Haurrak, filosofatzera

Haurrak, filosofatzera

Urko Etxebeste

Igande arratsaldeek atseden kutsua izaten dute. Asteburuaren gainbehera aste guztirako prestaketa emozional antzeko bat izaten da askorentzat. Oiartzunen, hilabete bakoitzeko igande arratsalde batean, behintzat, gogoetarako erabiltzen dituzte asteko zazpigarren eguneko bazkalondoak. Argudiatu egiten dute, kontra-argudiatu, adibideak eman, pentsatu, ondokoa entzun eta ulertzen saiatu. Bizitzaz hitz egiten dute, solasaldi sakonetan: justizia, errealitatea, egia, ongia eta gaizkia, ezagutza, unibertsoa, heriotza… Horraino, normal antzekoa da dena. Berezitasuna da horretaz gogoeta egiten dutenak Lehen Hezkuntzako 4. mailatik 6.era bitarteko haurrak direla.

Oi(h)artzun Filosofikoa egitasmoaren testuinguruan jarri behar dira haurren arteko elkarrizketa horiek. Lau urte dira Oiartzungo lau irakaslek proiektua atondu zutela. Maddi Nazabal, Izaro Toledo, June Retegi eta Xabi Salaberria dira antolatzaileak. Haurrak filosofatzen jartzen dituzte esparru araututik kanpo. Jakinmin taldeko kideak dira laurak; Euskal Herrian praktika filosofikoa zabaltzea eta berrikuntza pedagogikoa sustatzea helburu duen elkartea da Jakinmin. Haur Filosofia ereduan oinarritzen dira horretarako. Dituzten zereginen artean, irakasleei formazio saioak eskaintzen dizkiete.

Oiartzunen, 38 haur biltzen dira hilabeteko igande batean, filosofatzeko; aurten, inoiz baino gehiago. Hiru taldetan banatzen dituzte, eta bakoitzak esparru jakin batean garatzen ditu gogoeta ariketak: Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan, Abaraxka ludotekan eta Ehuntze sormen gunean. “Filosofatzeko ez dira komeni izaten kide askoko taldeak”, zehaztu du Xabi Salaberriak. Filosofia “beste era batera lantzeko beharra” ikusi zuten lau irakasleek; arlo horretako izen eta pentsalari handiek esandakoak aztertu baino nahiago zuten haurrak gai jakin batzuen inguruan euren kabuz pentsatzen jartzea, eremu lasai, atsegin eta konfiantzazkoan. Ez dute nahi haurrek filosofia ikasterik; haurrak filosofatzen jarri nahi dituzte.

Hasteko, ‘disparadoreak’

Abian diren haur filosofatzaileen hiru taldeek disparadore deitzen diotenarekin hasten dituzte saioak. Bideo bat, ipuin bat, artelan bat edo bestelakoren bat izan daiteke disparadorea: hau da, saioak hasteko eguneko gaia zein den kontatzen diete haurrei modu horretara. “Saioetan biribilean eserita izaten dira haurrak. Gogoetarako bai, baina bestelakoak egiteko ere tartea izaten dute: marrazteko edo eskulanak egiteko, adibidez. Baina betiere planteatu dugun gaiaren gainean aritzen dira”.

Irakasleak gidariak dira; umeak dira protagonista. “Gure rola garrantzitsua da, baina elkarrizketek haurren artekoak behar dute izan. Dudarik gabe, haurrek duten pentsatzeko gaitasuna gutxietsi egiten dugu. Asko harrituta gelditu dira saioetatik zer-nolako hausnarketa eta ideiak atera diren ikusita”, azaldu du Salaberriak.

Salaberriak uste du, idazten irakasten den bezala, haurrei pentsatzen ere irakatsi behar zaiela: “Baina ez diegu esaten zer pentsatu. Pentsatzen irakasten saiatzen gara gu. Iritzia eman, elkar entzun, taldean gogoeta partekatu… Komunitatean lantzen dugu dena. Giro egokia lortzen dugu saioetan. Ez dugu esfortzu handirik egiten haurrak filosofatzen jartzeko”. Irakasle oiartzuarrak adierazi du haurrak ikastolan erantzun zehatzetara ohituta daudela; erantzun bat eta bakarra. “Baina, kasu honetan, ez da horrela. Denak balio du. Beharbada, batek aurrekoa ez du konbentzituko, baina elkar entzuten dute, behintzat. Saioen bukaeran ez da beharrezkoa ados jartzea. Gertuko bizipenetatik abiatuta hitz egiten dute, gainera”.

Salaberriak badaki hasieran errezeloren bat sortu zela gurasoen artean, filosofiaren gaia sakonekoa delako. Eta egitasmoari izena jartzerakoan filosofia hitzak agertu behar ote zuen ere pentsatu zuten: “Bere izenez deitu genion egitasmoari. Ez genuen filosofia hitza ezkutatu. Gaur da eguna inoiz baino haur gehiagok izena eman dutena. Gehienek ez dute hutsik egiten”.

Haurrek bakarrik ez; Salaberriak aitortu du eurek ere asko ikasi dutela jardunean: “Zoratuta gabiltza; horregatik jarraitzen dugu. Saiatzen naiz gelan metodologia hauek aplikatzen, uste dudalako beste esparruetan ere zabaldu behar dela pentsatzeko gaitasuna. Curriculumeko bost konpetentzietako bat da pentsatzen eta izaten ikastea. Asko hitz egiten dugu horretaz, baina zaila da aplikatzea”.

Sortzaileekin elkarlanean

Euskal Herriko beste herriren batean ere egiten dituzte Oiartzungoaren antzeko saioak. Baina berezitasun bat dute Oiartzungoek: herrira hurbildu nahi izan dute, eta, jarduerak dinamizatzeko, tokiko sortzaileak deitu dituzte. Batzuk haurrekin izan dira jada, eta beste batzuen zain daude haur filosofatzaileak. Idoia Beratarbide, Ainara Lasa, Pello Añorga, Jon Martin, Ander Iriarte, Goiatz Labandibar, Onintza Etxebeste, Oier Guillan, Alaia Gaztelumendi, Martxel Mariskal eta Oihana Muxika dira horietako batzuk.

Leave a Reply

Your email address will not be published.