Maskararik gabeko herria

Maskararik gabeko herria

Unai Zubeldia

Emilia, Manuel, Julia, Lizzy, Cándida… Izenak dira, Usurbilen izana osatzen duten 1.094 herritarretako bost. 2020ko abenduaren 31ko datuak aintzat hartuta, 6.164 biztanle dauzka Usurbilek egun, eta horietatik 1.094 dira Euskal Herritik kanpo jaiotakoak: %17,75. Datuez harago, ordea, migrazioaren inguruko diskurtsoak eta esperientziak biltzeko apustua egin du Usurbilgo Udalak, protagonisten euren hitzak jasota. Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza Usurbilen ikerketa lana dauka oinarrian udalak berak gorpuztu duen Migrazioari maskarak erauzten ikus-entzunezkoak. Usurbilek izandako bi migrazio prozesu nagusiei erreparatu die udalak: 1960 eta 1970eko hamarkadetan Espainiatik iritsitakoari, batetik, eta 2000. urteaz geroztik munduko hainbat tokitatik iritsitakoari, bestetik. Herriari argazkia ateratzeaz gain, aniztasunean eta elkarbizitzan sakontzea da udalaren erronka.

Hamasei lagunen bizipenak bildu dituzte ikus-entzunezkoan, eta horietako hiru dira Maria Arantzazu Ugarte Zubizarreta (Ordizia, 1948), Maria Jesus del Pico Gonzalez (Baltanas, Espainia, 1953) eta Ana Julia Centeno Meza (Condega, Nikaragua, 1973). Ugarte 5 urterekin iritsi zen Usurbilera, Del Pico 13rekin, eta Centeno 45ekin, bi seme-alabarekin.

Elkarri begiratu, eta, isiltasun baten ondoren, Centenok hartu du hitza. “2018an Nikaraguan izan zen matxinada baten eraginez iritsi nintzen ni hona. Nire semea unibertsitatean Odontologia ikasketak egiten ari zen, eta tabako manufaktura batean lan egiten nuen nik. Semearen inguruan mehatxu asko jaso nuen, eta hura ezinezkoa zela pentsatu nuen”. 1978an, “[Anastasio] Somozaren diktadurapean”, Hondurasera ihes egin behar izan zuen Centenok, familiarekin, eta 2018an “historia errepikatzen” ari zela nabaritu zuen.

Egonkortasun ekonomikorik gabe ekin zion bidaiari, baina “zerbait” egingo zuela sinetsita. Gogoan du “oso zailak” izan zirela lehen sei hilabeteak. “Seme-alabek egunero esaten zidaten Nikaraguara itzuli nahi zutela, eta niretzat hori izan zen zailena: euren larruan jartzea”. Erroldan ez zuen izena eman iritsi eta berehala, “baldintza zorrotzak eskatzen dituztelako horretarako”. Semea erroldatu zuen lehenengo. “Hiritar gisa egon zedin. Lanbiden izena ematea eta ikasketei ekitea izan zen hurrengo egitekoa”.

Usurbildarrek “oso harrera ona” egin ziotela gogoratu du. “Inoiz ez dut sentitu arrazakeriarik”. Baina barneko langile bezala aritzen da lanean. “Zaintzaile gisa. Eta horrek asko mugatzen nau ikasteko eta harremanak sortzeko. Hala ere, nire seme-alabek ikasketak egin ditzaten eta nik baino etorkizun hobea izan dezaten nahi dut, eta hori bermatzeko merezi du astez barneko langile bezala aritzea eta asteburuetan seme-alabekin egotea”.

Txokoalde, “babesleku”

Centenori begira, bere istorioa “erabat desberdina” dela esan du Del Picok. “Baina migratzaileak gara gu ere”. Nekazariak izan zituen aitona-amonak. “Zazpi-zortzi ume eduki zituzten, eta oso ondo bizi izan ziren. Eskolara bidali zituzten nire gurasoak, eta haiek baita ni ere, mojetara”. Nekazaria zuen aita. “Eta ondo bizi ginen, baina arazoren bat izan zuen lurren alokairuarekin eta Usurbilera etortzea erabaki zuen, aurretik amaren aldeko osaba bat bertan zegoela baliatuta”.

Ingemar Usurbilgo enpresan lana edukiko zuela hitzeman zioten aitari. “Eta ez zuen zalantzarik izan”. Aita eta osaba Santuenea auzoan bizi izan ziren, eta 1966ko ekainean, amarekin, izebarekin eta lehengusuekin iritsi zen Del Pico Usurbilgo Txokoalde auzora. “Nik ez nuen ikusi nire etxea husten ari zirenik, eta ez daukat sufrimendurik atzean”. Nekazaritza auzo bat da Txokoalde. “Eta, beraz, niretik nirera igaro nintzen, etxeetako ateak zabalik zeuden, nire adin bereko gazteak zeuden auzoan, asko babestu gintuzten, eta nik ez nuen bizi izan diskriminaziorik; denean euren garapen bera izan nuen”.

Santuenea auzoari “ghetto” hitza gehitu dio Ugartek. “Oso kaltegarria da etorkinak gune jakin batean pilatzea, integrazioa zailtzen baitu horrek”. Autokritika ere egin du: “Txurriano deitzen genien Santuenean bizi zirenei”. Auzo horretan, Ugarteren hitzetan, “hirugarren belaunaldikoak” integratu dira herrian, hasieran iritsi ziren haien bilobak. “Ildo horretan, gizarteratze lanean ezinbestekoa da herritarrek eta udalak berak etorkinak bertakoekin nahasten laguntzea, nahiz eta oso zaila den”.

Euskara ikasteko pausoa

Del Picok gaineratu du euskara ez zela traba izan eurentzat. “Adinekoek salbu, inork ez zuelako hitz egiten. Nik euskara ezin izan nuen ikasi kalean, ez zelako hitz egiten, baina Benito Lertxundi, [Xabier] Lete, Lourdes [Iriondo], [Antton] Valverde… Zenbat gustatzen zitzaizkidan! Hemengoa nintzen ni, bat gehiago nintzen”. Gerora ikasi zuen euskara. “Irakasle Eskolako ikasketak amaitu eta 10 urteko haurrekin lanean hasi nintzenean. Hor sentitu nuen euskara ikasi beharra neukala”.

Euskarak “asko” eman diola azpimarratu du. “Euskal kultura bizitzeko aukera, esaterako; eta hori ere bada nire bizitza”. Urte askoan Usurbilgo Udarregi ikastolako irakaslea izan zen gerora. Centeno ere ari da hitz batzuk ikasten. “Asko gustatzen zait euskara, baina gure egoeran ez da erraza ikastea. Hori bai, beste errealitate batean bizi dira nire seme-alabak, eta euskaldunekin egoten dira”.

Ugartek salatu du herritar gehienek ez dakitela zein den migratzaileen benetako egoera. “Informazio falta dago, eta horren ondorio da migratzaileek laguntzak jasotzen dituztela edo lana kentzen digutela esatea. Hori ez da hala; mesedez, ez ditzagun sortu zurrumurru faltsuak”. Centenorentzat “lan kontraturik eduki ezina, horixe da zailtasunik handiena. [Espainiako] Atzerritarren Legearen arabera, hiru urte behar dira kontratu bat lortzeko”. 2022ko otsailean beteko ditu hiru urte Usurbilen.

Herri bereko hiru errealitate dira Del Pico, Centeno eta Ugarte. Bertan jaio ez arren, bertako sentitzen diren hiru herritar. “Usurbilen garapenaren parte izan nahi dut, etxean banengo bezala sentitzen naizelako”, ziurtatu du Centenok. Gipuzkoako 6.000 biztanleko herri batean elkartasunaren hizkuntzak batu ditu hirurak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.