Hitzei pintzel itxura emanda

Hitzei pintzel itxura emanda

Unai Zubeldia

Hitza eta irudia, elkarren ondoan, bat-batean, elkarri hizketan ariko balira bezala. Ariketa hori egingo dute gaur Aretxabaletako Arkupe kultur etxeko Zaraia aretoan, 19:00etan, Hitz-artea ikuskizunarekin. Josune Murgoitiok, Luis Errastik, Udane Oñatek, Tere Irastortzak, Garazi Oihangurenek eta Judit Ruiz de Munainek jarriko diote ahotsa irudiari; eta Jokin Mitxelena ilustratzaile eta idazleak marraztuko ditu hitzak. Ordubete inguruko saioa izango da.

Joan den ostiralean izan zen Liburuaren Nazioarteko Eguna, eta horren harira gorpuztu dute saio berezi hori Aretxabaletan. Mitxelena aurretik ere aritua da horrelako lanetan; idazleekin aritzen da, eskoletan ere bai, liburutegietan… “Pello Añorga eta biak Zarautzen ikusi nituen behin antzeko ariketa bat egiten, eta asko gustatu zitzaidan, harrigarria izan zen”, adierazi du Ruiz de Munainek, Hitz-artea saioaren antolatzaileak. Mitxelenari proposatu, eta hark ere ez zuen zalantzarik izan. “Judit ezaguna dut lehendik ere, aurretik elkarrekin lan egindakoak gara, eta hark deitu zidan zuzenean, zer asmo zeukaten azaltzeko”.

Liburu baten pasarte jakin bat aukeratuko du idazle bakoitzak, izan narrazioa, izan poesia… “Eta Jokini aurrez abisatuko diogu bakoitzak zer pasarte aukeratuko dugun”, esan du Ruiz de Munainek. “Baina berak bat-batean egingo du sormen lana. Hori bai, talentu handia dauka Jokinek, eta ez da egongo arazorik”. Mitxelenak azaldu du ez dakiela bere marka oso ona den edo ez. “Baina azkarra da, eta, hori baliatuz, lana denbora mugatuan eta zuzenean egin behar denean, prest egoten naiz parte hartzeko. Emozio handiko lana da niretzat”.

Irakurraldiei dagokienez, Destino Estambul (Helmuga Istanbul) berak idatzitako azken lana aukeratu du Murgoitiok; Itsasaldia berak idatzitako ipuina Ruiz de Munainek; eta Karmele Igartua zenaren lan bat irakurriko dute Irastortzak eta Oihangurenek —Igartuaren alaba da Oihanguren—.

“Keinuen” garrantzia

“5-10 minutuko irakurraldiak izango dira, eta auskalo zer aterako den hortik, baina antigoalean bezala ariko gara gu, Photoshopik eta ezer gabe, zuzen-zuzenean”, esan du Mitxelenak. “Emaitzan baino gehiago, ikuskizuna keinuan bertan oinarrituko da, eta intentsitate handikoa izango da saioa. Baina gauza bat dago argi: han egon beharko da emaitza ikusteko”. Dena den, saioa bideoan grabatzeko asmoa daukatela jakinarazi du Ruiz de Munainek, bertaratzerik ez dutenek ere ondoren ikusi ahal izateko. Horrez gain, Mitxelenari kamera bat jarriko diote ondoan. “Eta zinemako pantailan proiektatuko dugu berak marrazten duena”.

Ez da sarrerarik ordaindu beharko, baina aurrez izena ematea gomendatu du udalak —99 lagunentzako tokia dauka Zaraia aretoak, baina, pandemiaren eraginez, murriztuta dauka edukiera—. Azken hilabeteotan kultur ekitaldi guztiekin gertatu den bezala, ohiko segurtasun neurriak hartuko dituzte gaur ere Arkupe kultur etxean: maskarak, distantzia, gel hidroalkoholikoa… Gaurko saioa baliatuta, aretxabaletarrei herrian daukaten idazleen elkartera inguratzeko deia egin die Ruiz de Munainek. “Gutxi gara, eta beti eskertzen da jende berriaren ekarpenak jasotzea, ondoren horrelako ekitaldietan parte hartzera animatzeko”.

Plastizitatea lagungarri

Teknikari dagokionez, “helduleku batzuk” bilatzen ditu beti Mitxelenak. “Normalean, jakiten dut ipuina edo narrazioa nola amaituko den, baina ez dut izaten askoz informazio gehiago. Horregatik, irakurraldia hastearekin batera hasten naiz ni ere marrazten, baina denentzat ezjakina izaten da emaitza”. Zailtasun batzuk izaten dira bidean. “Kontakizunak plastizitatea izaten duenean, hainbestean moldatzen gara: gauzak, pertsonak, animaliak, egoera, mugimenduak… agertzen direnean”. Baina ilustratzaileak onartu du euren lana zailagoa izaten dela “oso gauza abstraktuak edo intelektualak” irakurtzen dituztenean. “Oso nekeza izaten da hor bidea egitea”.

Ipuinak entzun bakarrik ez dituzte egingo Arkupe kultur etxera bertaratzen direnek: ikusi ere egingo dituzte. Mitxelena asko poztu da azken urteotan ozen irakurtzeko sortu den ohiturarekin. “Eta ez etxe barruan bakarrik, baita publikoaren aurrean ere. Kanpoan maiz ikusia neukan hori, baina hemen galdu antzean zegoen ohitura hori, eta aberasgarria da”. Idazletik ilustratzailera jauzia eginda, gaur arratsaldean “ozen irakurri eta ozen marraztuko” dutela ziurtatu du Mitxelenak.

Euskarazko eta gaztelaniazko testuak irakurriko dituzte Zaraia aretoan, idazleek eurek aukeratutakoaren arabera. “Eta marrazkiak, berriz, ikusleek momentu bakoitzean buruan daukaten hizkuntzaren araberakoak izango dira; ziur buruan daukaten hizkuntza horrekin ulertuko dituztela irudiak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.