Leire de Miguel: “Arauak argi izateak lasaitasuna ematen du esperimentatzeko”

Leire de Miguel: “Arauak argi izateak lasaitasuna ematen du esperimentatzeko”

Miren Garate

Artea eta filosofia baliabidetzat hartuz, hezkuntza programak sortzen ditu Donostiako Ikertze kultur elkarteak. 30 urte bete ditu aurten, eta, orain arteko ibilbidea gogoratzeko, erakusketa bat jarri dute Tabakalerako Kutxa kultur plazan. Atzo ireki zuten, eta ekainaren 27ra arte egongo da ikusgai. Elkarteko proiektu pedagogikoen arduraduna da Leire de Miguel (Lazkao, 1980), eta, Ikertzek urteotan izan dituen mugarriak azaltzeko eskatuta, hizkuntza artistikoekin egindako esperimentazioa, elkarrizketa filosofikoak txertatu izana eta zinemak hartutako pisua nabarmendu ditu.

Atzo ireki zenuten Ikertzeren 30. urteurrenari buruzko erakusketa. Zer aurkitu ahal izango da bertan?

30 urte hauetako errepasoa, hiru espaziotan banatuta. Hastapenak bildu ditugu hasierako eremuan, Ikertzeren lehen hamar urteak. Hurrengo bietan, berriz, gure hezkuntza programak ageri dira: erdikoan, bizikidetzarekin lotutakoak, eta hirugarrenean, zinemakoak.

Nolakoa izan zen Ikertzeren hasiera?

1991n sortu zen, baina aurretik Arteniño izeneko laborategia zegoen Donostiako San Telmo museoan. [Espainiako] Estatuan museo batek izan zuen lehen arte laborategia izan zen hura, eta haurrei hainbat hizkuntza artistikotan trebatzeko eta esperimentatzeko aukera ematen zien. Laborategi haren lekukoa hartu zuen Ikertzek. Adibidez, orduko kideek Euskal Herriko hemezortzi artista ospetsu bildu zituzten, Txillida, Oteiza, Marta Cardenas eta abar, eta joko batzuk sortu zituzten, haurrak trebatzeko artista horiek erabiltzen zituzten lengoaietan. Haurrek sorkuntzak egiten zituzten, eta, ondoren, artistekin elkartzen ziren, egindakoa erakusteko. Jolastu leihoan izeneko erakusketa ere egin zuten sortutako artelanekin. Garai hartan, oso proiektu garrantzitsua izan zen. Paketatuta zegoen, eta zabaldu egin dugu oraingo erakusketarako.

Elkartearen zer mugarri aipatuko zenituzke?

Hasierako urteetako mugarri moduan, lehen aipatutako Jolastu leihoan erakusketa aipatuko nuke. Gerora, Jorge Oteizaren etikaren eta estetikaren arteko uztarketaren ideiatik abiatuta, erabaki zen elkarrizketa filosofikoek izan behar zutela Ikertzeren beste bereizgarri bat, bizikidetza sustatzeko modu gisa; hau da, filosofiaren bidez iritsi zen etika Ikertzera. Gizartea zer unetan dagoen ere hartzen dugu kontuan hezkuntza proiektuak egiterakoan, eta duela urte batzuk oso garrantzitsua iruditu zitzaigun bizikidetza lantzea. Hizkuntza artistikoen eta elkarrizketa filosofikoen koktelari zinema batu izana izan da beste mugarrietako bat. Gaur egun, berriz, parekidetasuna ari da indarra hartzen.

Hain zuzen ere, hezkuntza programak egiten dituzue Ikertzen, artea eta filosofia baliabidetzat hartuz, eta kritikotasuna eta sormena sustatzea izan ohi dira zuen helburuak. Nola sustatzen dituzue balio horiek?

Horrek laburbiltzen du egiten duguna: elkarrizketa filosofikoen bidez saiatzen gara kritikotasuna lantzen, eta, sorkuntzarako, artea erabiltzen dugu; azken urteetan, zinema, gehienbat. Ikertze sortu zutenek erakutsi ziguten denok dugula sorkuntzarako gaitasuna, baina trebatu egin behar dela. Horretarako, beharrezkoa da jolaserako arauak argi izatea; hau da, haurrei edo helduei argi esanez gero arauak zein diren, ziurtasun moduko bat lortzen dute. Arauak argi izateak lasaitasuna ematen du esperimentatzeko.

Aipatu duzu erakusketako bigarren eremuan ageri direla egin izan dituzuen programetako batzuk. Jar dezakezu adibideren bat?

Bizikidetzarekin, hezkidetzarekin, partaidetzarekin eta kulturarekin lotutako programak daude eremu horretan. Bizikidetzari lotuta, adibidez, Elkarrekin Eraikiz programa daukagu, Lehen Hezkuntzako haurrekin hainbat ariketaren bidez bizikidetza lantzeko. Hezkidetzan, Begirada Kontzienteak programa sortu dugu, emakumeen eta gizonen parekidetasuna lantzeko. Partaidetzan, Donostiako Udalak urte askoan sustatutako egitasmo bat izan daiteke adibidea: gaurkotasuneko gaiak lantzen ziren eskoletan, eta, ondoren, alkatearekin eta zinegotziekin biltzen ziren ikasleak, proposamenak egiteko. Kulturan, Hip-hip Urri programa daukagu, eta, 2013tik, urriko asteburuetan familia aisialdia sustatzeko tailerrak egiten ditugu.

Erakusketan, zinemari eskaini diozue hirugarren txokoa. Arlo horretan zer lan egiten duzue?

Azken urteetan pisu handia hartu dute zinemari lotutako programek. Alde batetik, Zinea Ikasgelan programa daukagu, ikastetxeetan zinema lantzeko. Begiradak izeneko nazioarteko zinemaldia ere antolatzen dugu. Zinema ez-profesionalari erakusleiho bat jartzeko sortu genuen jaialdi hori, eta zazpigarren aldiz egingo dugu aurten. Munduko hainbat txokotatik jasotzen ditugu film laburrak. Cecadi da zinemaren arloan daukagun beste egitasmo garrantzitsu bat: aniztasun funtzionala dutenentzako sortutako zinema eskola bat da.

Nondik nora etorri zen eskola hori sortzeko ideia?

2016an Aquí es posible [Hemen posible da] film laburra grabatu genuen. Langileen erdiak zinemako profesionalak ziren, eta beste erdiak, aniztasun funtzionaleko pertsonak. Konturatu ginen aniztasun funtzionala dutenek, besteok bezala, ikasi ostean oso ondo egin ditzaketela zinemako lanak. Lanbiderekin elkarlanean sortu genuen zentroa. Aniztasun funtzionala dutenentzat ez ezik, ikusi izan dugu askorentzat dela baliabide egokia zinema. Askotariko publikoarekin esperimentatu izan dugu: haurrekin hasi ginen, Bigarren Hezkuntzan ere aritu gara, tutoretzapeko etxeetan, Atzegirekin ere egin ditugu zenbait proiektu…

Leave a Reply

Your email address will not be published.