David Azurza: “Kantatzerakoan bakarrik botatzen al dira aerosolak?”

David Azurza: “Kantatzerakoan bakarrik botatzen al dira aerosolak?”

Miren Garate

Donostian elkartu ziren joan den igandean Gipuzkoako abesbatzetako ordezkariak, segurtasun neurriak beteta, haien jarduna ere segurtasun osoz egin daitekeela aldarrikatzeko —Bizkaian eta Araban ere izan ziren protestak—. Izan ere, COVID-19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien eraginez, urte erditik gora daramate entseguak egiteko aukerarik gabe. David Azurza (Tolosa, 1968) Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko lehendakariaren esanetan, “desanimatuta” dago jendea, eta badaude ez jarraitzea erabaki duten abesbatzak ere.

Kantuz bai, isilik ez lelopean egin zenuten protesta, igandean. Zer eskatzen duzue?

Helbururik garrantzitsuena da entseguak eta kontzertuak egiten hastea berriz. Urriaren amaieran jarri zuten entseguak egiteko debekua. Kantatzea arrisku handiko jardueratzat hartzen da, baina, gure ustez, debekuak ez du zentzurik. Hain arriskutsua bada, eztabaida dezagun zer neurri hartu, eta jar ditzagun neurri gehiago. Halako eztabaidarik ez da egon, ordea, eta zuzenean debekatu egin dizkigute entseguak.

Eusko Jaurlaritzara jo duzue konponbide bila. Zer esan dizuete ?

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin hitz egin dugu guk, eta hark Labi batzordeari pasatzen dio pilota. Esaten digu oraintxe halako erabakiak Labi batzordeak hartzen dituela, eta ezin dutela ezer gehiago egin.

Osalanekin batera, protokolo bat prestatu zenuten, eta horrekin aritu zarete entseguak baimenduta egon diren bitartean. Zer biltzen du protokolo horrek?

Maskarak erabiltzea, distantziak gordetzea, aireztapena, gel hidroalkoholikoak… Ezer berezirik ez, baina pentsatzekoa da neurri horiek segurtasunez abesteko aukera bermatzen dutela. Iazko irailetik aurrera, entseguak baimenduta egon diren bitartean, maskarak jantzita kantatu dugu.

Abesbatza gehienok ez duzue entseguak egiteko aukerarik, baina badira salbuespenak ere. Zeini uzten zaie elkartzen?

Abesbatza profesionalik ez dago Euskadin [EAE], guztiak dira afizionatuak, baina, afizionatuak izan arren, batzuek egitura profesionalak dituzte. Horiei uzten zaie, eta hezkuntza arautuko abesbatzei ere bai. Oso gutxi dira baimena dutenak: hirurehunetik hamabi.

Beste musika estilo batzuetako kontzertuak baimenduta daude. Abesbatzenak zergatik ez?

Esan dezakete rock talde batean hiruzpalau kide izaten direla, eta koru batean, gutxienez, hamabost, baina horretarako daude distantziak, eta guk ez daukagu arazorik distantziak errespetatzeko. Gure deabrua da aerosolak botatzen ditugula abesterakoan, eta ez dut esaten ezetz, baina kantatzerakoan bakarrik botatzen al dira aerosolak? Orkestren entseguak baimenduta daude, eta bandako entsegu batzuk ere onartu dituzte. Gurekin konparatuta, antzeko arriskuak dituzte horiek ere. Haizezko instrumentuek ere botatzen dituzte aerosolak, askoz gehiago eta urrunago, eta, gainera, horiek ezin dute maskararik erabili. Hitz egiterakoan ere botatzen ditugu, eta kirola egitean ere arnasketa askoz fuerteagoa izaten da kantatzean baino. Aretoko dantza batzuetan ere, elkarrengandik oso gertu dantza egiten dute bikoteek, eta ari dira entseguak egiten. Halako konparazioak eginez gero, ez dauka inolako fundamenturik esaten ari direnak.

Aipatu duzu urte erditik gora daramazuela entsegurik egin gabe. Kezkatzen zaituzte etenaldi horrek abesbatzen etorkizunean izan dezakeen eraginak?

Luzatzen eta luzatzen ari da egoera, eta horrek arriskuan jartzen du abesbatza askoren dinamika. Batzuek jada erabaki dute ez jarraitzea. Nahiz eta ez egon justifikatuta, sartu diguten beldurra ere handia da. Gainera, gure taldeak afizionatuak izan arren, badaude zuzendari profesionalak ere, hiruzpalau talde zuzentzen dituztenak, eta lanik egin ezinda daude horiek. Erraza da esatea koruak kantatzen ariko balira askoz handiagoa izango litzatekeela intzidentzia tasa, baina hori ezin da jakin. Talde batzuk zoom bidez elkartzen dira, eta horrek, akaso, harremana mantentzeko balioko die sikiera. Beste batzuek, ordea, hilabete asko daramatzate elkartu ere egin gabe, eta oso desanimatuta daude.

Saiatu zarete Internet bidez entseguak egiten?

Oso zaila da; ez da egoten soinuaren koordinaziorik, ezin izaten dute denek batera kantatu… Zuzendari batzuk saiatu dira, baina ez da konponbide bat.

Zuen egoera hobetzeko argi izpiren bat ikusten duzue?

Eguberrietatik ari gara pentsatzen egoera arinduko zela; gero, pentsatzen genuen Aste Santuaren ostean hobeto egongo ginela, baina ez da hala izan. Gauza batzuk ulertzeko oso zailak dira: Nafarroan bertan entseguak egiten ari dira, eta Espainian ere bai.

Ikasturteka funtzionatzen al dute abesbatzek ere?

Bai, eta ekaina, dagoeneko, gainean daukagu. Iaz ere gauza bera gertatu zitzaigun: maiatzaren amaieran jarri ginen martxan, eta batzuek ez hastea erabaki zuten, ekainean bakarrik gauza handirik ezingo zutelako egin. Irailean edo urrian hasi ginen berriro, baina urriaren amaieran utzi egin behar izan genituen entseguak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.