Bakardadeari kolorea gehituta

Bakardadeari kolorea gehituta

Unai Zubeldia

Diziplina anitzeko lau artistaren isileko lanaren erakusleihoa izango da Andoaingo Bastero kulturguneko erakusketa aretoa; euren xumean bidea egiten ari diren lau artistarena. Duela hamar urte, “erdi kasualitatez” ezagutu zuten elkar Gonzalo Etxebarriak (Bilbo, 1954), Patxi Laskaraik (Lekunberri, Nafarroa Beherea, 1967), Oaia Peruarenak (Irun, 1972) eta Iker Vallek (Andoain, 1976), eta, elkarrengana bilduta, Espazio kuttunak erakusketa gorpuztea erabaki dute orain. Gaurtik ekainaren 5era egongo da ikusgai, Andoainen. Astelehenetan eta asteazkenetik ostiralera, 18:30etik 20:00etara egongo da zabalik erakusketa aretoa, eta, larunbatetan, 10:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. Astearteetan eta igandeetan itxita egongo da.

Vallek azaldu du lau artistak 2011n hasi zirela elkarrengandik gertu bidea egiten. “Paristik etorritako emakume batek, Pascale de Gilbertek, arte galeria bat sortu zuen Mendikotan [Zuberoa], eta Euskal Herriko zazpi probintzietako artisten lanak jarri nahi izan zituen erakusgai”. Han ezagutu zuten elkar Etxebarriak, Laskaraik, Peruarenak eta Vallek. “Oso polita izan zen dena, egia esan. Oso herri txikia da Mendikota, eta De Gilbertek festa giroan ireki zuen erakusketa hura: bazkaria, musikariak, hitzaldiak, dantzak… Egun osoko ekitaldia izan zen”. Askotan gertatzen den moduan, erakusketa gehiago sortu ziren lehen saiakera hartatik. “Eta, horri esker, urteotan maiz joan izan gara antzeko festa edo ekitaldi gehiagotara. Ekitaldi horietan hasi ginen lauron arteko harremana pixka bat gehiago estutzen”.

ESPAZIO KUTTUNAK ERAKUSKETA

Gilbertek Mendikotako galeria ireki zuenerako, handik metro gutxira Uztaro tailerrean lanean hasita zegoen Etxebarria. “Arte eskola baten modukoa da Uztaro, eta bere semea, Pette Etxebarria, berekin aritzen da orain eskolak ematen”. Duela hamar urte Zuberoa bihurtu zen lau artisten elkargunea eta abiapuntua. “Eta ordutik elkarren ondoan lanean aritu izan gara behin baino gehiagotan: Patxi Oaiarekin, Patxi Gonzalorekin, Patxi nirekin…”.

Baina pertsonalki eta arlo profesionalean elkarri begirune handia dioten lau lagunak erakustoki jakin batean elkartu gabeak ziren oraindik. “Eta, nolabait esatearren, hamar urteotako laguntasunaren fruitua da Espazio kuttunak erakusketa. Jende gehiagorekin aritutakoak gara lanean, baina laurok bakarrik, ez. Egin dugun ibilbidea kontuan hartuta, behar hori bagenuela sentitzen genuen”. Koronabirusaren pandemiaren eraginez, “garairik gorabeheratsuenean” batu dituzte indarrak azkenerako.

Bastero kulturgunetik dei bat jaso zuen Vallek, proposamenen bat ba ote zeukan galdezka. “Eta baietz esan nien”. Bera andoaindarra izaki —Donostian bizi da—, “aukera polita” iruditu zitzaion buruan zeukan proiektua gauzatzeko. Vallek 2016an jarri zuen erakusketa bat, azkenekoz, Basteron, Itsasoaren arrastoak izenekoa. Laskaraik ere aurretik erakutsita dauzka bere lanak Andoainen, Lurrean zangorik pausatu gabe erakusketa jarri baitzuen 2014an. Peruarenak, berriz, estreinakoa izango du Andoaingo Bastero kulturgunean.

“Askatasunez” lanean

Gaur zabalduko duten erakusketarako ez dute egin gai jakin bati buruzko lanketa berezirik; askatasunez aritu dira lanean, mugarik gabe. “Gonzalok lehengoan aipatu zidan bezala, dagoeneko konfiantza handia daukagu elkarrengan, eta badakigu lauron lanak ondo uztartuko direla erakustoki bakarrean”. Badaude lau artista plastikoak elkartzen dituen hainbat ezaugarri: “Naturaren presentzia —itsasoa, mendia, basoa…—, argi-ilunen arteko elkarrizketak, isiltasunaren xuxurla, mugimenduaren kontzeptua…”. Artelanen neurriei dagokienez ere, “obra bakoitzak behar duenera” moldatzen dute neurria lau artistek. “Obra batek neurri handian funtziona dezake, beste batek ez… Tamaina desberdineko obrak egongo dira ikusgai”, zehaztu du Vallek.

Basteron taldekide izango dituen beste hiru artisten dohainak zerrendatzen hasita, Oaia Peruarena “oso barrutik” aritzen den margolaria dela zehaztu du Vallek. “Hasiera batean figurazioan aritzen bada ere, abstrakziora jotzen du adierazteko modu askeago baten bila. Kolorea eta ikur sendoak erabiltzen ditu”. Patxi Laskarai “argazkilari gisa, itzela” dela azpimarratu du andoaindarrak. “Hari esker lortu nuen argazkiak beste begi batzuekin ikustea. Oso teknika eta prozesu berezkoa dauka Patxik. Asko sentitu behar izaten du sortzen duen lana”.

Gonzalo Etxebarria, azkenik, “espresionismoaren margolaria” da Valleren hitzetan. “Artista osoa da, isilean aritzen dena, oihartzun handiegirik gabe lan egiten duena”. Etxebarriak, Laskaraik eta Peruarenak kolorea “berezko ezaugarri” dutela azpimarratu du Vallek. “Ni, berriz, nahiko kolore itzalien aldekoa izaten naiz, lurraren kolorekoa, baina kolore biziagoetara jo dut pandemia garaian; behar nuen argitasun hori”.

Koronabirusaren eraginez, artistentzat ez dira garairik onenak euren lanak erakusteko. “Nahiz eta, dagoen beharraren erakusgarri, beteta egoten diren kultur eskaintza gehienak; sarrera gehiago eskura jarriz gero ere denak salduko liratekeela uste dut”. Bere zailean, lau sortzaileek arnas pixka bat hartu dute Andoain aste honetan gune gorritik atera dela ikusita. “Hilabetez egongo da ikusgai erakusketa, eta ea aukera daukagun Andoaindik kanpoko ahalik eta jende gehien etortzeko”. Hurrengo egunetako neurrien arabera zehaztuko dute aurreikusita dauzkaten bi bisita gidatuak noiz egin. “Euskaraz egingo dugu bat, eta gaztelaniaz bestea. Baina zain gaude eskaintza hori andoaindarrei bakarrik ez mugatzeko”.

Basterora inguratuko den bisitariak “momentua disfruta dezan” nahiko luke Vallek. “Orainarekin eta norberaren buruarekin konektatzeko saiakera bat da erakusketa hau. Bakardadean sortu ditugu guk lan horiek, baina askotan erabat ikuspegi desberdina izaten du bisitariak”. Oinarrira joanda, jendeari “nolabaiteko sentsazio bat” sortzea da erronka, “norberaren bizipenen araberako esperientzia bat bizi izatea”.

Zentzu horretan, artistak, askotan, “mundu paralelo batean bezala” kokatzen direla uste du Vallek. “Ikuspegi mistiko bat izaten da beti, baina pertsona arruntak gara gu ere, eta errealitateak bizi gaitu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.