segura

Nextor Otaño pasaitarrak, 17 urterekin, txoko bat lortu du grafitigile onenen artean. Aitor Otaño aitarekin (1973) batera kalean margotzen hasi, eta Espainiako Grafiti Ligako garaile bihurtu da, “konturatu eta bilatu gabe, uste baino azkarrago”.

Ez da ohikoa San Pedroko aita-semeak kalean grafitiak egiten ikustea, baina Nextorrek, esprai bat hartu zuenetik, alboan izan du aita, laguntzen. Nexgraff sinadura darabilte. Gaztetatik “margolari sena” duela aitortu du aitak, eta bide horri jarraipena ematen lagundu diola semeak. Pasioari tiraka elkarrekin hastea erabaki zuten. Azken hiru-lau urteetan euren marrazkiz josi dute Pasaia ingurua, eta, pixkanaka, euren artea Euskal Herriko dozenaka paretatara eraman dute. 17 urte besterik ez duela, aitortza handiko artista bat da Nextor.

AITOR OTAÑO GRAFITIGILEA

Semeak 13 urte zituela ekin zioten bideari, elkarrekin. Nextorren sinadura ikusi zuen aitak furgoneta batean, “eta, arazorik ez izateko”, beste bide bat hartzea erabaki zuten aita-semeek. Mikel Erro margolariaren ikastaro batean hasi ziren biak orduan. “Semeari esker, berriro itzuli naiz pinturaren mundura; banuen gogoa. Ikastaro haietan espraia probatu eta ikusi nuen emaitza apartak lor daitezkeela denbora gutxian. Ikaragarria iruditu zitzaidan”, esan du Aitorrek.

Orduan ikasitakoa han-hemenka islatzen hasi ziren pixkanaka, aitaren esperientzia eta Nextorren “eskumutur magiko hori” baliatuta. Kalea haien museoa izan da ordutik. “Grafitiak daukan gauza onenetako bat zera da: kalean aritzen zarela, zuzeneko ikuskizun bat eskaintzen diezula bertatik pasatzen direnei; gure artea erakusteko erakusleiho paregabea da. Jendea harrituta geratzen da Nextor zuzenean ikustean”.

Pasaiatik mundura

Denetik egitea gustuko duten arren, Nextor erretratuetan da bereziki trebea. Pertsonaia ezagunen erretratu ikusgarriak egiten ditu; paretetan inprimatutako argazki erraldoiak dirudite gehienek. Besteak beste, Berri Txarrak, Mikel Laboa edo Maialen Lujanbioren marrazkiak aski ezagunak egin dira azken urteotan Euskal Herrian; sekulako oihartzuna izan dute.

Baina, Euskal Herritik harago, Nextorrek mundu osora eraman nahi du bere artea; hala nola, New Yorken margotzea du ametsetako bat. Baina, horraino heldu arte, “milaka proiektu” dituela aitortu du. “Pareta huts bat ikusten dudan bakoitzean, bertan margotzeko zerbait etortzen zait burura. Hemen parean pareta bat ikusten dut, adibidez, eta burua bueltaka dabilkit jada; niri deika ibiltzen dira pareta guztiak”, adierazi du, barrez.

Nextorrek argi dauka bere asmoa gustuko dituen obrak egiten jarraitzea dela. “Finean, betetzen nauten marrazki horiek egitea”. Haren helburu nagusia baita zeregin kutun hori egunen batean ogibide bilakatzea. Horretarako, ikasten jarraitzeko asmoa duela kontatu du. Egun, Batxilergo Artistikoa ikasten ari da, eta datorren urtean Arte Ederren Fakultatera joateko prest dago. “Euskal Herrian artea ez dago oso baloratuta, baina, lan asko eginda, uste dut ogibide bilaka daitekeela”. Aitak aitortu du artista askok esan diotela Nextorrek baduela “zerbait berezia”. “Esaten didate sekulako lanak egiten dituela hain gaztea izateko. Irakasleak ere harritu egiten dira. Ni baino askoz ere hobea da; 48 urte beteko ditut, eta ia bizitza erdia margotzen pasatu dut. 17 urterekin horrelakoak egiten baditu, hemendik hamar urtera zer egiteko gai izango da?”, galdetu du haren aitak, harro.

Espainiako Grafiti Liga irabazteko “oztopoz beteriko txapelketa batean” parte hartu behar izan zuen pasaitarrak. Pandemiagatik, Internet bidez jokatu behar izan zuten txapelketa, bakoitzak bere etxetik. Instagram sare sozialean botoa eman edo atsegin dut sakatzeko aukera eman zieten ikusleei; 64 partaidek egindako obren inguruan bozkatzeko aukera izan zuten herritarrek. Partaideen artean, Nextor Otaño zen gazteena; alde handiarekin, gainera.

Hamasei orduko lana

Kanporaketa bakoitzeko grafiti bana egin behar izan zuen Nextorrek, eta, banan-banan, aurkari guztiak gainditu zituen. Finala, berriz, Pasaia-Lezo Lizeoaren egoitza nagusiko beheko pistan jokatu zuen, apirilaren 5ean, mural handi bat egin behar baitzuen. Egunsentiarekin hasi eta ilunabarrean amaitu zuen obra; hamasei orduko lana izan zen. “Ez nuen espero irabazterik. Adin nagusikoak ziren gehienak, nik baino esperientzia handiagoa zutenak. Ikaragarria izan da irabaztea. Oso pozik nago, baina oso gogorra izan zen, oso luzea”, aitortu du gazteak.

Obra garailean, Platonen haitzuloaren alegoria hartu zuen gaitzat. Lana biribiltzeko, filosofoaren esaldi bat gehitu zion: “Gauez bereziki, ederra da argian sinistea”. Izan ere, oztopoak gainditu eta argi hori ikusi nahiz islatzeko gai izan da Nextor, beste behin. Hormak zain dauzka.

Leave a Reply

Your email address will not be published.