“Sinpletasuna ez zait gustatzen: gauzak nahasteko joera daukat”

“Sinpletasuna ez zait gustatzen: gauzak nahasteko joera daukat”

Amaia Urbieta Arruti

Zarauzko Alde Zaharrean, Salegi kalean, bazen duela urte batzuk denda berezi-berezi bat, gaur egun gero eta gutxiago dauden horietakoa. Jendeak zapatak konpontzera eraman ohi zituen hara, eta barrura sartzean saihetsezina zen hormetara begira geratzea, eskultura txikiz eta figura bitxiz josita baitzeuden. Juanjo Gurreak (Donostia, 1948) zapatak konpontzen atera du aurrera bizimodua, baina, betidanik, eskulturagintza izan da haren pasioa. Erretiroa hartu zuenean, denda itxi egin zuen, eta orain museo txiki bat gordeta dauka Salegi kaleko lokalak, tailer moduan erabiltzen baitu gaur egun Gurreak. Urteetan egindako hamaika lan bertan dauzka apain jarrita.

Noiz hasi zinen eskulturak egiten?

Txikitatik ibili izan naiz harriekin, egurrarekin edo bestelako materialekin jolasean. Esku artean neukan horrekin beti egiten nuen zerbait. Donostiako lantokia itxi zutenean, hona [Zarautzera] etorri nintzen bizitzera, eta langabezian egon nintzen denbora labur batez. Orduan hasi nintzen eskultura pixka bat handiagoak egiten. Zapata denda zabaldu nuen gero, eta asteburuetako eskultorea izan naiz harrezkero. Larunbatetan eta igandetan egiten nuen lan eskulturekin. Aste osoa pasatu ohi nuen lanean, asteburuan zer eta nola egingo nuen pentsatzen.

Oso berezia zen zure zapata denda, eskulturekin apainduta edukitzen baitzenuen.

Bai, beti egoten zen zerbait, erakusleihoan, batez ere. Plaieroei [Zarauzko hondartzako futbol txapelketa] buruzko zerbait, Igeldoko funikularrari buruzkoa, olagarroak, itsasondoa eta arrainak… Beti zeuden horrelako gauzak, eta umeak askotan geratzen ziren kristalari pegatuta begira. Barruan ere beti jartzen nuen zerbait zintzilik.

Orain kanpotik ez da barrualdea ikusten, baina kristala dekoratuta daukazu.

Bai. Erretiroa hartu nuenean, nire ibilbidean lagundu didaten guztien izenekin bete nuen kristala. Idatzi nuen lehen izena dendan zegoen haur batena izan zen. Nola zuen izena galdetu nion, eta “Amets” erantzun zidan. Orduan pentsatu nuen amets bat zela erakusleiho hartan islatu nahi nuena.

Nola aldatu zen zure bizitza erretiroa hartu zenuenean?

65 urte bete baino apur bat lehenago hartu nuen erretiroa. Aldaketarik handiena izan zen hona [tailer bihurtutako zapata dendara] egunero etorri behar ez izatea. Erretiratu ondoren lasai ateratzen nintzen kalera paseotxo bat ematera, eta banekien, nahi banuen, hemen neukala hau. Niretzat pentsatzeko lekua da hau, jolastekoa, gauzak egitekoa. Orain oso lan handiak ez ditut egiten, garai horiek pasatu ziren, baina zertxobait egiten dut, obligaziorik gabe.

Jarraitzen duzu lan berriak egiten, orduan?

Bai. Orain arte oso ondo moldatu naiz, baina egur handia eman izan diot gorputzari, asko jolastu izan dut futbolean, eta hori ordaindu egiten da. Belaunetan higatze handia daukat. Pena da, hondartzan egiten ditudalako marrazki handiak eskuarearekin. Baina, tira, agian hobe da hondartzan suabe ibiltzea mendira joatea baino.

Eskulturez gain, bestelako gauza batzuk ere egiten dituzu, beraz?

Ezkutu bat egin nuen behin, enkarguz, eta hondartzako kontuekin nabil orain. Horrekin jendeak esaten dit ez al didan penarik ematen nik halako lana hartu eta gero lan hori mareak ezabatzeak. Ez dit penarik ematen; nik gozatu egiten dut egiten, unean bertan jende askok ikusten du, eta argazkiak eta bideoak ateratzen dizkiot. Gustatzen zait arte iragankorra; gero mareak ezaba dezala. Hau, adibidez, duela gutxi egin nuen, eta Facebooken jarri nuen ikusgai [Gurrea bera ageri den bideo bat erakutsi dio kazetariari, abiadura bizian eskuarearekin hondarretan marrazki erraldoiak egiten ageri dena].

Eskulturan ere beti egiten ditut gauza desberdinak; beti saiatzen naiz aurretik egin ez dudan zerbait egiten, eta erraz otutzen zaizkit gauza berriak. Koadro hau, adibidez, jostailu baten modukoa da [marko baten barruan dagoen eskultura bat hartuta, piezak atera eta lekuz aldatu ditu]. Horrela jar dezakezu, edo beste modu honetara. Piezak aldagarriak dira, eta zuk asmatzen duzu nahi duzun bezalako eskultura. Hau goian jar dezakezu eta beste hori behean. Sinpletasunarekin ezin dut: gauza errazak ez zaizkit gustatzen. Beti ezin izaten da, baina nire eskultura askok mugimendua eduki dezaten saiatzen naiz.

Zer materialekin egiten duzu lan?

Egurra eta buztina askotan erabiltzen nituen lehen, baina denetik egin izan dut. Burdin herdoildua eta kartoia ere gustatzen zaizkit.

Baduzu material kutunik?

Ez, denek eduki dezakete beren xarma.

Tailer hau oso garrantzitsua izango da zuretzat, ezta?

Bai. Nik ezin dut egin eskultura handirik; ez nik, ez inork. Horretarako, maketa prestatzen dugu lehenengo, eta horiek hemen ditut gordeta. Tira, Jorge Oteiza hona etorri izan zenean esaten zidan hauek ez direla maketak, eskulturak baizik. Nik ez diet arrastoa jarraitu beste eskultoreei, neure kabuz ibili izan naiz beti, hori argi daukat. Baina Oteizak egin izan zituen piezak ikusita, klarionarekin eta abar, ohartu nintzen nireak are handiagoak zirela. Horregatik esaten zidan nireak ez direla maketak, eskulturak direla.

Beti pentsatu izan dut egiten dudan guztia egin daitekeela tamaina handian, baina horretarako lehiaketetara aurkeztu behar izaten da. Lehiaketa batzuek gaia aurretik jarrita izaten dute, eta beste batzuk libreak dira. Aukeratzen duten maketa irabazlea egin egiten dute handian, eta besteak hor geratzen dira. Sari garrantzitsu batzuk irabazteko zortea izan dut.

Zarautzen Itsas-lema jarri zenuen, lehiaketa bat irabazita, eta beste hainbat herritan ere badira zure lanak.

Bai. Zarauzkoa baino lehenago, Zumaian egin zuten beste lehiaketa bat, murruan eskultura bat jartzeko, eta finalista gelditu nintzen han. Orduko ideia apur bat aldatu eta Itsas-lema egin nuen, beste forma batekin. Torrevellan (Herrialde Katalanak) lehenengo saria irabazi nuen, eta hango itsas paseoan dago jarrita Sol vertical (Eguzki bertikala) eskultura. Beste hainbat lehiaketatan ere irabazi ditut aipamenak edo bigarren sariak, baina saririk garrantzitsuena Araian [Araba] dagoen eskulturarena izan zen. Caja Vitalen saria irabazi nuen, Espainia mailan oso garrantzitsua. Araban eskultura ibilbidea osatu zuten hamahiru herritan, oso egitasmo polita zen, eta Araiakoa irabazi nuen nik. Dirua jasotzea polita izaten da, baina obra egin egin behar izaten da gero, eta diruaren zati handi bat bidean geratzen da. Halere, izugarria izan zen; edonork nahiko zukeen sari hura irabazi.

Inoiz hartu al duzu eskulturagintza lan moduan, diru truke egiten den zerbaiten gisa?

Ez. Dirua lortu izan dudanean, hala suertatu zaidalako izan da. Gero, nonbaiten lan bat jarri nahi dudanean dirua ematen badidate, hobeto, noski, hemen inor ez delako leloa. Baina lehen asmoa ez da dirua lortzea, sortzea baizik. Lan handia egin dut, egin ahal nuena baino gehiago, agian. Denda tailer bihurtzen nuen. Behean lokal bat daukat tramankuluz beteta, eta txukunketa edo garbiketa premia galanta dauka lokal horrek.

Zer kontatzen dute zure eskulturek?

Lehenik eta behin, gustatzen zait niri gustatzen zaidan gauzak egitea, baina baita jendeari gustatzen zaizkionak egitea ere; forma atseginak izan daitezela. Forma borobilak egiten ditut askotan, goxora jotzen dut. Egurra, adibidez, beroa da, eta jendea erakarri egiten du, baina burdina ere, ondo landuz gero, oso xarmagarria izan daiteke. Azken urte hauetan, adibidez, asko erabili izan dut burdin herdoildua. Material horrekin egindakoa da, adibidez, Itsas-lema. Eta Araiako eskultura ere bai, herdoilgaitz ukitu batekin. Gainera, izan naiz pare bat aldiz Araiako eskultura ikusten, eta zoragarri zainduta dago. Umeak-eta aritzen omen dira jolasean, gainera.

Orokorrean, kaleko eskulturak gaizki zaintzen direla uste al duzu?

Tira, denetik dago. Itsas-lema-n pintaketa batzuk agertu izan dira, eta bihotzean min apur bat ematen du horrek, baina tira. Pena da jendeak ez errespetatzea, baina gertatzen dira horrelakoak. Itsas-lema ere mugitu egiten zen hasieran, eta argi jokoak egin zitezkeen. Baina jendeak ez du errespetatzen hori; aurrena kolpe bat ematen diote, gero beste zerbait gertatzen da… Noizbait konpondu izan dut, baina ezin dut pasatu egun guztia hura zaintzen.

Lehen esan duzu sinpletasuna ez zaizula gustatzen. Zergatik?

Batzuetan jotzen dut sinpletasunera, baina, normalean, konplikatzen hasten naiz. Mugitzen diren piezak, zintzilik gelditzen direnak, kolokan daudenak… gustatzen zaizkit. Batzuetan sinpleak ere gustatzen zaizkit, izan daiteke soila eta polita, baina normalean izaten dute beren zera hori. Halakoak ateratzen zaizkit. Nire joera da kontuak apur bat nahastea, gustatu egiten zait.

Zer eduki behar du eskultura batek ona izateko?

Denetik entzun dut horri buruz. Polita ez duela izan behar halakogatik, edo bestelako kontuak ere bai. Niri, gustatu egin behar zait eskultura. Erraza da, gustatzen zait ala ez zait gustatzen, ez diot buelta askorik ematen. Zuk eskultura bat erosten baduzu etxerako, lan hori salan edo sukaldean ikusten duzunean zerbait adierazi behar dizu, atentzioa eman behar dizu. Ezin da izan, besterik gabe, hor dagoen zerbait, ezer esaten ez duen zerbait.

Zure eskulturen inguruko azalpenak ematen dituzu?

Askotan zaila izaten da, serie batean lanean ari zarenean, eta pieza mordoa daukazunean, horri izena jartzea. Horiek, adibidez [apal bat seinalatu du], serie handi batean dauzkat gordeta. Buscando la curva [Kurbaren bila] jarri nion izena. Hagaxka zuzenak hartu eta tolestu egiten ditut. Gutxi gorabehera kurba eman behar diodala iruditzen zaidanean tolesten dut, eta horrela sortzen dut eskulturen serie osoa. Serie horren barruan, baditut metodo berdinarekin eginda gizaki itxura daukaten eskulturak ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.