Pirinioetatik Alkizara

Pirinioetatik Alkizara

Jon Miranda

Kultur kudeaketarako masterra ikasten ari da Maria Giro Coll (Castellbo, Katalunia, 1995), UOC Kataluniako Unibertsitate Irekian, eta praktikaldia Alkizako Ur Mara museoan egitea erabaki du: “Duela pare bat urte, Sormenaren Kabia egonaldi artistikorako hautagaitza aurkeztu nuen, baina ez ninduten aukeratu. Orduan izan nuen toki honen lehenengo erreferentzia, eta aukera sortu zaidanean etorri naiz”, dio Girok. Maiatzera arte egongo da bertan.

Arte Ederretako lizentziaduna da, eta artista gisa egiten ari den ibilbidearekin ongi uztartzen da Alkizako museoa. “Arte diziplina asko landu ditut, eta proiektu zabalagoetara jo dut azkenaldian; izaera sozialagoa duten esku hartze artistikoak egin izan ditut”. Bere ibilbidean beti errepikatzen den gauza bat badagoela esan du Girok: lurraldearekiko lotura. “Momentu oro, nagoen tokiaren arabera sortzen dut, ingurunearekin harremanetan, lurrari eta landa eremuari lotuta”, dio artista eta ikasle katalanak.

Ibilbide horretan sakontzeko aukera eman dio Ur Marak, artearekin eta kulturarekin batera museoan oso presente baitago ingurumena. Girok bat egin du Alkizako espazioan lantzen dituzten balioekin, eta azpimarra berezia jarri du herritarrekiko zuzeneko harremanean: “Bitartekaritza kontzeptuan sinesten dut; erakusketa bat ez da berdin irakurtzen Donostian edo hemen, Alkizan. Diskurtsoak toki jakinetara egokitu behar direla iruditzen zait, eta iritsi nahi duzun publiko horren ezaugarrietara moldatu”.

Berrogei lagun bizi dira Castellbon, Lleida aldeko Pirinioetako herrian. Girok aitortu du jaioterrian antolatzen dituzten ekintza guztietara joaten dela bera. “Nahiz eta ez izan nire interesekoak”. Horrelako komunitate txikietan dagoen elkarbizitza estuaz gogoeta egin du artistak: “Gutxi gara, baina askotarikoak. Zaila da gauza denetan asmatzea, baina, aldi berean, elkarrekin etengabe harremanetan dagoen komunitate bat izanik, ez al da gauza polita dibertsitate horiei guztiei entzutea eta haientzat erantzunak pentsatzea?”.

Jose Perez Ocaña gogoan

Ur Mara museoa bere lan ildora ondo egokitzen zen espazioa izanik ere, Girok ez zuen asko espero dibertsitatearen uztarketaren adibide bat topatuko zuenik Alkizan bertan. Aspalditik du ezaguna Jose Perez Ocaña (Cantillana, Espainia, 1947-1983), performerra izandakoa, baina ez zekien bizitokia Bartzelonan zuen artista hark 1983an Alkizan egonaldia egin zuenik. Donostian erakusketa bat antolatu zuen urte hartan, Juan Luis Goenaga pintorea ezagutu zuen, eta Alkizako baserrira egun batzuk pasatzera gonbidatu zuen hark.

“Ez zen egonaldi luzea izan, baina arrastoa utzi zuen. Eskolako umeekin harremana izan zuen, baita irakasleekin eta herriko apaizarekin ere”, esanez hasi du azalpena Girok. “Oso pertsona irekia zen, eta asko gustatzen zitzaion jendearekin harremanetan egotea. Niri hori egiten zait interesgarria: Ocaña horrelako performer joria eta LGTBI mugimenduko militante aktiboa izanik, nola txertatzen den Alkizaren moduko herri txiki batean, hain era positiboan. Hunkigarria egiten zait ikustea zeinen harrera abegikorra egin zioten hemen”. Alkizan izan zen urtean hil zen Ocaña, irailean, Cantillana sorterrian, berak sortutako eguzki mozorroari norbaitek su eman eta eragin zizkioten erreduren ondorioz.

JOSE PEREZ OCAÑAREN ARTELANA

Eguzki bat ez, ilargi bat osatu zuen artistak Alkizako eskolako umeekin 1983. urtearen hasieran, etxeko material birziklagarriekin. Duela pare bat urte bota zuten eskola zaharretik berreskuratu, eta orduan eraman zuten Ur Mara museora, zaharberritzera. Joan den larunbatean, Slow Art egunean erakutsi zuten, eta Giro arduratu zen artelan horren atzean dagoen istorioa kontatzeaz. Herritarrei entzundakoekin osatu zuen kontakizuna. “Ocañak orain arte ez du izan toki nabarmenik artearen historiografian. Badakit haren senitartekoek elkarte bat osatu dutela haren obra guztia katalogatzeko, eta Alkizako ilargiaren berri ere eman nahi genieke”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.