Aulkien mugak apurtzen

Aulkien mugak apurtzen

Beñat Alberdi

Kirolari behar beste garrantzi ez zaiola ematen nabarmendu du Joseba Azkaratek (Oñati, 1986), Arrasateko Antxintxika triatloi taldeko kideak; askotan, markak hautsi beharrak mugak hausteko balio dezakeela ahazten laguntzen duelako, gurpil aulkienak barne. Kirol egokituan jarduten da, bai praktikatzen, bai erakusten. Duatloiak osatutakoa da jada, eta triatloia bukatu nahi du hurrena. Baina hori, helburu jakin bat baino gehiago, kirola egitearen ondorioa izango dela esan du.

Hiru urte beteko dira aurki auto istripu batek bizitza erabat aldatu zionetik. Urte eta erdi behar izan zuen kilo erdiko pisua eskuekin altxatzeko, baina gogotsu gogoratu du horrekin hasi eta duatloietaraino nola iritsi den. Hasieran, erronka gisa hartu zuen gurpil bati eskuekin buelta osoa ematea. Lesio larriak dauzka, eta, horren ondorioz, besteak beste ezin ditu erabili besoetako gihar nagusiak. Hori ez du oztopo izan, dena den, hobetzeko. Azkaratek azaldu du ospitalean bera izaten zela tenisean jarduten zen tetraplegiko bakarra. Eskura lotzen zioten erraketa, eta horrela jokatzen zuen tenisean. “Ahal nuen moduan”.

Bertako langile Josemi Lopezen laguntzarekin lortu zuen gurpilari buelta osoa ematea, eta, are gehiago, esku bizikletan ibiltzea. “Gurpil aulkian egonda eta horrelako lesioak izanda, beti behar izaten da laguntzaren bat edo beti izaten da mugaren bat zerbait egiteko”, gaineratu du Antxintxika triatloi taldeko kideak. “Eta zer esanik ez bizikleta hartu eta zeure kabuz buelta bat emateak daukan eragina”.

Lopezek berehala ikusi zuen zer-nolako lotura zeukan Azkaratek bizikletarekin, eta berearen antzeko egoeran daudenen kasuan zailena eginda zeukala pentsatu zuen: kirolarekin harremanetan jartzea. Urtebeterako, Azkaratek eskuetan zeukan esku bizikleta; lehen urte hartan parte hartu zuen Soraluze eta Bergara arteko lehenengo lasterketan.

Azkaratek betidanik izan du lotura handia bizikletarekin, eta lotura horrek eman dio aukera kirol egokituarekin harremana sortzeko. Horren erakusgarri, maiatzaren bukaeran txirrindularitza egokituko Espainiako Txapelketan parte hartuko du. Bestelako kirolak ere probatu ditu: esaterako, aurreko asteburuan Madrilen izan zen errugbi txapelketa batean parte hartzen. Igerilekura ere joaten da Donostiara, baina, oraingoz, horrek ematen dio lanik handiena, nahiz eta jada ibilia den itsasoan igeri.

Kirolaren garrantzia

Azkaratek argi dauka kirolari esker egin duela hobera: “Kirolagatik izan ez balitz, ez nintzatekeen egongo aulki honetan. Askotan ez du ematen tetraplegikoa naizenik”. Azken batean, “indarra eta egonkortasuna” ematen dizkio eserita egoteko, hobeto arnasten du, eta “eztula” egin dezake kirolari esker.

Lehiaketetan, utzitako bizikleta batekin egin zituen lehenengo urratsak, eta horrela jarri zen harremanetan Antxintxika taldearekin eta Aitor Rementeria bertako kidearekin. Txartelak prestatu zituzten taldean, Azkaraterentzat bizikleta egokitu bat erosi ahal izateko.

Funtsean, kirol egokituko triatloi talde bat martxan jartzea izan da Rementeriaren eta Azkarateren lana. Euskal Herrian ez dago antzeko talderik. Orain artean, hiru partaide bakarrik izan dira, eta beste bi batuko zaizkie laster. “Antxintxikaren babesik gabe, ezingo nituzke egin orain egiten ditudan gauzak”, nabarmendu du oñatiarrak. Bi duatloi bukatu ditu jada, Avilan bata (Espainia) eta Oñatin bestea.

Kirol kontuan dena ez da erraza, ordea, eta kirolak badauzka bere arazoak. Batetik, oso garestia da behar den aulkia. Bere eskuko bizikleta jarri du adibide moduan: “Merkatuan ez dago halakorik, eta hutsetik sortu behar izaten dira. Bizikleta normal batek halako hiru balio du”.

Bestetik, kirol egokituen ikusgaitasuna hartu behar da kontuan. Oñatiko duatloian lehen itzulian eta hirugarrenean jendeak nola begiratzen zion azaldu du: lehenengoan, zur eta lur utzi zituen denak; hirugarrenean, berriz, animo oihuak entzuten ziren. “Bizimodu berriarekin asko ikasten ari naiz oraindik”, aitortu du. “Zer baliabide dauden, zein proba… Asko dago hobetzeko”. Salatu du eskoletan-eta askotan ez dituztela ezagutzen kirol egokituak.

Triatloi laburren bati begira

Azkarateri ez zaio gustatzen bere buruari “derrigorrezko erronkak” jartzea, eta, horregatik, natural aitortu du triatloi batean parte hartu nahiko lukeela, “labur batean bada ere”. Horregatik, egunero entrenatzen jarraituko duela esan du. “Eta aukeraren bat iristean posible bada, parte hartuko dut”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.